Albistea entzun

Aberastasunaren begikoak

Arabako hiru eskualdek dute biztanleko BPGrik handiena, eta Bizkaiko hiruk txikiena.

Lantegi edo azpiegitura handiak dituzten herrietan sortzen da aberastasun handiena
Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2015eko ekainak 11

Aberastasunaren sorkuntza oso modu desberdinean dago banatuta Araban, Bizkai eta Gipuzkoan. Eustaten arabera, per capita barne produktu gordin handiena duen eskualdeak ia-ia hirukoiztu egiten du txikiena duena: Arabako Ibarrek 55.547 euroko BPGa dute biztanleko, eta 20.174 eurokoa Enkarterrik.

Araban biltzen dira per capita BPG handiena duten hiru eskualdeak. Arabako Ibarren atzetik datoz Arabako Errioxa (53.066 euro) eta Gorbeialdeak (41.563). Kontrara, Bizkaiak ditu proportzionalki aberastasun gutxien sortzen duten hirurak: Enkarterri, Plentzia-Mungia (24.469) eta Markina-Ondarroa (24.921).

Gipuzkoan nahiko paretsu daude eskualde gehienak, haien egitura ekonomiko eta demografikoa beste lurraldeetakoa baino homogeneoagoa delako. Donostia aldeak izan ezik, gainontzekoek biztanle kopuru antzekoa dute, eta guztietan industriak pisu nabarmena du. Debagoienak du biztanleko BPGrik handiena (38.138). Industria gutxien duena, Bidaso Beherea, azken seigarrena da (26.371).

Aberastasunaren iturrien kontzentrazioak goitik behera baldintzatzen du per capita BPGaren sailkapena. Hau da, industria edo zerbitzu gune handiak biltzen dituzten udalerriek eta eskualdeek lortzen dituzte datu onenak, batez ere biztanle gutxikoak badira. Horregatik, herri bakoitzaren aberastasun erreala neurtzeko datu egokiagoa da errenta per capitarena. Udalerrien zerrendari begira ulertzen da ongien ezaugarri hori. Eustaten arabera, Zamudiok (Bizkaia) du per capita BPG handiena, 318.148 eurokoa. EAEko batez bestekoa (30.628) halako hamar da hori, eta azalpen erraz bat du: Parke Teknologikoan dauden enpresek (Gamesa, Euskaltel...) BPGari egiten dioten ekarpena Zamudioko 3.200 biztanleei zenbatu die Eustatek.

Zerrendan bigarrena, Olaberria (182.738 euro per capita), herri txikia da (mila biztanlera ez da iristen), baina Euskal Herriko altzairutegi nagusietako bat du (Aristrain), eta hainbat enpresa garrantzitsu (Indar, Hine...).

Hirugarrenak eta laugarrenak, Zierbenak (173.690) eta Loiuk (173.202), Euskal Herriko itsas porturik handiena eta aireporturik erabiliena dituzte.

Arabako Ibarren (Añanako kuadrilla) aberastasuna ere horrela azal daiteke. Eremu handia dute (718 kilometro koadro), biztanle gutxi (8.700), eta pisu handiko hainbat lantegi —Berantevillako Aernnova, Erriberabeitiko Talgo— eta plataforma logistiko handi bat —Arasur—.

Pobreak eta aberatsak

Aberastasun iturri txikiagoak dituzte, berriz, udalerri ustez pobreek. Eustatek atzo zabaldutako sailkapenean nekazaritza eremuko udalerri txiki batzuk agertzen dira azken tokietan, lantegi edo zerbitzu enpresa handirik gabekoak: Ziortza-Bolibar (9.218 euro), Garai (10.524), Ataun (10.590), Altzaga (10.652) eta Fruiz (11.054).

Biztanleen errentari erreparatuz gero, ordea, behean zeuden batzuk gora igarotzen dira: Eustaten 2013ko datuen arabera, Garai da EAEko udalerri aberatsenen artean bigarrena (28.737 euro pertsonako), Laukizen ondoren. Per capita BPG handiena duen udalerria, Zamudio, batez besteko errentaren azpitik dago: 18.931 Zamudiok, eta 19.286 EAEk. Bi eskualde aberatsenak ere batez bestetik behera daude: Arabako Ibarrek 18.103 dute, eta 14.834 Arabako Errioxak. Bestela esanda: eskualdeetan sortutako aberastasunaren zati handi bat beste eremu batzuetara doa.

Hiru hiri nagusiak batez bestetik gora agertzen dira, Donostia buru dutela (34.589 euroko BPG per capita). Donostia eta Bilbo zerbitzuei zuzendutako hiriak dira, arlo horrek aberastasunaren %85tik gora sortzen baitu batean zein bestean. Gasteizen, berriz, industriak BPGaren %25,1 sortzen du, eta zerbitzuek %67,7.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteorde lehena, parlamentuan ©Jesus Diges / Efe

Nafarroan, Madrilek ez du oztopatuko 3.627 enplegu publiko egonkortzea

Joxerra Senar

Espainiako Gobernuak ez dio foru legeari errekurtsorik jarriko Auzitegi Konstituzionalean, eta uztailean Nafarroako Parlamentuak onartutako legea «bere osotasunean» sartuko da indarrean

Txik Txak garrai sareko autobus bat, Baionan, artxiboko irudian. ©Guillaume Fauveau

Ipar Euskal Herriko garraio zerbitzuko langileak greban sartu dira

Garazi Aduriz - Oihana Teyseyre Koskarat

Txik Txak garraio sareko langileek grebari ekin diote goizean. Salatzen dute egunean hamalau orduko lan txandak dituztela langile eskasiaren ondorioz.

LIDLeko langileak, greban. ©ELA Sidikatua

Bertan behera utzi dituzte Lidl eta BM supermerkatuetako grebak

Iñaut Matauko Rada

Langraiz Okako (Araba) Lidlen bloke logistikoan hitzarmen berria adostu dute, eta soldaten %20ko igoera lortu. BMn gaur ziren greba hastekoak, baina asteburuan lortutako «aurrerapenen» ostean, deialdia utzi dute.

Mondragon korporazioaren, Laboral Kutxaren eta Ikerlanen egoitzak, Arrasaten. ©MONDRAGON

Ulma eta Orona, Arrasatetik urrutiratzen

Aitor Biain

Mondragonetik atera, eta korporazioarekin harreman eredu berri bat izateko proposamena egin dute Ulmak eta Oronak. Ereduen talkak eragin du bide propioa abiatu nahi izatea. Abenduaren 16an erabakiko dute bazkideek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...