Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina. GATAZKAREN ONDORIOAK

Basatzan trabatuta

Presoen eta armagabetzearen gaian gauzak ez dira askorik mugitu azken agintaldian; irailaren 25etik aurrera konpondu beharreko arloak dira biak ala biak.
Abuztuan Etxerat-ek Zarautzenegindako mobilizazioa.
Abuztuan Etxerat-ek Zarautzenegindako mobilizazioa. GORKA RUBIO / ARP

Gotzon Hermosilla -

2016ko irailak 13
Eusko Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeak egin zituztenean, 2012ko urriaren 21ean, berrikuntza handiak zeuden Euskal Herriko egoera politikoan. Alde batetik, ETAk urtebete lehenago iragarri zuen bere jarduera armatua behin betiko amaitutzat jotzen zuela —2011ko urriaren 20an izan zen iragarpena—. Beste aldetik, lehenengo aldiz legez kanporatzeen zikloa hasi zenetik, indar politiko guztiek izan zuten aurkezteko aukera, eta, hortaz, ezker abertzaleak ere ordezkaritza izan zuen legebiltzar berrian —EH Bildu koalizioak 21 parlamentari lortu zituen—. Bazirudien legealdi berriak berebiziko garrantzia izango zuela gatazka armatuaren ondorioak gainditzeko ahaleginean.

Ez da hala izan. Eragile batzuek ez dute erreparorik esateko amaitzear dagoena «legealdi galdua» izan dela arlo horretan. Beste batzuk ez dira hain ezkorrak, eta biktimen aitortzaren eta ordainaren esparruan egindako urratsak nabarmentzen dituzte, baina, hala ere, aitortzen dute presoen eta armagabetzearen auzian ez dela «nahi adina» aurreratu.

Basatzan trabatuta egon da gurdia azken lau urteotan, aurrera egin ezinik. Irailaren 25etik aurrera, legealdi berria hasiko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta indar korrelazioa ere desberdina izango da itxura guztien arabera. Baina ikusteko dago indarkeriaren ondorioak gainditzeko bidean pausoak emateko eginkizuna duten indar politikoak gauza izango ote diren aukera berriaz baliatzeko, edo auziak lokatzetan usteltzen jarraituko ote duen.

PPren jarrera

Egoera iraultzeko edo, gutxienez, aurrerapausoak emateko saialdi guztiek gainditu ezineko oztopo batekin egin dute topo orain artekoan: Espainiako Gobernuaren jarrerarekin, hain zuzen. Egoera leuntzeko inolako neurririk ez hartzeaz gain, hainbat urrats egin ditu kontrako norabidean, proposaturiko irtenbideak zapuzteko asmo agerikoarekin behin baino gehiagotan.

Hori ikusita, eragile askoren analisia da ezinbestekoa dela Espainiako gobernuan aldaketa esanguratsuak gertatzea egoera desblokeatuko bada. HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko Brian Currinek ere antzeko zerbait adierazi zuen Euskal Herrira egindako azken bisitaldian. Baina badirudi aldaketa horren esperoan daudenek luze itxaron beharko dutela, ez baitu ematen Espainiako egoera politiko korapilatsuan bestelako gobernu bat osatzeko aukera gaur-gaurkoz oso egingarria denik.

Horrek ez du esan nahi bide guztiak itxita daudenik. HNTk orain arte plazaratutako aholku eta analisietan, behin baino gehiagotan adierazi du Espainiako Gobernuan aldaketak eragitea bezain garrantzitsua dela gai honetan euskal eragileek ados eta batera jardutea, eta bereziki EAJri eta ezker abertzaleari egin die gomendio hori.

Alde horretatik, badute zer hobetu euskal eragileek, desadostasuna izan baita azken lau urteotako ezaugarri nagusia, esparru honi dagokionez behintzat —biktimen arloan, eta arazoak arazo, ugariagoak izan dira adostasun puntuak—. Seguru asko, datorren agintaldiari begira, gakoetako bat izango da euskal eragileak gauza izango ote diren gutxieneko eduki batzuen inguruan ados jartzeko.

«Bake osoa»

EH Bilduk lehen urratsa egin du. Joan den abuztuaren 27an, elkarrizketak hastea proposatu zien Arnaldo Otegik EAJri eta Ahal Dugu-ri; hiru esparru aipatu zituen Otegik, eta, arlo sozialaz eta burujabetzaz gain, «bake osoa» lortzeko ahalegina ere sartu zuen gainerako indar politikoekin eta eragile sozial eta sindikalekin adostu beharreko lehentasuneko gaien artean.

Otegiren lantaldeak landutako Denon herria txostenean, «bake oso» horretara iristeko lau arlo zehazten dira —giza eskubideen urraketak pairatu dituzten biktimak, preso eta iheslariak, ETAren armagabetzea eta desmilitarizazioa— eta ideia eta ildo batzuk ere agertzen dira arlo horietan guztietan. Joan den asteburuan aurkezturiko gobernu programan ere jaso du EH Bilduk gaia, eta proposamen zehatzak egin ditu: biktimen inguruko plan estrategikoa eta Jaurlaritzak espetxe politikako eskumenak hartzea, esaterako.

EAJk, berriz, azken lau urteotan ildo batzuk jorratu ditu Jaurlaritzatik, Hitzeman eta Zuzen Bidean programetan laburbiltzen direnak. Presoak «gizarteratze prozesura» bideratzea da Hitzeman programaren helburua, eta, horretarako, ibilbide jakin batzuk proposatzen ditu. Zuzen Bidean programan, berriz, Jaurlaritzaren ustez bakegintzan lagungarri suertatuko liratekeen espetxe politikako hainbat neurri proposatzen dira; haietako batzuk, edozein momentutan har litezkeenak, eta beste batzuk, legeriaren aldaketaren bat eskatuko luketenak.

Ezker abertzaleak balorazio kritikoa egin du behin baino gehiagotan ildo horien inguruan. Batez ere, aurpegiratzen dio Jaurlaritzari Espainiako Gobernuaren pentzudan uzten duela egoera desblokeatzeko giltza, ezezkoaren aurrean presio biderik proposatu gabe —Jaurlaritzak Zuzen Bidean programan bildutako eskakizunen berri eman zion Espainiako Gobernuari, eta erantzun ere ez zion egin Rajoyren gobernuak—. Baina, kritikak kritika eta aldeak alde, akordiorako esparruak egon litezke, borondate politikoa egonez gero.

EAJk esana du, kanpaina aurretik ere, «nazio mailako gai nagusietan» akordioak bilatzea ezinbestekoa dela, eta ezker abertzaleak izan behar duela akordio horietako zutabeetako bat. EAJren EBBren presidente Andoni Ortuzarrek BERRIAri emandako elkarrizketan, beren-beregi aipatu zuen «bake eta elkarbizitza» ezker abertzalearekin adostea «posible ez ezik, beharrezko» ere jotzen zuen arloen artean.

Hauteskunde programan, baina, gatazkaren ondorioen gainditzea ez da ageri EAJren lehentasunen artean —enplegua, gizarte oreka eta autogobernua lehenetsi ditu datorren agintaldirako—. Bakea, elkarbizitza eta giza eskubideak izeneko atalean, hainbat neurri proposatzen dituzte, gehien-gehienak biktima eta oroimen historikoari buruzkoak. «ETAren armagabetzea bultzatzea» ere ageri da atal horretan, eta, presoei dagokienez, Hitzeman eta Zuzen Bidean programetan agertzen diren edukiak garatzeaz batera, «presondegien eskumena transferitzea» eta «presoak beren familiaren etxetik gertu diren kartzeletara hurbiltzea» ere proposatzen da.

Eragile berria

HNTk beharrezkotzat jotzen zuen EAJren eta ezker abertzalearen arteko elkarlana bake prozesuari bultzada emateko. Baina analisi hori egin zutenetik, eragile politiko berri bat agertu da: Ahal Dugu, hauteskunde hauetan Elkarrekin Podemos izeneko koalizioan aurkeztuko dena.

Horren ekarpena ere garrantzitsua izan daiteke, hauteskunde programan arlo honetaz aurkeztu dituzten proposamenetan badagoelako beste bi eragileekin adostasunak eraikitzeko zorurik: biktima guztiak aintzat hartzea, presoak hurbiltzea, espetxeen eskumena Jaurlaritzaren esku uztea, armagabetzean «ardura nagusia ETArena» dela ahaztu barik hori errazteko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko lankidetza bultzatzea eta abar.

Gainerako alderdiei dagokienez, gehien-gehienek biktimen arlora eta «indarkeriari zilegitasuna ukatzeko» neurrietara mugatzen dituzte gatazkaren ondorioei buruzko proposamenak. PSE-EEk «beste espetxe politika bat» eta «presoen gerturatzea» aipatzen ditu, baina azken neurri hori «gizarteratzeari lotutako sakabanaketarekin» uztartuz.

Datorren agintaldian ezinbestekoa izango da aurrerapausoak emateko prest dauden alderdien artean zubiak eraikitzea, adostasunik egongo bada. Eragile batzuek —Sarek esaterako— esan dute prest daudela zubigintza lan horretan aritzeko. Gurdia basatzatik ateratzekotan, ez da izango sobran dagoen ahaleginik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna