Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina. Hezkuntza

Eztabaidarako atea zabalik dago

Hezkuntzak leku handia izango du hurrengo legealdiko agendan. Hitzarmen bat egiteko beharraz mintzatu dira alderdi gehienak, eta lege bat egiteko proposamena ere mahai gainean dago. Bi gai dira giltzarriak: finantzaketa eta hizkuntz ereduak. Gehiengo ezberdinak sor litezke.
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Garikoitz Goikoetxea -

2016ko irailak 16
Espainiak hartutako neurriek jarri dute hizpidea azken urteetan hezkuntzan, batez ere LOMCE erreformak. Madrilen zer gertatuko den ez dago argi oraindik, baina oso litekeena da lege aldaketen esparrua aldatzea Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren. Hezkuntza izango du gai nagusietako bat parlamentuak. Lege berria egiteaz mintzo dira programetan EAJ, EH Bildu eta PSE-EE; «proiektu berria» nahi du Elkarrekin Podemosek. Legea berriak 1993koa ordezkatuko luke ?sare publikoa soilik hartzen du aintzat hark?. Hain justu, sareen finantzaketa da gatazka gai nagusietako bat. Hizkuntzen gaia da bestea, ereduekin lotua. Gehiengo ezberdinak osa litezke gaiaren arabera.

Aurreko agintaldian zintzilik gelditu zen legea. Heziberri planaren hirugarren zatia zen «legerantz hurbiltzeko urratsak egitea». Cristina Uriarte sailburuak harremanak izan zituen eragileekin, baina ez zuen testurik aurkeztu. EAJk aipatu du gaia: «Helburua da prozesu osoa eta Heziberri planaren garapenean lortutako esperientzia hezkuntza itun baten esku jartzea, lege kontsentsuzkoa eta integratzailea lortzeko». Parlamentuan talde bat sortzea proposatu du EH Bilduk, eta beste eragile batzuk ere sartzea. PSEk 1990eko itunaren gisakoa nahi du, «euskal hezkuntza datozen hamarkadetan era egonkorrean egituratzeko balio dezan».

PPk eta Elkarrekin Podemosek ez dute zuzenean aipatu lege berria egiteko asmorik, baina erroko aldaketak proposatu dituzte, legea aldatzeko eskatzen dutenak.

Joan den ikasturtean hasi ziren mugimenduak. Sare publikoaren eta itunpekoaren finantzaketak eragin du zeresanik handiena orain arte. Publikoa lehenesteko jarrera argia dute PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek. «Eskola publikoak izan behar du zentraltasuna. Baliabide publikoak banatzean, lehentasunezko arreta eduki behar du», diote sozialistek. Ahal Dugu-ren koalizioak ere «ardatz» ikusten du publikoa, eta itunpekoari neurri zorrotzagoak ezartzea nahi du: «Doakotasuna bermatu behar da, eta borondatezko kuota oker esaten zaien horiek kobratzea eragotzi».

Halako bereizketarik ez dute egiten EAJk eta PPk. EAJ: «Hezkuntza sistema global bat da, non bi sareek, publikoak eta itundutako pribatuak, elkar osatzen duten». PP: «Erabateko ituna izateko eskubidea bermatuko dugu, itunak gastuen %100 estali arte».

Aurreko ikasturtean eztabaida ireki zenean, EH Bilduk ez zuen jarrera argirik hartu itunpekoaren finantzaketa handitu behar al den galdetuta. Programan esan du eskola publikoak izan behar duela «erreferentea eta ardatza». PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek erabilitako kontzeptu bera da.

Migratzaileen eskolatzea

Finantzaketarekin lotuta, beste gai bat: migratzaileen seme-alaben eskolatzea. Gasteizen talde bat eratu zuten joan den ikasturtean, ikasle horiek eskola publikoaren gain geratzen ari direla salatzeko ?haien arabera, %85 sare publikoan daude?. PPk ez beste alderdi guztiek adierazi dute neurriak hartu behar direla desoreka hori zuzentzeko: eskolatze irizpide berriak, matrikulazio bulego bakarra, «ikasle hautaketak» saihesteko kontrolak... Itunak berrikustea ere mahai gainean ipini du Elkarrekin Podemosek.

Hizkuntzen trataera da legealdi berrirako beste gai giltzarria: zer egin hizkuntz ereduekin eta nola txertatu ingelesa. Oraingo bideari jarraitzea da EAJren proposamena: «Hizkuntza proiektu eleaniztunak EAEko zentro guztietara hedatzea, gune bakoitzeko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuz eta euskara lehenetsiz». Izatez, programak aztertuta, bada ildo bat alderdien artean, PP kenduta: eskolaren egoeraren arabera jokatu behar da, eta betiere euskara lehenetsiz. Horri forma nola eman, hor dago desadostasuna. EAJk esana du egungo eredu sistemarekin egin litekeela aurrera.

Hiru eleko eredurantz jo nahi dute PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek. Isabel Zelaa sailburu zeneko eredua berreskuratu nahi dute sozialistek: «Oso emaitza argigarriak eman zituen, nekez gezurtatzekoak». Elkarrekin Podemosek bere egin du planteamendu hori: «Oraingo ereduen markoa gainditu egin behar da, eta hiru eleko eredurantz jo, zentro bakoitzaren hizkuntz proiektutik abiatuz, minimo komun batzuk ezarrita, euskara ardatz izanik». Minimoa %20an jarri zuten sozialistek: gutxienez hori ematea hiru hizkuntzetan, eta eskolek osatzea gero. Zelaak gerora BERRIAn aitortu zuen ez duela halako pisua behar gaztelaniak. Zelaa ez da legebiltzarrean izango aurrerantzean.

Murgiltze eredu gehigarria kontzeptuari heldu dio EH Bilduk. Aurreko legealdian aurkeztu zuen proposamena: euskaraz eta gaztelaniaz B2 maila lortzea derrigorrezko ikastaldia amaitzean. Hori lortzeko, eskola bakoitzak «malgutasuna» luke nola jokatu. Euskara lehenetsi beharko litzateke.

PPk ez du halakorik aipatu. Ingelesa sustatzeaz ari da behin eta berriro, eta euskara bi kontutarako bakarrik sartu du hezkuntzan: Haurreskolak sarean euskaraz bakarrik dagoen eredua aldatu egin behar dela eta euskara ikastetik salbuestea arautu behar dela.

Curriculumak eta Espainiaren erreformek ez dute leku nabarmenik hezkuntza arloko programetan. LOMCE legeari buruzko aipamenak urri dira, adibidez. EH Bilduk eta PSE-EEk aipatu dute. LOMCE «indargabetzea» jarri dute helburu sozialistek; «ez aplikatzea» aipatu du EH Bilduk. Heziberriko dekretuak indargabetzea nahi dute biek. Edukiak EH Bilduk aipatu ditu batez ere: «curriculum propioa» eskatu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna