Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien proposamenak. Ekonomia

Odol berria industrian

Enplegua sortzeko politiketan industriari garrantzi berezia eman diote alderdiek. Enpresak sendotzeko eta Euskal Herrian sustraitzeko funtsak proposatu dituzte EAJk eta EH Bilduk. Enplegu publikoa sortu nahi du Elkarrekin Podemosek.
Zumarragako Arcelorreko langileak odola ematen, herritarren elkartasuna eskertzeko, joan den apirilean.
Zumarragako Arcelorreko langileak odola ematen, herritarren elkartasuna eskertzeko, joan den apirilean. JUAN HERRERO / EFE

Iker Aranburu -

2016ko irailak 17
Krisia atertu arren, arrasto sakonak utzi ditu, enpleguaren galeran eta haren kalitatean batez ere. Industrian jarri dute arreta alderdiek, baina merkataritza, turismoa eta lehen sektorea ahaztu gabe. Hona hemen hauteskunde programetan azaltzen diren zenbait proposamen:

ENPLEGUA

Alderdi gehienek enpleguarekin zabaltzen dituzte beren programen atal ekonomikoak. EAJrentzat, «jarduera politikoaren ardatza da» enplegua sortzea; EH Bildurentzat, «oinarrizko elemen- tua»; PSErentzat, «lehentasuna»... Harritzekoa ere ez da enplegua lehen lerroan jartzea, inkesta guztietan herritarren kezka nagusi gisa agertzen baita. Badago kezkatzeko arrazoirik. Eustaten arabera, aurtengo bigarren hiruhilekoan 146.100 lagun zeuden lanik gabe Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, biztanleria aktiboaren %13,7. Tasa hori igo egin da Urkulluren agintaldian,—%12,3an zegoen 2012ko azken hiruhilekoan—, baina jaisten ari da 2015 hasieran %16,7rekin goia jo zuenetik.

Tasa hori %10era jaisteko konpromisoa hartu du EAJk, eta horretako 2017-2020rako mila milioi euroko enplegu plan bat agindu du. Horren bidez finantzatu nahi dute eraikinak edo «hondatutako eremuak» zaharberritzea, eskualdeetako «potentzial endogenoa» garatzeko asmoak, gazteek enpresetan praktikak egiteko programak, gizarte egoera ahulean daudenak kontratatzeko pizgarriak...

Enplegua sortzea ez ezik, enplegu hori kalitatezkoa izatea nahi dute alderdi guztiek. «Ofentsiba neoliberalaren ondorioz» langileek aberastasunaren gero eta zati txikiagoa denez, EH Bilduk proposatu du 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea —orain 650 eurokoa da—. Lan merkatuari buruzko eskumenak berreskuratu bitartean, koalizioak nahi du negoziazio kolektiboan gutxieneko soldata hori finkatzea, eta berdin egitea sektore publikoan edo harentzat lan egiten duten enpresetan ere. 40.000 langile publiko gehiago nahi ditu koalizioak, iparraldeko europako tasetara hurbiltzeko. Hezkuntzan, osasunan, gizarte zerbitzuetan, eta zientzia teknologian arituko lirateke.

Zerbitzu publikoak enplegua sortzeko baliatzea proposatu du Elkarrekin Podemosek, hala nola haurtzaindegietan, adinekoen zaintzan edo garraio publikoetan. Lana banatzeari eman dio lehentasuna, eta ildo horretatik proposatu du administrazioak kontratatzen dituen langileek 32 orduko lan astea izatea.

INDUSTRIA

Kalitatezko enplegua batez ere industriari lotuta dago Hego Euskal Herrian, eta, horregatik, alderdi guztiek garrantzia ematen diote ekonomiaren motore sektore horri. Amaitu den legealdian berri on batzuk eman ditu sektore horrek —CAFen kontratu mardulak, Mercedesen inbertsioak, Sidenor etxeko enpresaburuek erostea, ontziolen berpiztea...—baina matxurak ez zaizkio falta izan. Porrot egin zuen kooperatibismoaren ikurrak (Fagor), altzairugintzaren gainbehera egiaztatu da —Arcelor Zumarraga eta Corrugados itxi dituzte, ACB erdizka—; kaleratze masiboak izan dituzte enpresa askok, eta beste batzuetan erabakiguneak urrundu dira (Gamesa, Guascor...). Datuek industriaren pisu galera erakusten dute: 2016ko bigarren hiruhilekoan langileen %20,5 ari ziren industrian (Eustat); Urkulluk kargua estreinatu berritan, %22,2 ziren. Industriak BPGan duen pisua %22tik %21era jaitsi da.

Portzentaia hori %25era igoko duela hitzeman du EAJk. Orain arteko tresnekin jarraitu nahi du —proiektu estrategikoen finantzaketa laguntzea, klusterrak sendotzea, Renove planak, Bideratu eta Indartu programen bidez larri dabiltzan enpresak lagundu...—, eta tresna berri bat sortu ere: 250 milioi euroko inbertsio funts bat enpresa estrategikoetan parte hartzeko eta lurraldean sustraitzeko. Aldundiekin batera sortu nahi du EAJk funts hori, baina aurrezki eta inbertsio pribatuekin ere. Industriaren etorkizuna manufaktura aurreratua delakoan, Basque Industry 4.0. programan 500 milioi inbertituko ditu, eta I+G programetan lehentasuna eman. Gainera, Bizkaiko Ezkerraldean parke teknologiko bat eraikitzen hasi nahi du.

Bere helburuetan pixka bat apalago dabil PSE, industrian BPGan duen pisua hiru puntu berreskuratzearekin konformatzen delako. Industriaren legea aldatu nahi du, langileei enpresetan parte hartzea errazteko.

Elkarrekin Podemosek uste du premiazkoa dela industria politikaren norabidea aldatzea. Proposatu du nazioartekotzeko laguntzarik ez ematea tokiko fabrikekin sinergiak sortzen ez dituen proiektuei, edo legeak egitea lantegiak itxi edo lan karga «Euskaditik kanpo arrazoirik gabe eramaten duten enpresei» emandako diru laguntzak berreskuratzeko.

Industriaren gainbeherari aurre egiteko «lidergo publikoa biderkatzea» da EH Bilduren formula. Funts bat sortu nahi du hark ere: 800 milioi euro; BGAE pentsio osagarrietan bilduta dagoen aurrezkiarekin elikatu nahi du. Ideia hori plazaratu du legealdi honetan Confebaskek berak, baina ez du aurrera egin.

IKERKETA ETA GARAPENA

Politikari guztiek nabarmentzen dute zein garrantzitsua den I+G Ikerketa eta garapenean inbertitzearen garrantziaz, baina datuek diote azken urteotan ahalegin hori jaitsi egin dela: 2012an BPGren %2,06 zen, eta %1,93 izan zen Eustatek neurtu duen azken urtean. Kopuru osoetan, 83 milioi gutxiago inbertitu dira.

Beren programetan I+Grako dirua handituko dutela diote alderdi guztiek. Lau urte barru BPGren %3ra iristeko helburua finkatu dute EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk; azken horrek agindu du administrazioaren ekarpena bikoiztuko duela (420 milioi, 2014an). EAJk espezializazio adimentsuaren aldeko apustu «irmoa» egin du, RIS3 izenekoa, eta multinazionalen I+G adarrak erakarriko dituela dio. Elkarrekin Podemosek «jasangarritasuna eta gizarte kohesioa» irizpideak betetzen dituzten proiektuei lagundu nahi die.

MERKATARITZA

Saltoki handiak are gehiago hedatu diren legealdi batean, tokiko merkataritza txikia babestu nahi dutela diote alderdiek, eta denen ahotan daude hurbileko merkataritza bultzatzeko kanpainak. EAJ, EH Bildu eta PSE bat datoz denden ordutegiak erabat liberalizatzeko Madrilen saioei aurre egingo dietela, eta sektorea Eusko Legebiltzarretik arautuko dutela.

Saltoki handiei muga jartzea da EH Bilduren lehentasuna, eta proiektu berriak oztopatzeko lurralde arloko planak aldatuko dituela dio. Horien aurrean, «merkatari txikiak eta hurbilak, bidezko merkataritza-merkatu soziala, bertoko produktuak, gune turistiko-historikoak zaindu eta babesteko beharrezko neurriak hartuko ditugu».

TURISMOA

Amaitzen ari den udak inoiz ikusi gabeko turista kopurua ekarri ditu Euskal Herrira, eta sendotu egin ditu sektore horrek EAEko BPGan duen pisua —%5,9— eta enplegua —100.000—. Turismo legea onartzea izan zen Eusko Legebiltzarrak pertsiana itxi aurretik onartu zuen azkena, EAJren eta EH Bilduren arteko elkarlanaren fruitua izan zen, baina batek zein besteak ez dute ikuspegi berdina:

turismoa mesfidantza puntu batekin hartzen du subiranistek —«orekatua eta jasangarria» izatea bilatzen dute— eta beso zabalik jeltzaleek. «Turismoa herrialde baten markaren sustatzaile handi bat da», dio EAJren programak. «Bisitan datozen pertsonek gure ingurua ezagutzeak aukerak ematen dizkigu beste eremu batzuetan: kulturala, enpresariala, teknologikoa eta erakundeen eremuan».

Eskaintza turistikoa zabaldu nahi du PSEk, eta, kasu honetan, iruditzen zaio euskara amu erakargarria dela turistak ekartzeko. Gipuzkoako erakunde askoren kexuei jarraituz, erakunde publikoek antolatutako kongresuak lurraldeen artean «banaketa orekatua» izatea proposatu du.

Hondartzetako turismoarekin hautsi nahian, hiriburuek «erosketen turismoa» batera landu beharko luketela uste du PPk. EAJk ere bat egiten du erosketa turismoa sustatu behar horretan.

LEHEN SEKTOREA

Industriak ekonomian galdutako pisua ez du lehen sektoreak berreskuratu, eta biztanleen %1,1 enplegatzen jarraitzen du lau urte geroago. Balio ekonomiko bat ez ezik, gizarte balio handia aitortu diote alderdi guztiek sektoreari, eta biziberritzeko hainbat egitasmo aurkeztu dituzte. EAJk sentsibilizazio estrategia bat egingo du gizartean gazteei sektorearen garrantzia oroitarazi eta belaunaldien erreleboa ziurtatzeko. Urrunago doa EH Bildu: hezkuntzako curriculumean elikadura, osasuna, ingurunea eta elikadura burujabetza txertatuko dituela dio.

ZERGA POLITIKA

Zergei buruzko eskuduntza batzar nagusiena den arren, alderdi batzuek zerga politika daramate beren programetan. Elkarrekin Podemosek gogorazi du presio fiskala sei puntu txikiagoa dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EBn baino. «Galtzen diren 4.000 milioi horiekin» gizarte zerbitzuen murrizketarik ez zela izango diote, eta «eredu produktiboaren aldaketan» inberti daitekeela. Sozietate zergan tasak lau puntu igo nahi du (%32ra), eta kooperatibek ordaintzen dutena beste enpresekin parekatu.

EH Bilduk ere zerga politika «progresiboagoa eta berdintasunezkoagoa» proposatu du, «gizarte babeserako eta garapen ekonomikorako politika egokiak garatzeko dugun ahalmena areagotzeko».

PPk, aldiz, Arabako agintarien ohiko eskaera bati heltzen dio: Ekarpen Legearen erreformari. Duela bost urte zen berritzekoa, baina 2007koa dago oraindik indarrean. Lege horrek Arabari eta Gipuzkoari kalte egiten diela nabarmendu du PPk, eta Eusko Jaurlaritzari mesede, «ez baitu arriskurik». Lege berria nahi du, «desorekak eragotziko dituena».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna