Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina. Ingurumena

Parisera, bakoitza bere bidetik

Klima aldaketaren aurkako politikek bete dituzte alderdien ingurumen programak. Oro har, bat datoz aldatu egin behar dela gas isuriak urritzeko energia, eta sustatu garraio publikoa. Baina, batez ere, azpiegituretan dituzte desadostasun nagusiak.
Berotegi efektuko gasen isuriak %40 apaltzeko neurriak hartubeharko dituzte.
Berotegi efektuko gasen isuriak %40 apaltzeko neurriak hartubeharko dituzte. WORDPRESS

Ibai Maruri Bilbao -

2016ko irailak 21
Joan den abenduan, Parisko COP21 goi bileran mundu osoko estatuek klima aldaketari aurre egiteko akordio berria adostu zuten, NBE Nazio Batuen Erakundeak bultzatuta. Besteak beste, 2030erako berotegi efektuko gasen isuriak %40 murrizteko konpromisoa hartu zuten. Dokumentu hark ezarritako helburuak lortzeko planak osatu behar dituzte maila guztietako gobernuek, estatuetatik hasi eta udaletara arte. Asmo horrekin bat egin dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztuko diren bost alderdi nagusiek, eta denek Klima Aldaketaren Aurkako Legea sortzeko konpromisoa jaso dute euren programetan. Helburu komuna badute; hori lortzeko bideetan, ordea, ez dute lortzen bat egiterik.

Gas horien isuria urritzeko, besteak beste, energia arloan aldaketak eskatzen ditu Parisko akordioak. Bost alderdiek berriztagarrien aldeko konpromisoa agertu dute programan. EAJk sustapen plan bat proposatu du energia berriztagarri bakoitzarentzat. PPk esaldi bakarrean adierazi die bere babesa. Bi alderdiok, bereziki PPk, kritika gogorrak izan zituzten Espainiako Kongresuan eguzkiaren zerga delakoa babestu zutelako iaz; plaka fotovoltaikoak dituzten herritarrek tasa batzuk ordaindu behar dituzte argindar sare orokorrera konektatuak badituzte. Berriztagarrien aldeko eragileek eta eguzki plaken bidez argindarra ekoizten dutenek «energia enpresa handien aldeko neurria» zela esan zuten, eta berriztagarrien aurkako neurritzat hartu.

EH Bilduk uste du legeak finkatu behar dituela energiaren kontsumoa urte bakoitzean zenbat murriztu beharko den eta aldian-aldian berriztagarrien pisua zein izango den. Programan aitortu du ez duela planekiko eta borondatezko neurriekiko fede handirik.

Energia eredua aldatzea da NBEk ezarritako helburuetako bat. Horretarako plana osatu du Elkarrekin Podemosek ere: batetik, aurrezteko neurriak hartuko dituela dio; bestetik, 2030erako Araba, Bizkai eta Gipuzkoan kontsumituko den energiaren erdia berriztagarria izango dela hitz eman du. Energia mota bakoitzaren inguruko iritzia eman du, batzuk lehenetsiz eta besteak gaitzetsiz. Poztu egin da Garoña itxita egoteaz eta berriro ez irekitzeko behin betiko erabakia nahi du. Hain zuzen, Eusko Legebiltzarra zentral nuklearra betiko ixtearen alde agertu zen iragan legealdian, alderdi guztien babesarekin. Baita PPrena ere, nahiz eta Espainiako Gobernutik zentrala berriz irekitzeko pausoak eman dituen. Kontraesanak izan dira alderdian. Giro horretan, Alfonso Alonso lehendakarigaiak ez zuen bere jarrera argitu nahi izan Espainiako Osasun eta Gizarte Politiketako ministro izan zen aldian.

Elkarrekin Podemosek gasarekiko mendekotasuna gutxitu nahi du, eta haustura hidraulikoa debekatzeko asmoa iragarri du. Hain zuzen, gasa lortzeko ezohiko teknika horrek ere hautsak harrotu zituen joan den legealdian legebiltzarrean. Jaurlaritzaren SHESA enpresa publikoak baimena baitu fracking-a Burgosko (Espainia) lurretan probatzeko. Legebiltzarrak haustura hidraulikoa debekatu zuen, nahiz eta gero Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen legea.

EAJ abstenitu egin zen arauaren botazioan; hori dela eta, EH Bilduk eta PSE-EEk behin eta berriz ipini dute auzitan Jaurlaritzak fracking-aren debekua betetzeko duen konpromisoa. Kasurako, SHESAko teknikariak haustura hidraulikoaren aldeko berbaldiak eskaintzen ibili izana salatu dute, gobernuak jendaurrean agertutako jarreraren aurka. Sozialisten artean ere iritzi aldaketa egon da azken urteetan; izan ere, gasa lortzeko teknika hori «iraultzaile» moduan aurkeztu zuen Patxi Lopezek 2011n, lehendakari zela, AEBetara egindako bidaian.

PSEk eta EH Bilduk zerga sisteman aldaketak proposatu dituzte, zerga berdea sortuta. «Isuri gehien sorrarazten dituzten esparruek ekarpen handiagoa» egingo dutela dio koalizioak. Gainera, administrazio publikoen karbono isurien zenbaketa aurrekontuekin batera aurkezteko konpromisoa hartu dute Elkarrekin Podemosek eta PSEk.

AHTa, kanpainan

Garraioa da gasen isurketa murrizteko indar egin beharreko beste arlo bat. Adibidez, Bilboko metropolia da inguruan mugikortasun plana ez duen bakarrenetakoa. Parisko akordioak derrigortu egiten ditu hiri multzoak halakoak izatera.

Garraio publikoan oinarritutako eredu iraunkorragoa sustatu nahi dute alderdi guztiek. EH Bilduk, esaterako, mugikortasun iraunkorrerako legea onartu nahi du legebiltzarrean. Azpiegitura erraldoiena AHT abiadura handiko trena da. Elkarrekin Podemos eta EH Bildu baino ez dira agertu proiektuaren aurka. EH Bilduk, gainera, azpiegituraren inguruko herri galdeketa proposatu du hauteskunde programan. Sozialistek paragrafo txiki bat baino ez diote eskaini, obrak legealdi berrian bukatzearen alde jardungo dutela esateko. Jeltzaleek ere lanak azkartu nahi dituzte.

Kanpainak iraun bitartean Rafael Catala Espainiako jarduneko Justizia ministroa izan da Euskal Herrian, eta esan du Espainiako Gobernua ez dagoela AHTaren hiriburuetako sarbideak lurpetik egiteko prest, «garestiegiak eta teknikoki konplexuegiak» direlako. Iñigo Urkullu lehendakarigai jeltzaleak Jaurlaritza lan horien kargu egin daitekeela iradoki du; eta euren programan hala dago jasota: «Gasteiz, Donostia eta Bilboko abiadura handiko geltoki berrien obren garapenean Eusko Jaurlaritzak zuzenean parte hartzea proposatzen du EAJk».

Badaude garraioarekin lotutako beste proposamen batzuk: EHUren Leioako campuserako (Bizkaia) tranbia jaso dute EAJk eta PPk, eta Bilboko metroaren linea berriei zein Donostialdekoari inbertsioa bermatzeko konpromisoa hartu dute. Bestalde, Pasaiako portuaren alde agertu dira EAJ, PSE eta PP; beste biak, aldiz, aurka. Loiu, Foronda eta Hondarribiko aireportuen eskumena eskatu nahi dio EH Bilduk Espainiari, zuzenean kudeatzeko. Koalizio soberanistak eta jeltzaleek Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako garraio txartel bakarra sortzea ere jaso dute programan.

Ur faltarekin kezkatuta

Bioaniztasuna babesteko legeak onartu nahi dituzte denek. Natura 2000 sarea hobetu nahi dute; Elkarrekin Podemosek kudeaketa eredua aldatu nahi du. Galzorian dauden animalien eta espezie erasotzaileen katalogoak berritzeko konpromisoa hartu dute. Eta hondakinen kudeaketan birziklapenari eman diote garrantzia. EAJk eta PPk «balorizazioa» aipatu dute; PSEk aipamen txiki bat egin du, eta «zero zabor» helburu moduan jarri. Elkarrekin Podemos eta EH Bildu errauste planten aurka daude: Zubieta ez zabaltzeko konpromisoa hartu dute, eta, Zabalgarbiren kasuan, kontrolak indartu nahi dituzte.

Klima aldaketaren ondorioei ere erreparatu diete. Kasurako, ur faltaren larritasunaz ohartu dira alderdi politikoak. Arabako Errioxak eta Arabako Gorbeialdeak sufritzen dituzten lehorteez eta desertifikazioaz ohartarazi dute sozialistek. Bi inguru horietan ur hornidura bermatzeko azpiegitura berriak egin nahi dituzte. EH Bilduk uraren kudeaketa erabat publikoa izatea gura du, eta azpikontratatu diren zerbitzuak langile publikoen esku uzteko konpromisoa hartu du.

2020rako uraren prezio progresiboak ezarri nahi ditu Elkarrekin Podemosek. Ordurako, gainera, ur zikin guztiak garbituko direla hitz eman du. PPk ere azpiegitura berriak egin nahi ditu, hornidura eta ur zikinak araztea bermatzeko. Beste horrenbeste egin nahi du EAJk: proiektu zehatzak programan zerrendatu dituen alderdi bakarra da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna