Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Euskara. Euskara

Adostasun aukera eta liskar arriskua

Ziklo berria gero eta indar gehiagorekin aipatzen duten garaian dator legealdia. Kanpainako polemika nagusiak erdian hartu du euskara, hizkuntza eskakizunen harira. Gaiak eztabaida sortuko du legealdi berrian. Adostasun ildo bat zabal liteke euskaltegien doakotasunari buruz.
Joan den abenduan, EuskararenNazioarteko Egunean, Gasteizenegindako mosaikoa.
Joan den abenduan, EuskararenNazioarteko Egunean, Gasteizenegindako mosaikoa. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

Garikoitz Goikoetxea -

2016ko irailak 22
Adostasun eske denak ari dira, nor bere eran. «Mezu adostuaz» mintzo da EAJ; EH Bilduk ezinbesteko jo du «elkarlana bultzatzea»; PSE-EEk dio «bizikidetza harmoniatsua» lortu behar dela; Elkarrekin Podemosek, «eskubidetzat eta aukeratzat» hartu behar dela euskaraz egitea; eta PPk, «kultur eta gizarte ondare gisa» bultzatu behar dela euskara. Hitzak. Ekintzak? Kanpaina zipriztindu du PSE-EEk euskarazko hizkuntza eskakizunei buruz egindako bideoak. PP ere batu zaio atzetik. Liskarra sortu dute kanpainan, eta horretarako arriskua badago hurrengo legealdian ere, programetako atal batzuk ikusita. Beste gai batzuetan, hala ere, lor daitezke gutxieneko adostasunak, denen artean ez bada ere.

Aldaketa hotsak indar handiz entzuten diren garaian dator legealdi berria, aldaketa eta guzti —Elkarrekin Podemos sartuko da parlamentuan—. Urteurren asko tokatuko dira legealdian: Euskaltzaindiaren mendeurrena, euskara batuaren 50. urteurrena, Korrikaren hogeigarren aldia... Hori dena, ziklo aldaketaren ideia gero eta hedatuago dagoen aldian.

EZAGUTZA

Doakotasunaren bidea

Urteetako aldarrikapena da euskaraz ikastea doakoa izatea. Pauso batzuk emateko modua badago, programak ikusita. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek zehatz jaso dute euskara ikastea doakoa izatea. EAJk ere eman du pausoa: B2 mailara arte —EGAren aurrekoa— «doakotasuna lortzeko prozesua burutzea» jaso du. Diru laguntzen bidez egingo lukete hori jeltzaleek, probak gainditzean dirua itzulita: «Aurreikusitako maila akademikoak gainditzeari lotutako doakotasuna». EH Bilduk «asistentziarekin eta aprobetxamenduarekin» lotu du doakotasuna. «Konpromisoa» jarri du irizpide Elkarrekin Podemosek: mailak lortzea edo eskolara joatea.

Euskara gaitasunen aitorpenean aurrera egin nahi du PSE-EEk. Gobernuan zegoela DBHtik aurrera D edo B ereduetan ikasitakoei aitortu zien maila; «lehenagoko irakastaldietara» hedatu nahi du. Euskara proben «egokitasuna» aztertzeko ere eskatu du.

ADMINISTRAZIOA

Aldaketak eskakizunetan

Sozialisten kanpainako bandera da: aldatu egin nahi dute administrazioko hizkuntza eskakizunen sistema. «Herritar guztiek eduki behar dute aukera funtzio publikoan sartzeko». Lanpostuak aztertzeko eskatu du PSE-EEk, uste baitu batzuetan ez duela «inolako lehentasunik» euskaraz jakiteak. Eskakizunak eremu soziolinguistikoaren arabera taxutzeko ere eskatu du, eta hizkuntza eskakizun «asimetrikoak» jartzea, trebetasunkakoak.

Sua PSE-EEk sortu du bideoarekin, baina beste alderdi batzuek ere estilo bereko proposamenak dituzte. PP irmo mintzo da: eskakizunik gabeko postuak eskatu ditu, «diskriminazioa» salatu du, eta eskakizunak ezartzean euskal hiztunen kopuruaren ordez erabilera aintzat hartzea nahi du. Zehazki, administrazioan euskara zenbat erabiltzen den: %5 esan du.

PSE-EEren proposamenen aire batzuk baditu Elkarrekin Podemosenak. Hara: «Hizkuntza eskakizunen politika berrikustea, eskatzen den maila postuari egokituta, eta meritu gisa ematen zaion balioa ez dadin bihurtu hesi igaroezina euskaraz ez dakitenentzat». Bozetako programan, gainera, behin baino gehiagotan aipatu du euskararen arloan «inposiziorik» gabe aritu behar dela.

EAJk ere jaso du eskakizunak aztertzea: «Berriro diseinatzea edo gaurkotzea, haien izaeraren benetako arrazoiari hobeto eta zehatzago egokituz: lanpostuen komunikazio zehaztasunei erantzun ahal izatea». EH Bilduk ez du berrikusterik eskatu. Hau dio: «Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, administrazio publikoetako langileek euskaraz aritzeko gaitasuna eskatzea». Euskaraz jakitea eskatuko die «arduradun politiko gorenei» ere. EAJk ere badu halako puntu bat: «gutxieneko hizkuntza eskakizunen irizpideak» jartzea goi kargudunei eta izendapenekoei.

ESKUBIDEAK

Nondik begiratzen den

EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos mintzatu dira euskaldunen hizkuntza eskubideei buruz —erdaldunenak ere aintzat hartuta—. Jeltzaleek diote administrazioan «eskubideen erabilera eraginkorra ahalbidetuko duten baldintzak» sustatu behar direla; administrazioak zeharka ematen dituen zerbitzuetan ere ezarri behar dira irizpideak, koalizio abertzalearen iritzian, eta Espainiako administrazioan ere hartu behar da ekimena; eta Ahal Dugu-ren koalizioak adierazi du «erraztu» egin behar dela euskara erabiltzea.

PSE-EEk dio «uztartu» egin behar direla hizkuntza eskubideak eta eskubide sozialak. «Gizarte plural eta ireki batean, hizkuntza eskubideak ezin dira ulertu absolutu gisa. Ez dira oinarrizko eskubidea, baizik eta hautu erabat pertsonala». PPk, berriz, erdaldunen eskubideei erreparatu die: «Bermeak behar dira ziurtatzeko inor ez dutela zigortuko edo baztertuko euskaraz ez jakiteagatik».

Alor publikoan hori. Eremu sozioekonomikoan kontsumitzaileen eskubideak «eraginkortasunez babesteko neurriak» hartzea aipatu du EAJk; EH Bilduk, aurreko dekretua «berraztertzea». Ez dute PSE-EEren eta PPren babesa izango; sozialistek diote ezin dela «obligaziorik» jarri arlo horretan.

SUSTAPENA

Gazteak helburu

Euskara sustatzeko neurriei dagokienez, gazteen arlokoak dira nagusi. Eskolaz kanpoko jardueretan pauso handiagoak behar direla entzuten da gero eta gehiago, eta esparru horretako neurriak jaso dituzte EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk. Udalekin lankidetzan aritu beharraz mintzo dira jeltzaleak, eta euskarazko aisialdi programak «lehenesteaz»; kirol eskaintza euskalduntzeko neurriak iragarri ditu koalizio abertzaleak; eta hezitzaileen heziketa indartu behar dela diote sozialistek. Teknologia berrien arloko neurriak aipatu dituzte EAJk eta EH Bilduk.

HEDABIDEAK

EITBren rola

Komunikabideen arloan, EITBri buruzko proposamenak egin dituzte alderdi guztiek. Deigarriena, Elkarrekin Podemosek: ETBk bi kate izatea, biak bi eletan, euskaraz saioen %60 izanik. EH Bilduk uste du euskararen presentzia bermatu behar dela EITBren telebista eta irrati guztietan, eta «langile guztiek» izan behar dutela euskaraz aritzeko gai. Sozialistek diote EITB «errealitate soziolinguistiko berrira» egokitu behar dela. EAJk dio EITB «ezinbesteko tresna» dela euskara normalizatzeko.

Euskarazko beste hedabideei buruzko neurriak EAJk eta EH Bilduk aipatu dituzte. Jeltzaleek, kontsumoa sustatzea; EH Bilduk, iragarkietan haiek lehenestea eta urte anitzeko hitzarmenak egitea.

ARNASGUNEAK

Babes neurriak eta planak

Arnasguneei buruzko neurri batzuk aipatu dituzte bi talde horiek programetan. Babes neurriak aipatu ditu EH Bilduk, eta erabilera planak EAJk. Gogoan izatekoa da bi talde horiek adostu zutela udal legea; han badira halako neurri batzuk. PSE-EE ez dago konforme ildo horrekin; euskararen legea «urratzen» ari dela salatu du programan. Hain justu, 1982ko lege hori «berritzea» proposatu du EH Bilduk. Adostasun handia lortzea eskatuko du horrek, ordea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna