Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina. Bizikidetza
Gabeziak osatzeko garaia?

Uztailaren 29an deitu zuen Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakari Iñigo Urkulluk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara, 1936ko Francoren altxamenduaren 80. urtemugatik egun gutxira. Bozak pasatu eta berehala, urrian, bost urte beteko dira ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik. 2011 hartan, izango zen urteotan aurreratu dena baino gehiago espero zuenik.
2012an Eusko Jaurlaritza osatu ondoren, sortu orduko geratu zen airean Bake eta Bizikidetza lantaldea. Aurreko legealdian jarri zen abian Bake eta Bizikidetza Idazkaritza ere, eta egin du lan bat. Adostasun osorik gabe, baina lege eta egitasmo batzuk atera ditu aurrera: Poliziaren zenbait biktima aitortzeko legea, Memoriaren Institutua, Memoriaren Egunak, torturaren inguruko ikerketa... Halere, memoriaren inguruko eragileen esanetan, oraindik urrun dago biktima guztientzako egia, aitortza, erreparazioa eta justizia.
Bizikidetzaren gaian, garrantzi berezia dute keinuek, hitzek, isiltasunek. «Mikroakordioak» aipatu ditu behin eta berriz Bake eta Bizikidetza idazkari Jonan Fernandezek, eta duela urte batzuk ikusten ez ziren irudiak ikusi ahal izan badira ere, oinarrizko kontsentsurik ez da lortu. Legealdi hasieratik zoru etiko deitutakoari buruz izandako eztabaidari erreparatu besterik ez dago.
KONTAKIZUNAK, AZTERKETA
Bizikidetzaren gaian, izan ere, alderdiek programan jaso dituzten neurri zehatzek besteko garrantzia dute kontakizunek. ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri zuenekoa jarri du abiapuntuan EAJk, eta, ordutik sortutako egoeraz, bi alderdi nabarmendu ditu: «Elkarbizitzan emandako gizarte aurrerapen garrantzitsuak eta indarkeriaren amaiera ordenatuaren aurkako blokeo iraunkorra». «Betebehar» gisa kokatu du «memoria historikoaren egia aintzat hartzea» ere.EH Bilduk pisu handiagoa jarri du azken horretan; koalizioaren hitzetan, 1936ko altxamendu frankistatik ez da «benetako bake eta normalizazio politikorik» izan. Gatazkaren jatorria «herrien eskubideak ukatu izana» dela dio. Eta urteotan «gehiengo politiko eta sozialak urraketa berberen biktimei tratamendu berbera emateko beharra» onartu duela, baina «praktikan diskriminatu» egiten direla biktima batzuk, «kronologia zatitzeagatik» eta «eragile urratzailearen» araberako tratamenduagatik.
Indar politiko berria izanik, ikusteko dago Elkarrekin Podemosen kontakizunak zer tonu hartuko duen aurrerantzean. «ETAren eta beste talde terrorista batzuen (GAL, BVA...) indarkeriak ez du inolako justifikaziorik izan, eta guk errotik baztertu eta gaitzesten ditugu», jaso dute programan. Ondorengo puntuetan, berriz, arreta berezia jarri dute estatu terrorismoaren eta frankismoren biktimengan.
Bestelakoa da PSE-EEren eta PPren iraganeko interpretazioa. «Zuzenbide estatuak terrorismoa amaitu du», jaso dute PSE-EEkoek programan. «Fenomeno terrorista» aipatu du PPk ere, ETA soilik aipatuz, eta hori bukatu duena «terrorismoaren aurkako irmotasuna» izan dela dio, «legearen eta zuzenbide estatuaren errespetuan» oinarritua.
Eusko Jaurlaritzak, Jonan Fernandezen ahotik, nabarmendu izan du inori ez dagokiola kontakizun bat «inposatzea», eta hor egon liteke alde bat PPren eta PSEren hizkeran. «Gertatutakoaren egiazko kontakizuna» egin behar dela dio PPk, eta «garaile eta garaituen dinamika hauspotzearen» aurka agertu da PSE.
HELBURUAK ETA POSIZIOAK
Analisi horietan oinarritu dira alderdiak aurrera begirako helburuak finkatzeko. EAJrentzat, «bakearen ardatzetik elkarbizitzara eta giza eskubideetara» igaro da arlo horretako ekinbidea. Horregatik, alderdi jeltzalearen planak «giza duintasunaren etika izango du ardatz». «Gatazka behin betiko amaitzeko pausoak emateko baldintzak» badaudela uste du EH Bilduk, Aieteko Bake Konferentziak irekitako aukera «agortu gabe» dagoela. Biktima guztien eskubideak «bazterketarik gabe erabiltzen laguntzeko erabakiak gidatu behar du gobernuaren edozein jarduera». Elkarrekin Podemosek, berriz, «bake positiboa» eta «bizikidetza inklusiboa» jarri ditu xede.Hiru alderdi horien artean aldeak badauden arren, programak ikusita, PSE-EEren eta PPren posizioak dira ezberdinenak. PPrena, batez ere. Arantza Quiroga idazkari nagusiaren dimisioak erakutsi zuen zailtasunak dituztela posizio horretatik ateratzeko, alderdiko zenbaitek, agian, hala nahi izan arren. Egoera hori ondo islatu zuen ETB2ko eztabaidan Elkarrekin Podemoseko Pili Zabalaren —GALek torturatu eta hildako Joxi Zabalaren arreba da— eta Alfonso Alonso PPko lehendakarigaiaren arteko isiluneak.
LEGEALDI BERRIAN, ZER?
Hor egon liteke legealdiko gakoetako bat: PPk leunduko ote duen jarrera, behintzat, alderdien elkarrizketa gune batean parte hartzeko. Eta horrekin lotuta, izan liteke beste ardatz bat ere: «Autokritika». Gainerako alderdiek, bakoitzak bere eran, ETAri buruzko autokritika gehiago eskatu diote ezker abertzaleari —EH Bilduri ere bai zenbaitek—. Ikusteko dago, beraz, bi alderdi horiek zenbateraino izango diren traba bizikidetzaren arloan hasitako bidean aurrera jarraitzeko. EH Bilduk hala jaso du programan: «Memoriari buruzko neurriek, iraganari buruzko kontakizun edo irakurketa jakin bat inposatzeko baino, interpretazio kritiko batean oinarrituta etorkizunerako proiektatzeko balio behar dute».Beste autokritika bat ere egon da kanpainan, torturen inguruan. EAJren Gipuzkoako zerrendaburu Joseba Egibarrena izan da: «Aitortzen dut, pertsona eta arduradun politiko gisa, ez dudala behar bezala erantzun momentu horietan», esan zuen Donostian egindako jardunaldi batzuetan, Gara egunkariak jaso zuenez.
Zer egina bada. Omenaldi, biktima zerrenda, elkarrizketa esparru eta legeetako gabeziak osatzeko balioko ote du legealdiak?
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.