Albistea entzun

Ehunka lagun Bilbon, autobus transfoboaren kontra

Protesta artean iritsi da Hazte Oir elkartearen autobusa Bizkaiko hiriburura. Geratzeko baimenik gabe, heldu eta berehala joan da

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2017ko irailak 22 - Bilbo

Udalean baimenik eskatu gabe eta Ertzaintzaren babespean iritsi zen Hazte Oir erakunde ultrakatolikoaren autobus transfoboa, atzo, Bilboko Euskadi plazara. Geldialdi laburra egin bazuen ere, argi eta ozen salatu zuten plazan bildutako ehunka herritarrek autobus laranjaren presentzia: «Ez zarete ongi etorriak». Asteartean kanpaina berria abiatu zuen elkarteak, Espainiako Kongresuan LGTBI kolektiboaren eskubideen alde prestatzen ari diren lege proiektuaren aurka, eta, iragarri duenez, mezua zabaltzeko itzulia egingo dute datozen hilabeteetan. Ez dute hasiera ona izan, ordea; autobusetik kanpo hamar minutu besterik ez zituzten egin Bizkaiko hiriburuan.

Beste behin, LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko plaza bihurtu zen Hazte Oir taldekoek euren diskurtsoaren propagandarako nahi zuten ekitaldia. Asteazken iluntzean zabaldu zuen elkarte transfoboak ostegunean Bilbon izango zirela autobus laranjarekin, eta berehalakoa izan zen herritarren eta eragile sozialen erantzuna, ehunka lagun elkartu baitziren Moiua plazan protesta egiteko.

Herritarren mobilizazioaz ohartuta, geldialdia Arte Ederren Museoan egiteko neurriak hartu zituen Ertzaintzak, museoaren aurrealdea sokaz inguratuz. Baina tokia aldatu zela ohartuta, bertara jo zuten Moiuan bildutakoek ere, elkarte ultrakatolikoari harrera egiteko. 12:30ean iritsi zen autobus laranja, eta ozena izan zen gerturatutakoen oihua: «Kanpora». Askoren artean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta sinatua duten eragile eta sindikatuak, E28 plataforma eta Gehitu Euskal Herriko gay, lesbiana, bisexual eta transexualen elkarteko kideak izan ziren han.

«Bazekiten ez zirela ongi etorriak izango», azaldu zuen Izaro Antxia Gehitu elkarteko kideak. «Nolakoak garen eta nola jokatu behar dugun agindu nahi digute, eta hori onartezina da. Gizarte tolerante batean ezin da halakorik gertatu: autoritateek onartzen badute halakoen aurka egiteko legerik ez dagoela, guk jarraituko dugu aurrez aurre jartzen». Izan ere, fiskaltzak martxoan autobusa geldiarazteko agindua eman bazuen ere, errepidera itzultzeko eskubidea itzuli zion epaileak uztailean. Epaitegiaren arabera, autobusaren mezuak «desatseginak diren arren, ez dira legez kanpokoak», eta zalantzan jarri du «gorroto delitua» egiten duenik.

Goiburu berriarekin atera du elkarte ultrakatolikoak autobus laranja bidera: Podemos eta bere LGTBI mozal legea: zuen seme-alaben bila doaz. Espainiako Kongresuan LGTBI kolektiboaren eskubideen inguruan lantzen ari diren lege proiektuak «askatasunak» murriztuko dituela adierazi du Miguel Vidal elkarteko bozeramaileak: «Legearen helburua haurrak doktrinatzea da. Izan ere, guraso agintea kenduko du arauak: 16 urte bete ondoren sexua aldatzeko baimena emango die gaztetxoei, aurrez gurasoei baimenik eskatzeko beharrizanik izan gabe».

Tentsio momentuak

Autobusak alde egin ondoren, bertan bildutakoek elkarte transfoboa babestu izana leporatu zioten Ertzaintzari, eta tentsio momentuak izan ziren poliziak gazte bat indarrez geldiarazi eta lurrera bota zuenean. Aske utzi zuten gutxira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kontseiluak deituta maiatzean Bilbon egindako elkarretaratzea, Irungo Udaltzaingoaren lan eskaintzaren inguruan izandako polemikaren harira. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

CCOOk helegitea jarri dio udaltzainen lan poltsari, B2 maila eskatzen dutelako

Julen Aperribai

Euskara maila «meritua» izan dadin nahi du sindikatuak. Kontseiluak gogoratu du administrazioek herritar denen hizkuntza eskubideak bermatu behar dituztela
Hainbat ikasle EHUko Ibaetako campusean eginiko manifestazioan. ©Gorka Rubio, FOKU

Eraso sexistagatik salatu zuten irakaslea, «telelanera» behartua

Ion Orzaiz

EHUk espedientea ireki dio irakasleari, baina eskolak ematen segituko du, «telematikoki» bada ere. Emakume batek hainbat gizonen artean jipoitu dutela salatu du Gasteizen

PCR probak, Gasteizko Txagorritxu ospitaleko laborategi batean. ©G.RUBIO / FOKU

Astebetean %27 handitu da positibo kopurua Hego Euskal Herrian

Edurne Begiristain

Azken zazpi egunetan 1.193 kasu detektatu dituzte. Ospitaleratutako gaixo kopurua %32 handitu da epe berean: 128 eri daude gaitzarekin

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.