Albistea entzun

Ikasleak ez dira ohartzen nola eragiten dioten genero rolek ikasketen hautuari

Emakundek eskatu du «arreta jartzeko» ibilbide akademikoen aukeraketei, lan arloko desberdintasunak murriztu ahal izateko
JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Jon Rejado -

2016ko ekainak 7 - Gasteiz

Batxilergoko 2. mailako milaka ikasle goi mailako ikasketak aukeratzear daude. Hautua, hein handi batean, gustuen arabera egiten dutela nabarmendu dute; ez dute uste genero rolek zerikusirik dutenik haien aukeraketan. Ordea, genero marka agerikoa da unibertsitaterako matrikulazioetan. Hori ondorioztatu du Emakundek egindako ikerketa batek. Egun, generoaren araberako banaketa nagusi da matrikulazioetan. Emakumeek Osasun Zientziak, Arte eta Giza Zientziak, eta Zuzenbide Zientziak aukeratzen dituzte, gizonek baino gehiago. Aldiz, gizonek gehiago aukeratzen dituzte Ingeniaritza eta Arkitektura.

Batxilergoko 2. mailako 1.303 ikasleri egindako galderetan oinarrituta dago ikerketa. Emaitzetan ikusi dute generoaren araberako bideratzea aldatuz doala: handiagoa da norberaren ibilbide biografikoa baldintzatuko duten erabakietan aurrera egin ahala. Hau da, Batxilergo modalitate bat aukeratzerakoan, neska edo mutil izateak ez du axola ikasleen %70entzat. Ordea, goi mailako ikasketen hautuaz hitz egitean, %58,4ra jaitsi da ehunekoa.

Ikasleez gain, gurasoek ere eragiten dute goi mailako ikasketen hautuan. Aurreko kasuan bezala, generoak ere badu zeresana. Seme-alabei autonomia aitortu arren, gurasoek nahiago dute unibertsitate ikasketak egitea. Galdetutako gurasoen %66,6ri berdin zitzaien beren semeak Lanbide Heziketaren aldeko hautua egingo balu. Baina LHren alde neskak egiten badu, gurasoen erdiak baino ez lirateke ados egongo (%48,5), eta are gutxiago aukeratutako LHko zikloan ikasle gehienak mutilak badira (%38,6).

Datu horiek ikusita, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak mezu bat bidali die ikasle, guraso eta irakasleei. Lan arloa desberdintasun iturburu nagusia dela gogorarazi du. «Ikasketa hautua egitean dauden genero baldintzen eragina zuzena da. Horrek garapen profesionala eta lan merkatuko kokapena mugatzen dizkie ikasleei, baita desberdintasunak handitu ere».

Eragin hori apaltzeko, ikasketak hautatzerakoan lan egitearen garrantzia kontuan hartzeko eskatu du. Lanketa horretarako, bi lan ildo xehatu ditu. Batetik, enpleguak izan beharko luke muina nesken heziketan; eskubide eta betekizun indibidual gisa aurkeztu behar zaiela gaineratu du. Bestetik, mutilen kasuan, etxeko lanetan eta familia arduretan erantzukidetasunez jokatzeari buruzkoak azpimarratzea galdegin du Landaidak.

Betetze maila «formala»

Emakundek gaineratu du atzo aurkeztutako ikerlanak balio gehigarria duela. Besteak beste, baliagarria da neurtzeko zenbateraino betetzen den EAEko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako VI. Plana 17 urteko neska-mutilen artean. Balioei dagokienez, «formalki» betetze maila handia gertatu da. Hau da, berdintasunaren balioa «inoiz ez bezala» presente dago belaunaldi gazteen diskurtsoan, baina praktikan ez da hein berean islatzen. Berdintasunari buruzko «erretorika» hori mutilen artean ohikoagoa da, nesken artean baino.

Datu horren atzeko adierazleak bilatu dituzte, eta ondorio honetara heldu dira: 17 urteko mutilentzat «berdintasunaren balioa bizipenetatik urrunago dagoen alderdia» da; neskentzat, aldiz, berdintasunak beste inplikazio batzuk ditu, bai ohiko bizitzan, bai etorkizunera begira. Besteak beste, neskak jabetzen dira gehien, eta ez mutilak, emakumezkoek lan esparruan duten egiturazko diskriminazioaz. Batxilergoko 2. mailako nesken %70ek uste dute andreek ez dituztela gizonezkoen lan baldintza berdinak; maila bereko mutilen kasuan, %50 datoz bat baieztapen horrekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elhadji Ndiaye omentzeko ekitaldia, Iruñeko Arrotxapea auzoan, iaz. ©JESUS DIGES / EFE

ESPALOIAN ITOTAKO BIZITZA

Ion Orzaiz

Duela bost urte, 2016ko urriaren 25ean, Elhadji Ndiaye senegaldarra zendu zen, Espainiako Poliziaren zaintzapean, Iruñean. Atxiloketa bortitz baten ostean konfirmatu zuten hila zela. Poliziaren jokabide arrazisten ondorio dela uste dute Ndiayeren lagunek eta gobernuz kanpoko erakundeek.
Egonkorrak bilakatu dira Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean Frantziako indar armatuek egiten dituzten kontrolak. ©BOB EDME

Sistemaren belauna lepoan

Oihana Teyseyre Koskarat - Jone Arruabarrena - Ion Orzaiz -Javi West Larrañaga

Migratzaileen aurkako jazarpena fenomeno orokortua da Euskal Herrian. Adituek eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute Poliziak «sistematikoki» erabiltzen duela bortxa pertsona arrazializatuen aurka.
 ©BERRIA

«Polizia, nahitaez, giltzarri da gizarte arrazista iraunarazteko»

Maite Asensio Lozano

Segurtasunaren zein mehatxuen inguruan zabaltzen diren ideiak «eraikuntza politikotzat» dauzka Douhaibik; horrekin lotu ditu kolektibo arrazializatuen aurkako kriminalizazioa eta jazarpen poliziala.
 ©BERRIA

«Behartu nahi gaituzte Poliziaren aurrean behera begiratzera»

Ion Orzaiz

Modou Faye, 'Beltxa'. Senegal atzean utzita, Iruñera iritsi zen duela urte asko. Paperak ditu orain, Africa United elkarteko burua da, baina horrek ez du Poliziaren jazarpenetik libratu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.