Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Maitasun posmodernoaz

Publizitatea

Iritzia

LARREPETIT

Maitasun posmodernoaz

 

2016-02-20 / Hedoi Etxarte

Hori bihurtu da bata bestearentzat eta bestea batarentzat: kontsumitzeko objektu bat. Alain Badiouk Maitasunari gorazarre argi hartan sintetizatu zuen eta ostera itaundu zuten Clique telebista saioan berriki. Maitasun posmodernoa da kontratu bat, nahi da norbait liburu antzekoak irakurriko dituena, nahi da izan aisialdian antzerako tendentziak izango dituen pertsona baten jabetza, grosso modo berdin pentsatuko duena politikoki. Beste hura gure beharrak asetzeko gauza bat da, eta gu bestearentzat gauza bera gara. Subjektu-objektu harremana ez bada atsegingarri, kontratua eten behar da, dibortziatu. Kalitatea q-rekin idazten den garai batek bizi gaitu.

Eta, ordea, Badiouk dioenez, maitasunaren indarretako eta kalteetako bat bestea bere horretan onartzea izan da: bere akats guztiekin. Inorengan atsegin ez duguna berarengan amultsua dela iruditzea. Inkomodidade guztiekin bestearekin zerbait egiteko gogoa. Biderkatzeko gaitasuna duen alienazio positibo bat da. Geure buruarekin eta beste batenarekin bestelako zerbait egiteko aukera. Zeren maitasunaren hipotesiaren suntsiketak —68 luze honetan— hori ekarri du: nartzisismo mugagabe bat, elkarrizketa oztopatzen duen malenkonia bat. Etengabe digitalki soilik eguneratzen dugun identitatearen miseria hori delako: bere buruaz soilik hitz egiten duenarekin ezin da mundu berririk eraiki. Zenbat partekatzen dugu eta zenbat lifting egiten dizkiogu gure irudiaren eraikinari.

Elkarrizketa kapital bat itzuli berri dute gaztelaniara. Alain Badiouk eta Marcel Gauchetek hitz egiten dute. Halako batean Badiouk esplikatzen du komunismoaren filosofia hasieratik amaierara dela dialektikoa, kontradikzioen mugimenduan oinarritzen dela. Eta nazien filosofia inmobila dela, bere erreferentzia biologikoa herriaren esentzia purua dela. Eta horretan, berdin funtzionatzen du nartzisismoak eta nazien filosofiak: gure herria tautologikoki esplikatzen da, purua da, hortik bakarrik ikus daiteke mundua, eta molde horretan sartzen denarekin ez dago elkarrizketarik.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak