Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Umorea

2017ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Kataluniako politikari baten argazkia igo dute Twitterrera. Parlamentuan aterata dago argazkia, eta eserita dagoen moduagatik izterrak ikusten zaizkio. Txioa egin duenak ez daki Konstituzioaren zenbatgarren artikulua aplikatu behar zaion emakume horri: 155 ala 69.

Prentsaurrekoa ematen ari zen politikari bati gertatu zaio. Esateko zekarrena esanda, galdera mordoa erantzun behar izan ditu. Halako batean, bere burua aurrerakoitzat erakutsi ohi duen kazetari batek jaso du atzamarra: badakit zure umearengana joan behar duzula, baina beste galdera bat daukat.

Alkate bat joan da martxoaren 8aren harira antolatutako ekitaldi batera, eta ez du emakumeei buruz esateko hitz egokirik aurkitu. Munduko leku guztietan jasaten dugun bazterketa ikusten ez, eta emakumeen ezkutuko gaitasunak aipatzeari ekin dio: emakumeak odola bota dezake zauririk izan gabe.

Itsasoaren beste aldean ere gertatu zen. Politikari batek beste bati galdera bat egin dio: «Badakizu zein den politikari baten eta dama baten arteko desberdintasuna? Politikariak baietz esaten duenean, agian esan nahi du; agian esaten duenean, ezetz, eta ezetz esaten badu, ez da politikaria. Dama batek ezetz esaten duenean, agian esan nahi du; agian esaten duenean baietz, eta baietz esaten duenean, dama izateari uzten dio».

Garagardo bat hartzen ari ginela hasi gara gauza hauez hizketan. Kuadrilla osoa gaude ados: lotsagarriak dira guztiak. Baina ostirala da, eta lehenengo tragoak laugarrena ere ekarri egin du, eta halako batean, astean zehar whatsappez jaso dituzten txisteak erakusten hasi dira zenbait. Ez dakit zergatik diren hain barregarriak emakumeak, homosexualak eta ume beltzak. Etxera alde egin dut azken tragoa amaitu gabe. Inork ez du ulertu zergatik etorri naizen. Mezu bat idatzi dit nirekin konfiantza handiena duenak: azkenaldian arraro omen nabil, umorerik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.