Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Elkartasuna

2017ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Indiako Jharkhand hirian, ospitale baten alboan, hala moduzko kale batean, bakarrik, 17 urteko emakume bat erditu da. Ondotik pasatzen ziren gizon-emakumeek jaramonik egin ez, eta ospitalera min itzelekin erditzera heldu zenean, erizainek adinez nagusi zen inor barik ezin zutela onartu esan zioten. Hamazazpi urteko neska odoleztaturik zegoen erditu ostean, zilbor hestea eten gabe, eta dardaraka zegoen jaio berriari eusteko indar barik. Bitartean, motorrak eta autoak pasatzen zitzaizkion albotik. Azkenean, emakume bik mototaxia eskatu eta beste erietxe batera eraman zuten. Gerora jakin da umedun zegoela jakin zuenean mutil lagunak utzi eta amak etxetik bota zuela. Ohorea horrore, pertsona batek baino garrantzi handiagoa hartzen duenean. Lau hilabete zeramatzan 17 urteko gazteak kale gorrian. Youtuben erditu osteko bideo latz-latza dago.

1970eko hamarkadan, AEBetan psikologo bik egun erabiltzen ei den teoria asmatu zuten: «Erantzukizuna banatzearen teoria». Teoria honen arabera, laguntza behar den egoera batean zenbat eta lekuko gehiago izan, orduan eta handiagoa da eurak laguntzeko sentitzen duten erantzukizuna, eta hortaz, larrialdi egoeran zenbat eta lekuko gutxiago izan, gutxiago da norbanakoak laguntzeko sentitzen duen erantzukizuna. Hau dena Kitty Genoveseren hilketaren ostean garatu zuten, baina gara zezaketen 17 urteko neskato honi jazotakoaren ostean, Txinako Zhumadian hirian emakume bat taxiak harrapatu ostean joan den ekainean, edota, Mexiko Hirian 15 urteko Itzel izeneko emakumea kale erdian bortxatu ondoren, ekainean ere bai. Elkartasuna hain garaturik omen dugun herri honetan, gerta zitekeen? Horixe zen duela egun gutxi izandako afariko hizpidea. Luze eta zabal jo gintuen kontuak. Mahai erdiak, baietz; besteak, ezetz. Lehenengo taldean, gizakiaren iluntasuna gailendu zen; bigarrenean, argia. Bitasun eternala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.