Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Ispilua esku artean

Publizitatea

Iritzia

LARREPETIT

Ispilua esku artean

 

2017-09-14 / Mikele Landa

Azalak hondatzerik nahi ez dugula aitzakiatzat hartuta estaltzen ditugu liburuak. Opari paper koloretsurik etxean ez aurkitzekotan, egunkari orriek ere bete dezakete funtzioa. Ikastolako materia liburuak babesteko erabili ohi den plastikozko forro gardenak, ordea, ez duela balio dirudi. Finean, gutxik onartu dugun helburua duelako estalki opakoak: supermerkatuan erositako bestseller-aren izenburua estaltzea. Horrela liburua eskuetan kalera irtetean gure izaera ere apur bat babestuko dugulakoan. Estalkiaren teknika arrotz dutenek, kobazuloarena baliatu izan dute, hots, liburu irakurterrazok etxeko atetik barrura soilik irakurtzearena. Inor sekretuaz jabetuko den beldurrez. Azalkeria kontuak denak.

Mugikorrekin badirudi errazagoa dela. Ezkutatu beharreko azalik ez dago gailu hauekin. Baina pantaila argiztatuek asko dute esateko. Metroan goazela, esate baterako, aldamenekoari buruzko jakin-mina asetzeko nahikoa da burua milimetro pare bat biratzea. Erraz irakur daiteke whatsapp bidez izaten ari den elkarrizketa. Zenbat emotikono erabiltzen dituen mugitzen ez duen aurpegiak adierazi beharko lukeena ordezkatzeko. Bolumena jaitsi dion arren, candy crush-ean apurtu duen karamelu bakoitza ere konta daiteke. Ordea, begirada zelataria gainean duela ohartzen denean, facebookeko atarian ageri zaion Diadari buruzko artikulua zabalduko du berehala.

Esku artean darabilguna darabilgula, norberaren ispilu bilakatzeko gai gara behin eta berriro. Ingurukoek guri buruz jakitea nahi duguna kontatzen diegu horrela. Liburuen azalekin zein mugikorren pantailekin. Besteenganako jakin-minak soinean daramaten gauzetan informazioa bilatzera garamatza. Ondorioz, historia, nortasun eta izaera bilatzaileak garela ohartzearekin batera, begiraleok ere garena kontatzeko beharrizana dugu. Hobe esanda, izan nahi duguna irudikatzen dugu eskuetan daramagun ispiluarekin.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak