Mikele Landa.
LARREPETIT

Aurten

2017ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Gutako askorentzat irailean hasten da urtea. Udaberrian uda osteko planak antolatzen hasten zarenero zuzendu behar izaten duzu zeure burua, «datorren urtean, bueno kurtsoan, apuntatuko naiz yoga klaseetara» edo «datorren urtean, bueno kurtsoan, Bartzelonara joango naiz bizitzera», «Datorren urte, bueno kurtsora arte!».

Urteak hasiera bakoitzeko ospatuko balira, zenbat izango zenituzke? Zenbat urte izan ditu 2017ak dagoeneko? Logika horri tiraka, guztiok denboraren sailkapen berberak mugatuta bizi ordez, norberak hamabi mahats aleak zeren arabera jan erabaki beharko luke, ezta? Batek pertsona berri bat ezagutzen duenero. Beste batek koadernoari orriak amaitu eta berrian lehen hitza idazten duenero. Aldamenekoak, romantiko xamarra da bera eta, maitemintzen den bakoitzero. Auzokoak bere txakurrarekin batera urteak betetzea erabaki du, hori bai giza esparrura eramanda, beraz, hamabi hilabetero zazpi urte gehitzen dizkio bere bizitzari. Eta zuk? Zuk ere, zenbat urte bizi izan dituzun erabakitzeko ahalmena bazenu, zenbat izango zenituzke soinean? Mundua handia da eta seguruenik zure irizpide berari jarraitzen dion beste hainbat ezagutuko dituzu denbora joan ahala. Ez pentsa hain originala zarenik.

Ni urte sailkapen taldeei dagokienez «praktikoen» artean kokatzen naiz. Ingurura begiratuta esango nuke asko garela multzo berean sartu beharrekoak. Guretzako orainaren eta betebeharren artean distantzia jartzeko balio dute urte berriek. Egunen kopurua handitzen ez den arren, urte batetik besterako distantziak handiagoa dirudi. Urrunago ikusten dugu, beraz, datorren urtea biharko eguna baino, nahiz eta segundo kopuru berberera egon daitezkeen.

Gaur hasi da niretzako datorren urtea. Larrepetiten astero idazteko proposamenari baiezkoa eman nionean zehaztu zen nire egutegi propioaren muga. Hortaz, urte berri on esatea besterik ez zait geratzen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.