IRITZIA

Sozialista baten hausnarketa

<b>Urumea ibaiaren bi ertzetan egindako oihal katea, Donostian.</b>
Urumea ibaiaren bi ertzetan egindako oihal katea, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Gemma Zabaleta -

2015eko ekainak 22
PSE-EEko kidea

Gure Esku Dago-k bi lelo nagusi plazaratu ditu aurten antolatutako ekitaldian: «herri bat gara» eta «erabakitzeko eskubidea dugu». Eta aldarrikapen xume bezain garden diren horiekin bat nator. Segur aski, jende askok galdetuko dio bere buruari zergatik ni bezalako pertsona batek erabakitzeko eskubidea defendatzen duen. Diotenez, ezinezkoa da erabakitzeko eskubidea defendatzea independentista izan gabe, baina arrazoi bat baino gehiago dago eskubidea aldarrikatzeko independentista izan ez arren, eta horietako bakar batzuk azaltzen saiatuko naiz.

Lehenik eta behin, erabakitzeko eskubidea printzipio politikoa da, eta eraiki behar dugun sistema demokratiko berri horren ardatza beharko luke izan. Izan ere, begi bistan dago 1978an jaiotako sistema politikoa erortzen ari dela eta gabezia ugari dituela: ustelkeria, politizatutako justizia eta judizializatutako politika, besteak beste. Sistema demokratikoa berritu behar dugu, politika berri bat egiteko asmoz.

Testuinguru horretan kokatu behar dugu erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena. Horrez gain, eta Euskal Herrira begiratuz, eskubide gauzatze horrek gizarteak dituen arazoei erantzungo lieke.

Alde batetik, gatazka politikoak irtenbide demokratikoa izango du: arazoaren muinari helduko diogu, eta benetan duen dimentsioa ezagutuko dugu. Orobat, gizarteari galdetzeak ez du zatituko gizartea, elkarbizitzaren bidelagun izan baizik. Eta, horrela, gizartea etorkizunari begira jarriko dugu.

Beste aldetik, proiektu politiko guztiak defenda daitezkeela esaten da, baina, dirudienez, independentismoak defenditzen duena salbuespena da. Eta demokrazian denak dira zilegi, eta denek aukera berak eduki beharko lituzkete. Horrexegatik, gogora ekarriko dut Ahotsak emakumeen mugimenduaren sortze-agiriak zioena: «Euskal gizarteak, Euskal Herriko hiritarrek, egungo marko juridiko-politikoa eraldatu, aldatu edo mantentzeko borondatea baldin badu, guztiok beharrezko diren berme demokratikoak eta adosturiko prozedura politikoak ezarri, eta errespetatzeko konpromisoa hartu beharko genuke, euskal gizarteak erabakitzeko eskubidea errespetatua eta gauzatua izan dadin, eta beharrezkoa balitz, erabaki horrek lege araudian bere isla izan dezan».

Hori sinatu nuen emakume eta sozialista gisa, orain dela bederatzi urte. Aldarrikapen hori zintzo eta justua da, eta pendiente dago. Horrexegatik, militante sozialista xume gisa jarraitzen dut horren guztiaren alde.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna