Albistea entzun

Fredi Paia. Bertsolaria

«Bertsotan, hiltzen ari zarela, barre egin dezakezu»

«Lasai eta luze» doazkio ospakizun egunak Fredi Paia Bizkaiko bertsolari txapeldunari. Zetorrenean zetorrela ere, txapela jantzi arte jarraitzeko intentzioz zen, eta joan den larunbatean jantzi zuen, bere zazpigarren finalean.
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Beñat Zamalloa Akizu -

2014ko abenduak 23 - Getxo

Bide batetik zein bestetik zorion mezu zaparrada jaso du Fredi Paiak (Getxo, 1981), Bizkaiko bertsolari txapeldunak. Erantzungo omen die poliki-poliki. Joan den larunbatean jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean jantzi zuen txapela, Bilbon, Bilbao Arena kiroldegian. Bere zazpigarren finalean etorri den txapela kolektiboa dela dio.

Zure ibilbidean jendea gertu sentitu izan duzulako hartzen duzu garaipen kolektibotzat?

Ibilbidea hamalau urtekoa da. Ez naiz bat-batean iritsi hona. Jendea nirekin sufritzen egon da, eta, azkenean, irabazi dugunean, denok irabazi dugu. Batez ere, buruz burukora heldu nintzenean, norberaren jendea pozik ikustea norberaren izena esan dutelako, hori handia da. Denok ditugu gure akatsak, baina, momentu horretan, pentsatzen duzu zerbait ondo egin duzula. Hori gauza handia da.

Aipatu izan duzu zure ezaugarria iraunkortasuna dela, bide luzekoa zarela. Txapela lehenago edo geroago etorriko zela aurreikusten zenuen?

Nik oso argi neukan etorri arte jarraituko nuela. Jon Lopategi izan zen gure maisua, eta 59 urterekin jantzi zuen Euskal Herrikoa. Logikoa da. Bizitzak tresnak ematen dizkizu. Bertsolaritzan adinak laguntzen du. Buruaren kirola da. Hori zen nire esperantza. Urtetan gora egin ahala, gero eta gehiago jakingo nuen aspektu guztietan, eta inoiz etorriko zen.

Lortu arte jarraitzeko asmoa izateko, zer da txapela zuretzat?

Niretzat txapela titulu bat edukitzea bezala da, ikasketetan bezala. Zer da titulu bat? Ez dakien jendeak dakizula jakiteko bide bat. Algortan, erdalduna den herri honetan, txapelduna naiz. Ematen du zer edo zer egin duzula.

Aitari eskaini zenion txapela. Haren presentzia nabarmen dago zure bertsoetan?

Handia. Presentziak, askotan, ez dauka zerikusirik presentzia fisikoarekin. Ni itsasgizonaren semea naiz, eta hori aldarrikatzen dut. Itsasoaren esperientzia hori guztia iruditzen zait mundu bat Jon Maiari esker pixka bat atera dena, baina, oro har, euskal kulturan nahiko albo batera utzia dagoena. Familia arraro asko gaude kostaldean, aitak beti kanpoan izan ditugunak.

Lehiagatik beragatik erakutsi zenuen jarrera erasokorra buruz burukoaren aurreneko zatian?

Hil edo bizi jokatu nuen. Arkaitz Estiballes oso bertsolari ona da. Aurrean aurkari gogor bat daukazunean gogor joan behar duzu. Zure tresnak zein diren jakin behar duzu. Aizkora zorroztuta, bertsolaritza bertikala egin nuen, eta hori gustatzen zait. Uste dut jendeak eskertzen duela hori, gustatzen zaiola dialektika aurrez aurreko hori.

Jendeak gustuko badu, zergatik galdu da?

Kontu arraro bat sortu da: batzuek bidea ixten dela esaten dute. Bidea itxiz bidea zabaldu liteke: oso bertikala den azken puntu batek gai esparru berri oso bat zabal lezake. Lehengo bertsolariek elkarri bidea ixten zieten. Halakorik entzungo balute, zur eta lur geratuko lirateke. Borroka dialektikoaren baitan sortu zen bertsolaritza.

Zerk bultzatu zintuen betelanari halako garrantzia ematera?

Badakizunean azken puntuak onak egiten dituzula eta ideia onak dituzula baina ez duzunean urtetan txapelik irabazi, beste zer edo zer egiten saiatu behar duzula erabakitzen duzu. Aurrekoa galdu barik gehiago eskaini behar duzu. Kritika hori egiten zidatenez, erakutsi beharra nuen betelana egiten banekiela, puntu bakoitza asko kargatuz. Erakutsi beharra nuen betelana ongi egina dagoela eta ez dagoela betelanik.

Egin dizkizuten kritiketatik bertsokera osatuz joan zara, beraz?

Txapelketa hau nire borroka guztien ondorio izan da: loratu ez didaten horretan zentratu naiz. Hori izan da nire prestakuntzaren oinarria. Inori ez badiot entzun ezaugarri zehatz bat ondo egin dudala, horixe egin dut.

Barrua hustuz kantatu izan duzu. Zer hautu egin duzu kantaeran?

Nik badakit kantatzen txapelketa honetan bezala, baina duela urte batzuk lortu nahi nuen efektua ez zen hori. Gaztetxeetan askoz eraginkorragoa zen, niretzat, bertsoak punka abesten den bezala abestea. Estrategia estetiko bat gehiago da. Txapelketa batean jende gaztea zein jendea nagusia daukazu, denetzat abestu behar duzu. Jende gazteak gehiago onartzen dizu zaharren gustukoago abestea, eta nik ere hobeto pasatzen dut.

Gai arrotza egokitu zitzaizun bakarkakoan. Denetik jakin beharrik ez du bertsolariak?

Ez. Gaur egun oso gaitza da. Bakarkakoan inoiz planteatu gabeko egoeran jarri ninduten. Hor ikusten duzu bertsolariak ez duela gauza guztiez jakin beharrik. Badauzkagu tresnak ideia sinple batekin ateratzeko. Gure ofizioa ondo ezagutzen badugu, ez dugu zertan denetik jakin.

Txapelketetan beste jarrera bat izatea posible dela erakutsi duzu?

Uste dut leku apur bat egin dudala. Dramarena ez da ni bertsotatik gehien erakartzen nauen kontua. Drama nahikoa badago eguneroko bizitzan. Gauzei beren pisua kentzetik badago drama lantzeko modu bat. Lortzen duzu jendeak negar eta irri egitea era berean. Bertso batean, hiltzen zaren bitartean, barre egin dezakezu.

Estetika pertsonala izanagatik, ezaugarri batzuk epai irizpideen arabera moldatu beharra izan duzu?

Argi dago gauza batzuk moldatu behar izan ditudala. Nik nahi nuena egiteko, haiek egitea nahi zuten gauza batzuk egin behar izan ditut. Beti eman behar duzu zuk apur bat zuretik hartzeko.

Bertsotarako pertsonaia bat eraiki duzu?

Noski. Argi dago bertsotan hasten zarenean lekua egin behar duzula. Leku hori egiteko pertsonaia bat sortu behar duzu. Pertsonaia horren bidez leku bat egiten duzu nolabait, eta jendea gelditzen da zure rol horrekin, neurri handi batean. Horrek krisi pertsonal bat sortzen dizu geroago. Maskarak pertsona jateko arriskua dago. Jendeak pentsatzen du sentiberagoa zarela edo ez zarela bertsotarako orduan bertsotarako hartzen dituzun erabakiengatik. Ez dauka zerikusirik. Horregatik da interesgarria jolas hau. Egin dezakegulako oso egoera dramatikoak umorez bizitzea. Ez delako erreala. Kuriosoa da jendeak pertsona pertsonaiarekin nahastea.

Maskara hori posizonamenduaren neurrira eraiki duzu?

Eta orekaren arabera. Ez zait gustatzen lerratzea gehiengoarekin. Berez, jarrera moduan.

Funtzio soziala aipatu izan duzu. Zein da bertsolarien funtzio soziala?

Kulturgintzaren funtzio sozial eta politikoa ez dugu ahaztu behar egungo egoeran. Ilusioa sortzeko gaitasun txikia dugu azken boladan herri honetan. Gure ilusioak kanpotik datoz. Hori ezin dugu onartu. 60ko hamarraldian eta beste garai batzuetan mugimendu batzuk sortzeko gaitasuna eduki dugu kulturgintzatik. Ilusioa sortzeko gai izan ginen. Hori aldarrikatzen dut. Nire ustez, gaur egun kulturgintzan gabiltzanoi beste ardura batzuk hartzea ere egokitzen zaigu. Bada sasoia beste zer edo zer egiteko. Herri honetan kultura egiten gabiltzan jendea ez gabiltza maila ematen.

Plazara begira, txapelak zer ekartzea nahiko zenuke?

Badakit zer den astebururo bost saio edukitzea, eta ez dut nahi. Ez ditut hemezortzi urte. Oso pertsona enpatikoa naiz. Jai giroan, jai egiten dut. Pila bat kostatzen zait jai giro batera joatea eta langile baten moduan egotea. Kalitatearen momentua bizi dut: nire bertsokeran kantatu; gai-jartzaileek bakarka jartzen banaute, hobeto.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

<b>Finala.</b> 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, BECen. ©A. LOIOLA / FOKU

Txapelketa: zauri edo ukendu

Miren Mujika Telleria

Bilboko Bizkaia pilotalekua izango du azken geltoki Txapelketa Nagusiaren trenak. Ibilbide gorabeheratsua eginda, gaur helduko da hara. Kolpea edo poza izango da gaurko saioa bertsolarientzat, gaur erabakiko baita zein zortzi bertsolari arituko diren Nafarroa Arenako oholtzan.
Jon Sarasua idazlea, atzo, Donostian, <em>Harizko zubiak</em> liburuaren aurkezpenean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Hizkuntza lankidetzaren kontrabandoa

Jone Bastida Alzuru

Jon Sarasuak Haitira, Pernambucora, Mexikora eta Tangerrera egindako bidaietako esperientziak eta gogoetak jaso ditu liburu batean: 'Harizko zubiak'. Pamielak atera du

Iñigo Etxezarreta abeslaria <em>Guretzat</em> diskoaren aurkezpenean, atzo, Bilboko Kafe Antzokian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Rockero izandakoen runbak

Olatz Silva Rodrigo

ETS taldeak 'Guretzat' diskoa kaleratu du. Ska eta rock doinuak alde batera utzi, eta beste hainbat musika estilo uztartu dituzte

Gartxot komikigileak sortutako <em>Barruan</em> komikiko irudietako bat. ©GARTXOT / ATARAMIÑE

Kartzelak kolpatutako literatura bat

Iñigo Astiz

2002tik 2017ra bitartean kaleratutako liburu kolektiboetako testu hautaketa bat, Jose Mari Sagardui 'Gatza'-ren memoria liburu bat, eta Gartxoten 'Barruan' komikia kaleratu ditu Ataramiñek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.