Ion Turrillas. Abokatua

«Editoreek jasoko dute tasaren dirua, ez kazetariek»

Turrillasen ustez, presio taldeei jarraituz egin du Jabetza Intelektualaren Legearen erreforma Espainiako Gobernuak. Lehen ondorioa da Google News Espainia asteartean itxiko dutela.
BERRIA

Urtzi Urkizu -

2014ko abenduak 12
Durangoko Azokan hitzaldia eman zuen Ion Turrillasek (Iruñea, 1980) Jabetza Intelektualaren Lege berriaz. Biantik kooperatibako IKT abokatua da, eta gaia gertutik jarraitzen ari da. Teknologia aholkularitzako zerbitzuak eskaintzeko sortu zen Biantik.

Espainiako lege berriak zertara behartuko ditu albisteak batzen dituzten Interneteko zerbitzuak?

Lege berria urtarrilaren 1ean jarriko dute indarrean. Horregatik, dagoeneko Google News eta beste erakunde batzuk mugitzen ari dira. Google Newsek egunkarien albisteak batu eta sailkatu egiten ditu. Lege berriarekin, Google Newsek tasa bat ordaindu beharko luke edukiengatik, informazioaren jabe batzuk daudelako, eta, teorian, autoreek jaso behar dute tasaren ordainketa. Baina, praktikan, dirua enpresa editoreek jasoko dute, ez kazetari eta blogariek. AEDE Espainiako Egunkarien Editore Elkarteak jasoko du kanona. Google Newsek ixteko erabakia hartu du, ez delako errentagarria izango. Berdin -berdin eragingo die albisteak batzen dituzten beste zerbitzu batzuei: Meneame, Yahoo News eta abar. Zuzenbide arloko adituen artean eztabaida dago creative commons lizentzia duten edukiekin; batzuek diote haiengana ere iritsiko dela tasa, eta beste batzuek, ezetz. Kolokan da auzi hori.

Legeak zer eragin izango du gaztelaniazko egunkarietan?

Esan dudan bezala, egunkarien enpresa editoreek jasoko dute kanonaren ordainketa. Bestalde, informazioa kudeatzerakoan irizpide batzuk daude. Albiste baten aipamena egiteko aukera soilik hezkuntza mailan baimenduko da, ikerketa munduan. Ezingo da aipu bat egin baimenik gabe. Arriskua egon daiteke, beldurragatik, jendeak beste hedabideen berrien loturak jartzeari uzteko.

Frantzian Googlek konpromisoa hartu zuen egunkariei 60 milioi euro emateko auzia konpon zezaten. Zertan da afera?

Auzia konpontzeko bidean dira Frantzian, eta ematen du lortuko dutela. Google eta Interneteko beste zerbitzuak irtenbide bat adosten saiatu dira, baina Espainian ez. Espainian, bertako presio taldeei kasu egin diete legea egiteko orduan. Komunikazio taldeen akziodunak aterako dira garaile. Baina ez kazetariak, ez baitute sosik jasoko.

Bestalde, webgune batean beste iturri batzuetako estekak jartzeagatik isun handiak jarriko ditu Espainiako Gobernuak, ezta?

Bai. 600.000 euro arteko isunak jarri ahalko dituzte, Seriesyonkis eta tankera horretako guneak ixteko asmoz.

SeriesPepito, PeliculasPepito, Series.ly eta beste webgune batzuk bertan behera utzi dituzte jada. Herritar askok telesailak eta filmak deskargatzen dituzte webgune horietatik.

Legearen eraginak dezente dira: kopia pribatua, adibidez, asko mugatuko dute. Produktu baten kopia soilik erabilera pribaturako izan ahalko da, eta ez erabilera komertzialerako. Gainera, kopia euskarri «legitimo» batean egin behar duzu; hau da, USB batean egiten baduzu, frogatu behar duzu USB hori zurea dela. Bestalde, estekak ezingo dira partekatu webgune batean, jabetza intelektuala urratzen duten obra batera eramaten bagaitu. Webgune askok eramaten zaituzte beste leku batera, eta hor obra deskargatu edo ikus dezakezu. Hori urtarriletik aurrera legez kanpokoa izango da. Angeles Gonzalez Sinde ministro ohiaren legearekin, organo administratibo bat sortu zuten, web bat itxi behar den ala ez erabakitzeko. Posta elektronikoz eginiko salaketa bat nahikoa izango da isunak jartzeko. Gogorra izango da legea, eta hemendik aurrera oso zaila izango da Seriesyonkis eta horrelakoek irautea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna