Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika «Trenen talka» Aberri Egunean

Publizitatea

Politika

«Trenen talka» Aberri Egunean

Alderdiek agerian utzi dituzte euren helburu eta estrategien artean dauden aldeak. Abertzaleen elkarlanaz ohartarazi du PPk
EAJko buruzagiak, herenegun, Bilbon.
EAJko buruzagiak, herenegun, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2017-04-18 / Erredakzioa

Aurten ere zatituta ospatu dute Aberri Eguna alderdiek. EAJk Bilbon egin zuen ekitaldia, eta Gernika-Lumon (Bizkaia) izan ziren EH Bildu osatzen duten alderdiak. «Ikuspegi berarekin», Uztaritzera (Lapurdi) deitu zuen herritar talde batek. Ezker abertzalearen ildo ofizialarekin kritiko diren zenbait taldek eta norbanakok, berriz, batzarra egin zuten Durangon (Bizkaia). Ekitaldiotan emandako mezuek Aberri Eguna osatu duten alderdien artean dagoen aldea erakutsi dute, euren helburu eta estrategiei dagokienez. EAJk «Euskadi eta Espainiaren arteko alde biko harremana» galdegin zuen herenegun, eta Gernikan erabakitzeko eskubidea. Ahal Dugu-k mahai inguru bat antolatu zuen Bilbon, Nagua Alba idazkari nagusiaren eta Bernardo Atxaga idazlearen artean; «aberria ulertzeko modu ezberdinak» babestu zituen Albak.

Ohi bezala, Bilboko Plaza Barrian bildu ziren jeltzaleak. Han, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «konpromisoa hartu» zuen «euskal nazioa progresiboki eraikitzen jarraitzeko», eta Espainiako Estatuari eskatu zion «nazio pluraltasuna» onartzeko. Antzera mintzatu zen Andoni Ortuzar EAJko presidentea. Azaldu zuen posible dela «burujabetza partekatzea» Espainiarekin, eta EH Bildukoei dei egin zien euren «bagoia» EAJren «trenera» batzeko. Mezu hori gogoan, abertzaleen balizko elkarlanaz ohartarazi zuen atzo PPk. «Trenen talka ekarriko luke horrek, Lizarrako garaietan bezala».

Jeltzaleekin mesfidati

Koalizio subiranista osatzen dutenak, berriz, kritiko azaldu dira proposamenarekin. Uste dute egungoaren oso antzeko estatutu bat adostu nahi dutela jeltzaleek Madrilekin, erabakitzeko eskubideari uko eginez. Aldarrikapen hori babestu zuten, hain justu, Gernika-Lumon. Han, besteak beste, Independentistak sareko Txutxi Ariznabarretak aitortu zuen burujabetzarako bidean lan asko dagoela egiteko, baina horretarako indarra eta gogoa badagoela: «Herri bat martxan dagoenean, dena da posible». Azpimarratu zuen «garaipen» bakoitza erabili behar dela «borroka berriak» abiatzeko.

Horrekin loturik, atzo, Gernika Batzordeak eta Independentistak sareak ohar batean nabarmendu zuten «herri honetan ilusioak pizten» hasi direla, eta ETAren armagabetzea dela-eta Baionan bildutako jendetza eta igandean Iruñean Korrikaren amaieran bildutakoa gogoratu zituzten. «Aberri Egunak burujabetza prozesuaren zikloa zabaldu duela esan dezakegu», azpimarratu dute.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak