Albistea entzun

Astrofisikan aro berria ireki du neutroi izarren arteko talka batek

Fenomenoak sortutako grabitazio uhinak eta argia batera neurtzeko era izan da lehen aldiz

Juanma Gallego -

2017ko urriak 17

130 milioi argi urtera dagoen NGC 4993 izeneko galaxian bi neutroi izarren arteko talka atzeman dute. Hala ezagutarazi zuten atzo. Mundu zabaleko ikertzaileek elkarlanean egindako aurkikuntza da. Talkari buruzko informazioa erradiazio elektromagnetikoaren zein grabitazio uhinen bitartez jaso dute. Lehen aldia da grabitazio uhinen bidez atzemandako gertaera bat teleskopio bidez berresten dutena. Adituek diote astrofisikaren aro berri bat zabaldu dela. Besteak beste, aurkikuntzak bidea ireki du gamma izpien jatorria zein den eta elementu kimiko asko nola sortzen diren jakiteko.

Abuztuaren 17an atzeman zuten talka hori Ameriketako Estatu Batuetako LIGO eta Italiako Virgo behatokietan; GW170817 izena jarri diote horregatik. Abuztu hasieran lanean hasi sen Virgo detektagailuari esker (Pisa, Italia) izan dira astrofisikariak gai uhin horien jatorria zehazteko. Lurrean distantzia handira dauden behatokiak izanda, triangulazio izeneko teknika erabili ahal izan dute. Behin seinalearen jatorria zehaztuta, berehala mundu osoko 70 behatoki ortziaren eremu jakin horretara zuzendu dira. Detekzioari esker, zientzialariak gai izan dira galaxia urrun horretan gertatutakoa berreraikitzeko: gertu dauden bi neutroi izar elkarrengana hurbildu dira, biraka. Hurbildu ahala, biraketaren abiadura izugarri igo da. 300 bat kilometroko distantzian egonda, inguruko espazio-denboran distortsioa eragin dute, eta 100 segundoz grabitazio uhinak askatu dituzte.

Azkenik, bi izarrek argiaren abiaduraren heren batean talka egin dutenean, kilonoba bat eratu da, eta gamma izpien leherketa. Grabitazio uhinak jaso eta bi segundora atzeman dute. Gero, eta hainbat egunez, espektro elektromagnetikoaren banda ezberdinetan talkaren ondorioak jaso dira: X izpiak, ultramoreak, argi ikusgaia, infragorriak eta irrati uhinak.

Grabitazio uhinak

2015eko irailaren 14an atzeman zituzten grabitazio uhinak lehen aldiz: bi zulo beltzen arteko talkaren ondorioa. Gero, beste hiru aldiz jaso da uhin horien oihartzuna. Uhin horiek lehenengoz aurkitu zituztenean, zientzialariek nabarmendu zuten unibertsoa ikertzeko tresna berria zela. Tresnaren balioa berretsi dute orain.

Neutroi izarrak masiboagoak diren izarren leherketaren ondorioz sortzen dira. Ezagutzen diren izar txikienak izanda ere, neutroi izarrek dute dentsitaterik handiena, eta masa kantitate itzela dute barruan. Hogei kilometroko diametroa izan dezaketen objektu ñimiño horien dentsitatea hain da handia, ezen hango materiaren koilarakada batek mila milioi tona inguruko pisua izan baitezake.

Kosmologiaren arloan ere aurrerapen handia izan da, Hubbleren konstantea berresteko bidea zabaldu baitu. Konstante horrek zehazten du zein abiaduratan ari diren galaxiak bata bestearengandik urruntzen, gorriranzko lerrakuntza fenomenoari esker —zenbat eta urrunago egon, orduan eta gorriago azaltzen dira galaxiak—. Baieztatu da Erlatibitate Orokorraren postulatu bat ere: grabitazio uhinak argiaren abiaduran zabaldu behar zirela aurreikusi zuen Einsteinek, eta hala frogatu da.

Bestalde, teleskopioekin egindako behaketei esker jakin da talkaren ondorioz hainbat elementu kimiko barreiatu direla, hala nola urrea eta platinoa. Orain arte, zientzialariek ez zekiten zehazki non sortuak diren burdina baino pisutsuagoak diren elementuak. Orain, astrofisikariek frogatu dute neutroi izarren arteko talketan bederen halako elementuak askatzen direla. Emaitzak, besteak beste, Nature eta Nature Astronomy aldizkarietan argitaratu dituzte, zazpi ikerketa artikulutan. 70 behategitako 1.500 zientzialarik parte hartu dute aurkikuntzan.

Betetako ametsak

Glasgowko Unibertsitateko Grabitazioa Ikertzeko Institutuko ikertzaile Borja Sorazu fisikariaren esanetan, «grabitazio uhin mota hau hasieratik egon da gure desiretan, eta oraingo emaitzak ez du hutsik egin. Lehen aldiz frogatu ahal izan dugu neutroi izarren arteko talkek gamma izpien isuri laburrak sortzen dituztela». Ikerketan parte hartu duen fisikari horrek nabarmendu du kilonoba izeneko eztandaren bitartez maila teorikoan zeuden hipotesiak berretsi direla. «Halako leherketen bidez, aukera izan dugu taula periodikoan dauden elementu astun asko sortzen direla ikusteko». Hubbleren konstantea era independentean neurtzeko aurrerapausoaz ere aritu da. «Hau guztia, eta gauza gehiago ere, informazio osagarria batuz baino ezin izan dugu aurkitu».

Balear Uharteetako Unibertsitateko Alicia M. Sintes Olives ikertzailea ere pozik azaldu da: «Urte askoan esan dugu ikerketa lerro honek informazioa emango zuela; orain, erakutsi dugu unibertsoa ulertzeko benetako iraultza dela». Nazioartean izandako erantzuna izugarria izan dela esan dio Olivesek BERRIAri.

Sascha Husak, unibertsitate berean ari den fisikariak, aurkikuntzan erabili diren uhinen profilen analisiak zuzendu ditu. Sakelako telefonoetan abestiak igartzeko erabiltzen diren aplikazioekin konparatu du lan hori. «Einsteinek egin zituen funtzioetan uhin horiek jokatzen duten rola zehaztu dugu. Eredu horiei esker, seinalea nondik etorri den jakin ahal izan dugu, teleskopioak bertara zuzendu ahal izateko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Tolosako Laskorain ikastola, artxiboko irudi batean. ©JON URBE / FOKU

Matrikulazioan gardentasun handiagoa eskatu diote eragileek Hezkuntza Sailari

Irati Urdalleta Lete

Ikastolen Elkarteak esan duenez, gardentasunik ezean ez dute ikaslerik bidaliko beste zentroetara. EHIGEk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio legea betetzeko
Rebeca Huaytaren hilketa salatzeko kontzentrazioko artxibo irudia. ©E. PORTILLO

Emakume bat larri dago bikotekide ohiak jipoitu eta hari su eman ostean

Edu Lartzanguren Maite Asensio Lozano Javi West Larrañaga

Andrea oso larri dago, Gurutzetako erredura larrien unitatean. Bikotekide ohia 63 urteko gizonezko bat da, eta etxean egin dio eraso
Manifestazioa Donostiako EHUko campusetik irteten, atzo. ©GORKA RUBIO / FOKU

«Hezkuntza sistema sozialista» aldarrikatu dute Ikasle Abertzaleek

Jone Arruabarrena

Seinalatu dute hezkuntza sistema «enpresari handien menpe» dagoela, eta greba antolakuntzan «oztopoak» jarri dizkietela ere salatu dute
Navarra Suma taldea, osoko bilkuran xenofobiaren aurkako legea eztabaidatzen ari zirenean. ©NAFARROAKO PARLAMENTUA

Arrazakeriaren aurkako foru legea onartu dute, Navarra Suma gabe

Ion Orzaiz

Arau berriaren helburua izanen da «pertsona arrazializatuen eskubideak bermatzea» eta «administrazioaren bazterkeria» eragoztea. Navarra Sumak ez beste talde guztiek babestu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.