Albistea entzun

Berritzaile kanonikoa

Duela 50 urte hil zen T. S. Eliot, XX. mendeko poetarik laudatuenetako bat.

'The Waste Land' eta 'Four Quartets' liburuak argitaratu zituen
T. S. Eliot, 1958ko irailaren 26an, 70 urte bete zituen egunean.
T. S. Eliot, 1958ko irailaren 26an, 70 urte bete zituen egunean. EXPRESS / GETTY IMAGES

Juan Luis Zabala -

2015eko urtarrilak 3

«April is the cruellest month» (Apirila da hilik krudelena). XX. mendeko poesiaren historiako esaldirik ezagunenetakoa da The Waste Land liburuko lehen poemaren lehen lerroko hori, eta XX. mendeko poetarik ezagunenetako bat haren egilea, T. S. Eliot. Poesia anglosaxoian ez ezik, poesia unibertsalean ere XX. mendeko poesiaren kanonaren erdian kokatu dute adituek Eliot, poeta berritzaile nagusien artean, azken urteetan ikuspegi hori zalantzan jarri duenik izan den arren. Duela 50 urte hil zen, Londresen, 1965eko urtarrilaren 4an, biriketako enfisema baten ondorioz.

Ingalaterratik AEBetara joandako familia batean jaio zen Thomas Stearns Eliot, Saint Louis hirian (Missouri), 1888an. Lehen ikasketak Harvardeko unibertsitatean egin zituen, eta gero Sorbonan eta Oxforden jarraitu zituen. 25 urte zituela, Ingalaterrara aldatu, eta britainiar herritartasuna bereganatu zuen. Beti esaten zuen bere poesia bestelakoa izango zela Ingalaterran jaio izan balitz, eta baita AEBetan geratu izan balitz ere.

Edward Fitzgeralden eta hark egindako Omar Khayyamen poemen itzulpenen eragin handia izan zuen gazte zelarik idatzitako aurreneko poemetan. Ezra Pounden bidez Ingalaterrako poesiaren mundua gertutik ezagutu zuen garai hartan. Molde poetiko berrien aldeko joera erakutsi zuen lehen poema liburuan, The Love Song of J. Alfred Prufrock (1915, J. Alfred Prufrocken amodiozko kantua). Barne bakarrizketaren teknika erabili zuen, James Joycek urte batzuk geroago Ulysses eleberrian egin zuen bezala. Era askotako aipu eta erreferentziak bildu zituen poemetan.

Joycek Ulysses argitaratu zuen urte berean argitaratu zuen Eliotek The Waste Land, 1922an. XX. mendeko literaturaren gailurtzat jotzen dira biak, urte berean argitaratutako beste hainbat lanekin batera: Rainer Maria Rilkeren Duineser Elegien, Ludwig Wittgensteinen Tractatus logico-philosophicus eta Cesar Vallejoren Trilce, Marcel Prousten A la recherche du temps perdu-ren zati batzuez gain. Collage gisa osatua, aipu eta erreferentzia heterogeneoz josia, ahots ezberdin askoren nahasketa aldakorra da The Waste Land, poema liburu oso berritzailetzat joa bere garaian.

Hala ere, Four Quartets (1943) jo izan dute kritikari askok Elioten obraren gailurtzat. Aurretik banaka argitaraturik zituen arren elkarrekin loturak zituzten lau poema luze elkartu zituen liburu hartan: Burnt Norton, East Cocker, The Dry Salvages eta Little Godding. Egileak filosofiaren eta mistizismoaren inguruan egindako irakurketak eta ikasketak daude liburua osatzen duten poemen oinarrian.

Nobel saria 1948an

Literaturako Nobel saria eman zioten 1948an. Hurrengo urteetan idazten jarraitu zuen, hil zen arte (1965), baina garai hartan ondu zituen lanek ez dute The Waste Land eta Four Quartets-ekoek adinako oihartzun eta itzalik.

1983an kaleratu zen T. S. Elioten poemen itzulpenekin osatutako euskarazko aurreneko liburua, eta, oraingoz, bakarra: T. S. Eliot euskaraz (Hordago). Gabriel Arestik, Joseba Sarrionandiak eta Jon Juaristik egin zuten itzulpen lana. Jatorrizkoan Four Quartets zena, Lau Quartetto bihurtu zuen Arestik; The Waste Land zena, Lur eremua Sarrionandiak; eta Juaristik beste hainbat poema euskaratu zituen. Joxemari Iturraldek ere parte hartu zuen liburu hartan, hainbat testuren egile eta laguntzaile gisa. Liburuan jasotako itzulpenetako batzuk Oh! Euzkadi eta Pott aldizkarietan argitaratuta zeuden aurreko urteetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Euskal Herrira itzuliko da gaur Patti Smith

Aitor Biain

Gasteizko Azkena Rock jaialdian eskainitako emanaldiaren ondotik, Euskal Herrira itzuliko da Patti Smith; Donostiako Kursaal auditoriumean ariko da gaur iluntzean. Punk-rockaren ikur handienetako bat da, eta Donostian emango dio amaiera Europa osoan egindako kontzertu birari.

Alex Sanvi eta Unai Iturriaga, atzo, Elkarreko komikiaren txokoan, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Mundura atera dira H.B. eta Lo-li-ta

Itziar Ugarte Irizar

Unai Iturriagak eta Alex Sanvik 'Haur Besoetakoa. Itsasoan urak handi' komikia eman dute, Ikastolen Elkartearen eta 'Xabiroi'-ren eskutik. Orain arteko albumik «sendoena» dela uste dute

Alexei Volodin pianista, artxiboko irudi batean. ©EUSKADIKO ORKESTRA
Anari Alberdi. ©JABOGA MANTEROLA / FOKU

Prosaz haragoko udazken bat

Iñigo Astiz

Anari Alberdiren liburua da udazkeneko literatur nobedaderik deigarrienetako bat, baina Agirreren, Epaltzaren eta Ibarzabalen nobelak, Zalduaren ipuinak eta komiki esanguratsuak ere badira tartean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...