Albistea entzun

Sardekagaina Lojibarretik

Igoera bizi eta luzea da Sardekagaina edo Barazea gailurrerainokoa. Pare bat aldiz zeharkatuko dugu Holtzarteko igarobidea, eta erpinez erpin jauzika ibiliko gara Sardekagaina, Pic de Pista eta Belai artean.
Ihizkundizetik begira, Sardekagaina harroa eta Kakuetako arroila, behealdean ezkutaturik.
Ihizkundizetik begira, Sardekagaina harroa eta Kakuetako arroila, behealdean ezkutaturik. GORKA LOPEZ

Gorka Lopez -

2015eko martxoak 31

Lojibarreko aterpetxeko aparkalekutik abiatuko gara, eta Holtzarteko pasabideraino doan bidexkatik joko dugu. Lats baten paraleloan goazelarik, baso batean barrena egingo dugu, gorantz; hurrengo, basotik irten, eta goraka segituko dugu Holtzarteko basoetatik, Olhadoko mendi zintzurra aurrez aurre dugula. Bidexkak goraka egiteari utzitakoan, Olhadubiko arroilan barrenduko gara, eta handixe zintzilik ikusiko dugu Holtzarteko igarobidea. Hortik igaro, eta bidexka oihantsuan gora egingo dugu, harik eta bide zabalago bat aurkitu arte; hainbat idazkun ikusiko ditugu, eta ezkerralderantz seinalatzen duenetik joko dugu, Olhadubiko zubirantz.

Basarte horretatik ibili ostean, zubia aurkituko dugu aurrez aurre, baina ez dugu gurutzatuko; aitzitik, pagadian barrena doan bidexkari segituko diogu. Eremu nahasgarri batean sartuko gara, nora jo adierazten duen seinalerik gabeko batean; beraz, aurrera egingo dugu, zuzen-zuzen, berrehun bat metroan. Hurrengo, eskuinerantz biratuko dugu, eta mendi magalean gora egingo, bizkar oihantsuaren gainalderaino. Hara iritsitakoan, bidexka lokaztu batekin bat egingo dugu, eta handik joko dugu, ezkerrerantz; halaxe, basotik irtengo gara, eta belardi batetik igoko, bide ertzeko cairn edo harrizko piramideei segika.

Goraxeago, beste bidexka batekin bat egingo dugu, ezkerretara, eta handik joko dugu, belardi eta basogune bateraino; lats bat ere aurkituko dugu, eta haren eskuineko aldetik ikusiko ditugu nabarmen Borotxu Beltzaren paretatzar harkaiztsuak; erdi-erdian, Pic de Pista, eta, buruenik, hegoaldeko gailurra, Sardekagaina. Hurrengo, bada pagadia kanpoaldetik inguratzen duen bidexka bat, eta handik joko dugu eskuinaldeko belardian barrena, harik eta borda batekin topo egin arte, Gaineko Olhan.

Iturri baten parera iritsitakoan, eskuinera egingo dugu, belardiaren gain-gainera iristearren, eta gero ezkerrerantz; hortik zehar, zuzenean igoko gara Burutxietako kortaraino. Han, bada pista bat ere, eta hura gurutzatuko dugu jarraian; gero, bidexka batetik segituko dugu, Pic de Pistaren oinarri harkaiztsuraino, Burutxieta gainean ageri baita.

Behin muinoaren gailurrean, oinarri harkaiztsu hori inguratuko dugu, mendi mazelan barrena; ezkerraldean utziko dugu hegal harkaiztsua. Horma horren azpitik egingo dugu gorantz, gibelean uzteraino; Pic de Pistaren gailurrean amaituko da igoera.

Borotxu Beltza izeneko mendi lepora jaitsiko gara, eta mazela etzanean aurrera egingo dugu; ezkerraldeko pendizari pega-pega eginda ibiliko gara, harik eta Sardekagainaren gailurrera iritsi arte; airetiko zubi estu bat dago han, harkaitz eta belar arteko nahas-mahasean; handik joko dugu azkeneko gailurrerantz. Behin erpina gainditu dugularik, belarretan gora egingo dugu apur batean, eta Sardekagainako tontorreraino iritsiko gara.

Belai leporaino

Txotako mendi lepora jaitsi, eta Belai tontorra aurkituko dugu aurrez aurre; Kartxela gailurreranzko mutur bat baino ez da. Tontorreraino igo, gailurrean barrena segituko dugu, Belai leporaino. Hango bidexkan, eskuinetik joko dugu, GR 12ko balizei segika, Sardekagainako mazelaz mazela, Utururdinetako mendi leporaino.

Mendi lepoa utzi, GR 12ko balizak ere baztertu, eta eskuinaldeko bidezidorretik jaitsiko gara, Behilogiako belardietaraino; hango pistan, eskuinerantz egingo dugu, Pista Gainekoan dagoen bordaraino. Handik gertu, aire zabaleko aterpetxe bat dago, eta beherantz doan bidexkatik joko dugu, baso alderantz; GRT 11ko baliza gorri eta zuriak izango ditugu bide seinale.

Ibili beharreko tartea laburtuko dugu pista batetik, eta bidexka batetik jaitsiko gara behe-behean dagoen bide zabal bateraino; han, eskuinetik joko dugu, basoan barrena, bidegurutze batera iritsi arte; Holtzarteko igarobidea baino lehen dago, eta hainbat idazkun aurkituko ditugu, nondik jo erabakitzeko. Igarobidea gurutzatuko dugu berriro, eta Lojibarrerako bideari ekingo diogu atzera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Tolosa taldeko Kadete mailako aurrelari Jokin Tolosa, pilota astintzen, Gazteleku taldearen aurka. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Derbi baten traza izango du finalak

Jon Eskudero

Tolosak eta Lazkaoko LAPKEk jokatuko dute XVII. Berria Txapelketako finala, bihar, Hernaniko pilotalekuan, 17:00etatik aurrera

Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire, txandakakoaren podiumean. ©RFEN

Eutsi eta hautsi

Julen Etxeberria

Tokioko Olinpiar Jokoak urtebete atzeratu izanak denboraldiko egutegia estutu die Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire igerilariei: urtebete eskas izan dute Munduko Txapelketa prestatzeko. Baina bikain egin diote aurre erronkari: hiru domina irabazi ditu bakoitzak.

Jon Uriarte botoa ematen, atzo goizean, San Mamesen. Hura izango da Athleticeko presidentea datozen lau urteetan. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Jon Uriarte da Athleticeko 33. presidentea, eta Valverde, hurrengo entrenatzailea

Ainara Arratibel Gascon

Jon Uriartek nagusitasunez irabazi ditu Athleticeko hauteskundeak. Atzetik geratu dira Iñaki Aretxabaleta eta Ricardo Barkala. Parte hartzea handia izan da bozetan: %56,36koa

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Aurrekontu jaitsiera tarteko, oso zaila izan da fitxaketak egitea»

Ainara Arratibel Gascon

Kontratua beste urtebetez luzatuta, Urietak zazpigarren denboraldia egingo du Arabako taldean. «Higadura eta presioa» beti dagoela onartu arren, «energiaz eta ilusioz» ari da prestatzen hurrengo denboraldia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...