Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Telebistako azeri harraparia

Publizitatea

Bizigiro

Roger Ailes

Telebistako azeri harraparia

Fox News komunikazio inperioa sortu eta zuzendu zuen Ailesek, hainbat sexu jazarpen leporatu zizkioten arte.
Argazkia: BERRIA

2017-05-19 / Edu Lartzanguren

Munduko gizonik boteretsuenetako bat hil zen atzo, 77 urterekin: Roger Ailes. Ameriketako Estatu Batuetako Fox News telebista inperioa sortu zuen, eta Richard Nixonen, Ronald Reaganen, Bush aita-semeen eta Donald Trumpen aholkularia izan zen. Alderdi Errepublikanoaren barruan, erabakigarria zen Ailes Etxe Zurirako hautagaia nor izango zen ebazteko orduan. Fox katea zuzendu zuen iazko uztailera arte. Kargua uztera behartu zuten, hogei emakumek baino gehiagok sexu jazarpena leporatu ondoren.

«Lur jota eta bihotza hautsirik iragarri behar dut Roger Ailes senarra hil dela gaur goizean», idatzi zuen atzo Elizabeth Ailes emazteak, New Yorketik.

Ohioko herri industrial batean jaio zen Ailes, 1940. urtean, eta aita bortitza izan zuen. Estatuko unibertsitatean ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen, eta Filadelfian aritu zen The Mike Douglas Show elkarrizketa saioa ekoizten. Hara gonbidaturiko pertsonetako batek eman zion komunikazioa eta politika uztartzeko lehen aukera: Richard Nixonek. Eztabaida bizia izan zuten bi gizonek, Nixonek ez zuelako sinesten telebistaren indarrean. Nixon presidentetzarako aurkeztu zenean, Ailesekin gogoratu zen, eta telebistako kanpaina zuzentzea proposatu zion.

Watergate aferak Nixon eraman zuen, baina Ailesek iraun egin zuen. Ronald Reaganen kanpainetan egin zuen lan 1987an eta 1988an. George H. W. Bushi errepublikanoen primarioak irabazten lagundu zion gero, eta, azkenean, AEBetako presidentetza eskuratzen. Ailes arduratzen zen hautagaien kanpainetako telebistarako iragarkiez.

Murdochen Fox Newsen

Urteak joan, urteak etorri, politikari kontserbadoreekin lan eginik, misio bat ezarri zion Ailesek bere buruari: eskuineko ideiak telebistaren bidez zabaltzea. Eta urrezko aukera 1996. urtean heldu zitzaion. Rupert Murdoch milioidunak abiatu zuen urte horretan Fox News kable eta satelite bidezko telebista, eta Ailesi eskatu zion hura zuzentzeko. Gaur, telebista orokorretan ere ohikoa bihurtu den formatua sortu zuen Ailesen taldeak orduan: zuzeneko elkarrizketak eta eztabaidak estudioan, eta, pantailaren azpian, gaiaren inguruko albisteak pasatzen. Arrakasta handia izan du formatuak, merkea delako eta ikuslea begietatik sartzeko moduko datu, adierazpen eta albisteekin bonbardatzen duelako.

Ailesen gainbehera duela hiru urte hasi zen. Gabriel Sherman idazleak haren biografia idatzi zuen, eta, han esan zuenez, Ailesek soldata igotzea eskaini zion Fox Newseko ekoizle bati, berarekin oheratuz gero. Ailesek eta Foxek ukatu egin zuten leporaturikoa, baina Pandoraren kutxa zabaldu zuen liburuak. 2016ko uztailaren 16an, salaketa jarri zion Gretchen Carson Fox Newseko aurkezleak. Ailesen sexu proposamenei men ez egiteagatik kaleratu zutela esan zuen emakumeak. Sherman kazetariak beste sei emakumeren lekukotasunen berri eman zuen egun gutxira, eta tantaka azaleratuz joan ziren beste hiru bat kasu.

Uztailaren 21ean, dimisioa eman zuen Ailesek. Gero jakin da ez zela hura bakarrik. Kateko zuzendaritzako Bill O'Reilly eta Scott Brown exekutiboen kontra ere antzeko salaketak egin dituzte. Kateak 36 milioi euroko kalte-ordaina eman zion Ailesi. Fox Newsen jabe 21 Century Fox konpainiak duela bi aste aitortu zuenez, 40 milioi euro gastatu ditu sexu-jazarpen salaketen harira.

Ailes Donald Trumpen aholkulari gisa lanean ari zela argitaratu zuen abuztuan The New York Times egunkariak.

Ailes «senar eta aita maitekorra» izan zela idatzi zuen alargunak atzo.

Publizitatea

Sortu kontua
Edu Lartzanguren Edu Lartzanguren

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak