Albistea entzun

Katalunia. Independentziari buruzko galdeketa

«Ez zaigu gustatzen asmoa, baina prest gaude laguntzeko»

Kataluniako Gobernuak batasuna hautsi duela salatu dute ERCk, CUPek eta ICVk.

CUPek 11 baldintza ipini dizkio babesaren truke.

ICVrentzat, «akordiorik ez dago jada»
ERCko idazkari nagusi Marta Rovira eta alderdiko presidente Oriol Junqueras, atzoko agerraldian.
ERCko idazkari nagusi Marta Rovira eta alderdiko presidente Oriol Junqueras, atzoko agerraldian. TONI ALBIR / EFE

S. Velte -

2014ko urriak 15

Kataluniako Gobernuaren orain arteko bidelagunak suminduta agertu dira Artur Masek bere aldetik hartutako erabakiarengatik. «Presidentea bera izan da batasuna hautsi duena», esan du Oriol Junquerasek (ERC), eta bat datoz ICV eta CUP. Hirurek nabarmendu dute azaroaren 9rako proposamen berria ez dela guztien arten adostua. Hala ere, bozketa babesteko prest agertu dira ERC eta CUP. «Ez zaigu adostu gabeko eredu hau gustatzen, baina gobernua harekin tematzen bada, laguntzen ahaleginduko gara, gure indar guztiekin».

Parlamentuko bigarren indarrak atzera egiteko eskatu dio Generalitateko presidenteari, eta lehendik adostuta zegoen galdeketari eusteko: Kontsulten Legean oinarrituta, eta Kataluniako Parlamentuaren babesarekin. «Atzora arte [herenegunera arte] ados geunden galdeketa hari zegokionez», azaldu du Junquerasek: «Eredu hura askoz hobea zen, guztiok geundelako haren barruan. Orain, gobernuak agertoki desberdin batean jokatzea erabaki du».

Paisaia berri horretan ERCren babesa izango du galdeketa antolatzerakoan; gainerakoan, ordea, zalantzan egon daiteke bien arteko egonkortasun ituna. «Zaila da hitzartutakoa betetzen ez duen batekin fidatzea», esan du Junquerasek. Teknikoki, ERCren babesa orain arteko galdeketari lotuta zegoen, baina ez du zehaztu hura eteteko asmoa duenik: «Gobernua ez bada adostutako bidera itzultzen, aztertuko dugu berriz. Ikusiko dugu».

Junquerasen ustez, ezinbestean egin beharko dituzte hauteskundeak. «Gobernuaren proposamena ez da azken irtenbidea. Prozesu parte hartzaile batek beste urrats bat eskatzen du derrigor: mandatu demokratiko bat sortzen duten hauteskundeak. Ezin badugu erreferendumik edo galdeketarik egin, bozetara deitu beharko dugu». Bezperan, bileratik irtetean, aukera bakarra parlamentuak independentzia alde bakarrez aldarrikatzea zela adierazi zuen ERCko buruak, legebiltzarkide gehienek independentzia babesten dutela baliatuta. Atzo leunago mintzatu zen, baina ideia bera iradoki zuen: «Ez leukake zentzurik legebiltzarrean independentziaren aldeko gehiengoa edukitzea eta independentzia ez aldarrikatzea. Horrek, dena den, beste hausnarketa bat egiteko bide ematen digu: orain galdeketara deitzeko gehiengo parlamentarioa daukagu, eta ez dauka zentzurik hura ez antolatzea».

Azken asteotan, ERCk behin baino gehiagotan eskaini dio CiUri gobernuan sartzea galdeketa babesteko. Masek uko egin dio, «beharrezkoa» ez zela argudiatuta. Orain, eskaintzari eutsi dio Junquerasek, baina zerrenda bakarrari buruzko galderei ihes egin die prentsaurrekoan: «Bakarra zer den zehaztu behar genuke. CiUk ez du ezer jakin nahi CUPekin eta ICVrekin, eta alderantziz. Beraz, zeintzuk leudeke zerrenda bakar horretan?». Junquerasentzat, naturalena litzateke parlamentuko gehiengo independentistak «automatismoz hartutako konpromisoa betetzea».

Baldintzatutako babesa

CUPek ere ongi ikusten du gobernuak azaroaren 9rako egindako proposamena. Atzoko agerraldiari, ordea, hauteskundeetako estrategia kutsua hartu dio Quim Arrufat diputatuak: «Heroismo pertsonaleko eta alderdikeriazko ekitaldia izan da. Gobernuak proposamen bat idatzi zuen asteburuan, eta guri asteleheneko bileran aurkeztu zigun. Ontzat jotzen dugu, baina ez dugu uste gobernuak beteko duenik, aurretik ere behin eta berriz hautsi baititu hartutako konpromisoak». Horregatik, alderdiak 11 baldintzako zerrenda bat osatu du, eta astebeteko epea eman dio gobernuari hura onartu eta indarrean jartzeko. Azaroaren 9ko galdeketa gauzatu ahal izateko berme sorta bat zehatzen du zerrenda horrek: besteak beste, alderdien artean adostutako organo tekniko bat sortzea, akordioak betetzen direla ziurtatzeko; duela bi aste izendatutako Kontrol Batzordeari ematea behaketa lanen ardura; kontsultaren fase guztien berri emateko komunikazio bideak prestatzea; hausnarketa kanpaina publiko bat abiatzea; eta Kontsultarako kontseilari bat izendatzea. Gainera, idatzizko konpromiso bat eskatu dio Kataluniako Gobernuari.

A-9a hauteskundeekin ez nahasteko eskatu du Arrufatek, horrek galdeketari berari prestigioa kenduko liokeelako. «Ez da egongo zerrenda adosturik atzo [herenegun] elkartu ginen alderdi guztion artean, ez eta alde bakarreko independentzia aldarrikapenik ere. Ez lirateke hauteskunde plebiszitarioak, baizik eta alderdikeriazko taktikekin aurreratutako bozak». David Fernandez CUPeko diputatuak bezperan ere ukatu zuen CiUrekin zerrenda berean aurkezteko aukera: «Zientzia fikzioan ere ez».

Masek koaliziokide duen UDC alderditik ere antzera mintzatu dira. «Gu ez goaz CUPen zerrenda berean», esan du Ramon Espadaler idazkari nagusiak, eta agintaldia amaitzeko eskatu du.

ICVren dibortzioa

Gobernuaren proposamenetik gehien aldendu dena ICV izan da. Aurretik ere baldintza jakin batzuetan baino ez zuen A-9a babestu nahi. Orain, hitzartutakoa haustea leporatu dio Joan Herrera alderdiko buruak CiUri: «Eginda geneukan akordioa jada ez da existitzen. Masek suzedaneoak eta ordezko aukerak aipatu ditu; hauteskunde plebiszitarioei buruz hitz egin du». Azaroaren 9an, gobernuaren proposamenari men egin ordez, itxitako hauteslekuen aurrean «ilarak egiteko» proposatu du Herrerak, «PPk bozkatzen uzten ez duela adierazteko».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Turkiaren erasoaren aurkako manifestazio bat, azaroaren 20an, Qamixlin. ©EFE

SDFk jakinarazi du eten egin dituela AEBekin egiten ari ziren operazioak

Igor Susaeta

Milizia kurduak indar nagusitzat dauzkan eta Pentagonoaren babesa duen koalizioak ohartarazia zuen Ankarak eraso bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zuela. EIren aurkako borrokari eragingo dio
Turkiaren erasoaren aurkako manifestazio bat, azaroaren 20an, Qamixlin. ©EFE

SDFek jakinarazi dute eten egin dituztela AEBekin egiten ari ziren operazioak

Igor Susaeta

Milizia kurduak indar nagusitzat dituen eta Pentagonoaren babesa duen koalizioa ohartarazten ari zen Ankarak eraso bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zuela. EIren aurkako borrokari eragingo dio

Vladimir Putin Errusiako presidentea, gaur, Moskun. ©EFE

Errusiak esan du «negoziatzeko prest» dagoela, bere interesak «bermatzeko»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Ukrainako armadak adierazi du bere tropetako 13.000 soldadu eta 6.000 zibil hil direla gerra hasi zenetik. Haur ugariri hezkuntzarako eskubidea urratu dietela salatu du NBEko batzorde batek.

Boliviar bat Silala ibaitik ura hartzen, Txileko mugatik gertu. ©MARTIN ALIPAZ / EFE

Boliviak esan du Hagako epaiak Silala ibaiko ubide artifizialak eraisteko aukera emango diola

Mikel O. Iribar

Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi du Silala ibaia «nazioartekoa» dela, eta Txileri eta Boliviari eskatu die elkarren arteko elkarrizketak «etengabekoak» izateko. Santiagok ez dio kalte ordainik eman beharko La Pazi.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...