Erabakitzeko eskubidea. Kataluniako galdeketa

Azken urratseko lehen pausoa

Artur Masek Katalunian azaroaren 9ko galdeketara deitzen duen dekretua onartu du.

Espainiako Gobernuak beste behin ere esan du kontsulta ez dela egingo «konstituzioa urratzen duelako»
Turull CiUko bozeramailea, De Gispert parlamentuko presidentea, Mas Kataluniako presidentea eta Junqueras ERCko burua, atzo, Bartzelonan.
Turull CiUko bozeramailea, De Gispert parlamentuko presidentea, Mas Kataluniako presidentea eta Junqueras ERCko burua, atzo, Bartzelonan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE

Miren Garate -

2014ko irailak 28

Laburra eta soila izan zen ekitaldia, lau minutu eskasekoa eta «historikoa» aldi berean. Atzo 10:30ak pasatxo zirenean sinatu zuen Artur Mas Generalitateko presidenteak galdeketara deitzeko dekretua. Ondoan zituen CiUko beste kontseilariak, Nuria de Gispert Kataluniako Parlamentuko presidentea eta Oriol Junqueras eta David Fernandez ERCko eta CUPeko buruak —galdeketaren alde egon arren, ICV-EUiAekoak ez ziren joan—. Txaloz erantzun zioten sinadurari, dokumentuari sakelako telefonoekin argazkiak ateratzen zizkioten bitartean. Sant Jaume plazara joandakoek ere txaloz hartu zituzten Mas eta Junqueras behin ekitaldia amaitutakoan eurengana jaitsi zirenean. Biltzar Nazional Katalanak (ANC) eta Omnium Culturalek deituta, jendetza elkartu zen, senyera-k eskuan, «independentzia» eskatzeko eta Generalitateko ordezkariei ez kikiltzeko esateko. Plaza horretan martxan da jada ordulari handi bat, galdeketarako falta den denbora zenbatuz: 41 egun gaur.

«Kataluniak botoa eman nahi du. Orain dugu marko egokia eta orain da momentu egokia » nabarmendu zuen Masek dekretua sinatu ostean egindako adierazpen instituzionalean. Azaldu zuen lau izan direla gaur egungo puntura iristeko gakoak: «Gehiengo soziala, indar politikoen arteko kontsentsua, elkarrizketa eta lege markoaren errespetua». Espainiako Gobernuari hitz egin zion. «Inork ez digu leporatuko ez garela elkarrizketarako prest egon. Azken unera arte jarrera horri eutsi diogu, baina ezin dugu immobilismoaren tranpan jausi».

Eskoziako galdeketa ekarri zuen gogora. «Zer aldea hitz egiten eta hitz egiten uzten duten estatuekin, botoa eman ahal izateko itunak egiten dituztenekin eta legea pertsonak isiltzeko erabili beharrean entzuteko erabiltzen dutenekin».

Gaztelaniaz mintzatu zitzaien Espainiako herritarrei. Ez beldurtzeko eskatu zien. «Inor ez luke izutu behar norbaitek hautetsontzian boto batekin bere iritzia emateak. Hori da gure konpromisoa, kataluniar gehienek hala eskatu ziguten azken hauteskunde autonomikoetan». Azaldu zuen behin Kataluniak demokratikoki hitz egiten duenean aurkituko dituztela elkarrizketarako marko beharrezkoak, «guztiontzat etorkizun hobe bat eraikitzeko». Azkenik, ingelesez mintzatu zitzaion nazioarteari, esanez orain bi urte legebiltzarkideen bi herenek baino gehiagok egin zutela erabakitzeko eskubidearen alde.

Erantzuna, bi ordura

Zortzi artikulu ditu Masek atzo sinatutako artikuluak. Besteak beste, galdeketa azaroaren 9an izango dela dio, eta bi galderari erantzun beharko dietela herritarrek: alde batetik, Katalunia estatu bihurtzea nahi al duten; eta, bestetik, erantzuna baietz bada, estatu horrek independente izan behar duen. 16 urtetik gorako kataluniarrek izango dute botoa emateko eskubidea. Europako Batasuneko jatorria dutenek gutxienez azken urtean Katalunian bizi izan direla erakutsi beharko dute, eta batasunetik kanpokoek, azken hiru urteetan. Aurrez botoa emateko aukera ere egongo da urriaren 20tik 25era bitartean.

Behin dekretua sinatuta, Masek adierazi zuen gobernuak indar guztia jarriko duela kataluniarrek botoa eman ahal izateko. Botopaperak jada eskuratu daitezke Internet bidez, eta zehaztuta daude kanpainari lotutako hainbat kontu. Esaterako espazio publikoaren %70 legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdientzat gordeko dela esaten du dekretuak.

Alabaina, Generalitateak bezala, Espainiako Gobernuak ere berretsi du makineria osoa jarriko duela martxan galdeketa eragozteko. Masek dekretua sinatu eta bi ordura egin zuen agerraldia Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak. Jakinarazi zuen gobernuak jada eskatu dizkiola Estatu Kontseiluari galdeketa legearen kontra eta Masen dekretuaren kontra helegiteak jartzeko txostenak. 48 orduko epea eman dio prestatzeko, baina gaur bertan espero da erantzuna. Hala, txosten horiek esku artean, Ministroen Kontseilua bihar bilduko da, Mariano Rajoy presidentea buru duela, aurkeztu beharreko helegiteak adosteko. Konstituzionalak helegiteak tramiterako onartze hutsarekin, behin-behinean bertan behera geratuko dira galdeketen legea eta dekretua —asteartean izan daiteke—.

«Behin dekretua bertan behera geratuta, ezin da hura garatzen jarraitu», adierazi zuen Saenz de Santamariak, eta berretsi zuen galdeketa ez dela egingo, «konstituzioa urratzen duelako». Dekretuan jartzen du galdeketaren helburua kataluniarren iritzia jakitea dela, «Generalitateak jakinaren gainean balia dezan dagokion ekinaldi legal, politiko eta instituzionala». Horrek emango lioke aukera kasua izango balitz konstituzioaren erreforma eskatzeko.

Elkarretaratzeko deia

Berez, planteatutako galdeketaren emaitza ez da bete beharrekoa izango, nahiz eta pentsa daitekeen galdeketak parte hartze handia izaten badu eta boto gehienak independentziaren aldekoak badira Espainiako Gobernuak erantzun bat eman beharko diola. Atzoko agerraldian, Saenz de Santamariari galdetu zioten emaitza bete beharrekoa ez izanik nola urratzen duen legea, eta erantzun zuen Masek nahi duena esango duela baina planteatutakoa erreferenduma dela, «argi eta garbi». Era berean dekretua sinatu izana «okerra» dela gaineratu zuen, «Kataluniako gizartea zatikatzen duelako eta Europatik urruntzen duelako». Masi esan zion inongo gobernuk ezin duela «legearen gainetik» jarri.

Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek herritarrei eskatu diete Konstituzio Auzitegiak dekretua bertan behera uzten badu, egun horretan bertan, 19:00etan, norbere udaletxe aurrean elkartzeko. Hemendik aurrera etor daitekeenari nola aurre egingo dion galdetuta ondokoa erantzun du Masek: «Burua hotz, bihotza bera, ukabila irmo eta hankak lurrean izanda».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Nekane Murga, atzo, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. ©Miguel Toña / Efe

Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia ezartzeko asmoa du

Andoni Imaz

Urkullu jarduneko lehendakaria litzateke batzorde bereziaren burua berriro ere, eta aukera izango luke jendea bakartzeko eta joan-etorriak mugatzeko. Murgak eta Tapiak agerraldi bat egingo dute bihar, hartuko dituzten neurriak esplikatzeko.

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa gaurko agerraldian. ©Chema Moya/EFE

Diskotekak eta gaueko tabernak ixteko agindu du Madrilek

Berria

Neurriak zorroztuko dituzte Hego Euskal Herrian, egoera epidemiologikoak okerrera egin duela eta. Gainerako taberna edo jatetxeek 01:00ean itxi beharko dute, eta gauerditik aurrera ezingo da bezero gehiagorik sartu. Kalean erretzea ere debekatuta egongo da, bi metroko tartea bermatu ezin bada.

Jendea paseoan Donostiako alde zaharreko kaleetan, atzo. ©Juan Carlos Ruiz/FOKU

618 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian behera egin dute kasuek; Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, aldiz, igo egin dira.

Osasun langileak PCR probak egiten Donostian, aurreko astean. ©Gorka Rubio/FOKU

Azpeitiko Erdikalean ibili zirenei proba egiteko eskatu die Jaurlaritzak

Berria

Abuztuaren 7tik 9ra bitartean kale horretan ibilitakoek egin beharko dute testa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna