Albistea entzun

IRITZIA

Zer egingo dugu gure kulturarekin? Jalgi plazara

Jalgi aurkezteko Laudion orain hilabete egin zuten ekitaldia.
Jalgi aurkezteko Laudion orain hilabete egin zuten ekitaldia. MONIKA DEL VALLE / ARP

Gotzon Barandiaran - Jalgi topaketaren antolatzailea eta Ahotseneko kidea

2016ko ekainak 4

Taula gainera gorputz bat ateratzen duzunean politikoki zerbait esaten ari zarela irakurri diogu Lapurdiko dantzari eta koreografoari, transmisioa beraien lanaren hedapenaren funtsezko urratsa dela. Irakurri dioguna oholtzan ikusi diogu, gogoetatu duena praktikan zelan gauzatzen duten. Arteak herrigintzan ere estrategikoa izan behar duela dio artistak, artea eta aktibismoa eskutik helduta doazela. Kiroldegi batean, kulturaren ez-ohiko ez-lekuan erakutsi du astebetez zer deritzon artibismoari. Zinemagileak ohartarazi gaitu egungo belaunaldiak bestelako kultura bat daukala eta kulturgintzan ari garenok egokitu egin beharko dugula gure lanek hartzailerik izango badute, zinemara joateko kultura eta ohitura sortu behar dugula, euskal zinemagintzan eredu eta formatu berriak sortzen ari baitira. Antzerkigintzan urteak daroatzan aktore eta zuzendariaren iritziz, antzerkiaren bidez jendeari komunikatzeko tresnak ematea oso garrantzitsua da, haiengana beste modu batean iristeko edo jendartean dauden gatazkez hitz egiteko bidea emateko. Teorizazio hori bigarren hezkuntzako ikasleen aurrean burututako antzezlan baten entseguaren bitartez frogatu digu. Kulturgintza hizkuntza hegemonikoetatik kanpo zaila dela iritzi dio bertsolariak, transmisioari dagokionez barrura begira lan handia egin behar dela bertso eskoletan eta bertsolaritzaren balioak aintzatesten. Urte osoan zehar ikastetxez ikastetxe hizkuntza, hezkuntza eta sorkuntza uztartzen diharduen idazleak azpimarratu digu ahozko tradizio berri baten beharra dugula euskaldunok, eta sorkuntza imajinarioari txertatu behar diogula deritzo. Hogei urtean euskaraz kantari ari denari ikasi diogu transmisioan, edukiak beste, euskaraz kantatzeko grina dela transmititu behar duguna, geure munduari geure mundutik begiratu behar diogula.

Aiaraldeko bederatzi herrietako ikastetxe, euskaltegi, plaza, kultur etxe, ludoteka, museo, eleizportale eta gaztetxeetan euskal kultur sorkuntzaren historiaz, gaur egungoaz eta etorkizunaz aritu gara. Astebetez, euskal kultur sorkuntza zertan den bertatik bertara, eskuz esku, hitzetik hortzera erabili dugu kultura ikusgarri bihurtzeraino, Aiaraldeko milaka lagunentzako euskal kultur sorkuntza albiste nabarmenena bilakatzeraino. Kultur adierazpide guztietako sortzaileak jada zale direnen eta etorkizunean izan daitezkeenen parez pare jarri eta gaur eta hemen bertsolari, dantzari, aktore, idazle, musikari, pintore, eskultore edo zinemagile izatea zer den kontatu diezaguten eta balioa galtzen ari den sormenak pertsona legez zer eragin dien nabarmendu digute: malurak, ezinegonak, inpotentziak, pozak, onurak adierazteko modua, askatasuna, maitasuna ulertzeko modua, izaera kritikoa garatzeko modua, herrikideekin beste ikuspuntu bat konpartitzeko modua, aurreiritziak eraisteko bitartekoa, estandarrak inarrosteko zaplaztekoa, bizipoza eragiteko miraria, etsipenaren aurkako ukendua.

Horretaz ere aritu baikara, euskal kultur sorkuntzaz aritu garen bitartean, bizitzeko eta izateko maneraz, alegia. Ez baitugu irudikatzen guztion artean egingo dugun etorkizuneko Euskal Herria sormenik gabeko herritarrez osatua, uste baitugu kultur sorkuntza ezinbestekoa dela pertsonaren garapenean, uste baitugu kultur sorkuntzaren bitartez herriago izango garela.

Ez gara gutxi, ez gara atzo hasi. Milaka euskal herritar gara urteetan euskal kultur sorkuntzan, kultur ekitaldiak antolatzen, kultur produkzioaren berri zabaltzen, gure kultur sorkuntza transmititzen, gozatzen. Ostera, ez da nahikoa. Euskal Herrian, bere herrian, euskal kultur sorkuntza ez dago erdigunean. Ez dugu lortzen sortzen duguna ikusarazten, ez diegu datozen belaunaldiei gure sorkuntzaren historia erakusten. Zergatik ez?

Horixe izan genuen berbagai Amurrion maiatzaren 26 eta 27an komunikazioari eta transmisioari buruzko jardunaldietan. Bi egunotan, Euskal Herri osotik bildutako 30 hizlari eta beste 70 arizaletik gora bildu ginen, gure kultur sorkuntza zelan komunikatzen eta transmititzen ari garen elkarri entzuteko. Nor bere esparrutik aritu ginen, bere urteetako jardunetik, bere eguneroko izerditik, nork bere irakurketa egin zuen, proposamen eta neurri asko mahaigaineratu genituen, zeintzuk dokumentu bakarrera ekarri eta lau haizetara zabalduko ditugun. Eta oroz gain, berba bat, nahikari bat gailendu zitzaigun: Elkarlana.

Susmo horrek eraginda abiarazi dugu Jalgi, elkarlanetik, behetik, horizontalki. Eta gure asmoa, gure deia, gure gonbita egin gura dizuegu euskal kultur sorkuntzak bizi zaituzten guztioi, euskal kultura maite duzuen guztioi, bidea elkarrekin egin dezagun, datozen urteetako Jalgi ahalik eta kultur eragile gehienen artean plazaratu dezagun. Bidean elkartuko garelakoan.

ARTIKULU HAU SINATZEN DUTE: MARIA RIVEROK (2016KO JALGIREN KOORDINATZAILEA); GARTZEN GARAIOK (AIARALDEA KOMUNIKAZIO LEIHOA); JON AGIRRESAROBEK (BERTSOZALE ELKARTEA); JAIME VALVERDEK (EHAZE); ETA MANUEL MORENOK (TOPAGUNEA).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Errimadun bi ahots, doinu desberdinean

Bi ahots errimadun, nor bere doinuan

Miren Mujika Telleria

Irailaren 24an hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Getxon. Entseatzen hasia da Alaia Martin, baina, eguna gertu dagoen arren, urruti ikusten du oraindik. Aldiz, hamahiru urte dira Andoni Egañak txapelketak utzi zituela; lehiaren falta baino gehiago, aurreko prestaketarena sumatzen du.

Alaia Martin eta Andoni Egaña. ©Andoni Canellada / FOKU

Bi ahots errimadun, nor bere doinuan

Miren Mujika Telleria

Irailaren 24an hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Getxon. Entseatzen hasia da Alaia Martin, baina, eguna gertu dagoen arren, urruti ikusten du oraindik. Aldiz, hamahiru urte dira Andoni Egañak txapelketak utzi zituela; lehiaren falta baino gehiago, aurreko prestaketarena sumatzen du. ARGAZKIAK: Andoni Canellada / Foku

Simone Veilek 16 urte baizik ez ditu Gestapok arrastatu duelarik. ©PATXI BELTZAIZ

Biziaren martxari aldarri

Ainize Madariaga

Azken aldiz eman dute 'Simone Veil' pastorala Muskildin. Shoahren biktima izan zen, abortuaren legea lortu zuen Frantziako Parlamentuan, eta Europako Parlamentuko lehendakari izendatu zuten. Pastoral landua eta berritzailea izan da.
Belaontzia

Belaontzia

Aida Fullana

Aina Fullana Llull 1997an jaio zen, Manacorren (Mallorca), eta han bizi izan da beti. Istorioak asmatzeko grinak hartaraturik, ipuinak eta komikiak argitaratu ditu txikitatik. Katalan Hizkuntza eta Literaturako gradua ikasi zuen Balearretako Unibertsitatean. 2018an, lehen saria irabazi zuen Femeninoan Idatzitako Kontakizunen Lehiaketan, gazteen kategorian. Ikasketak bukatu eta gero, urtebete ibili zen bidaiatzeari eta idazteari emana. Konfinamenduan, lehenbiziko eleberria bukatu zuen, Els dies bons (Egun onak), eta Bromerak argitaratu zion, 2001ean Alfontso Bihotz-handiaren Institutuak Valencia saria eman eta gero, narratiba sailean. Valentziako Idazleen Kritika Saria jaso berri du eleberriak. Berrogeialdia bukatu zenean, helduentzako katalan eskolak ematen aritu zen. Aurten, zuzenketari eta hizkuntza aholkularitzari buruzko graduondoko bat egin du Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta bertze bat helduentzako katalan irakaskuntzakoa Viceko Unibertsitatean. Ipuinak ere idatzi ditu zenbait aldizkarirentzat.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...