Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Udal Legea, Gasteiz-Madril harreman berriaren adibide

Publizitatea

Politika

Udal Legea, Gasteiz-Madril harreman berriaren adibide

Espainiak azkenean ez du Tokiko Erakundeen Legearen aurkako helegitea jarriko. Euskararen erabilera eta herri kontsultak jomugan zeuden
Argazkia: MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2017-01-11 / Enekoitz Esnaola

Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko lankidetzarako harreman berria fruituak ematen hasi da. Izan ere, Madrilek azkenean ez du aurkeztuko EAEko Tokiko Erakundeen Legearen aurkako helegitea —Udal Legea ere esaten zaio—. Atzo eman zuen berria Jaurlaritzak, gobernu kontseiluko bileraren ostean. Azpimarratu du akordioaren ondorioz besteak beste gauzatu ahal izango direla euskararen erabilera udaletxeetan eta udal gaiei buruzko herri kontsultak.

Udal Legea joan den apirilean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta EH Bilduren botoekin —75etik 48—, eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak ere balio handia eman zion onarpenari, 1979an Gernikako Estatutua onartu zutenetik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa udalen funtzionamendua arautzeko lege propiorik gabe zeudelako.

Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkaritzak biltzen aritu dira duela aste batzuetatik, eta hamabi artikuluren inguruko akordioa lortu dute. Madrilek datorren larunbatera arteko epea zeukan Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzeko. Iragarria zen legearen aurka egingo zuela, konstituzioaren aurkakoa zelakoan, baina atzera egin du. Jaurlaritzak «garrantzitsutzat» jo du adostasuna, «judizializazioa saihestu eta betiko ezabatu delako Eusko Legebiltzarrak joan den legealdian onartutako lege garrantzitsuenetako bat bertan behera uzteko aukera».

EH Bilduk ohar baten bidez esan du legea bere horretan geratzea «albiste ona» dela. Aldi berean, ordea, adierazi du ezin direla «tamaina honetako kanpoko esku hartzeak onartu euskal instituzioek eta euskal herritarrek gehiengo demokratikoz hartutako erabakien inguruan». Espainiako Gobernuaren «jarrera zentralista» salatu du. Halako egoerei aurre egiteko asmoz, «herri akordioak eta herri gisa jokatzea» proposatu du koalizioak. «Herri honen borondatean inongo esku hartze eta beto eskubiderik onartuko ez duen burujabetzan bidea egiteko, eta gehiengo politiko eta sozialak artikulatzeko eta aktibatzeko deia egiten dugu».

Izenpetzea, aste honetan

Akordioa aste honetan sinatuko dute. Jaurlaritzatik, Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak izenpetuko du, eta Espainiako Gobernutik, Soraya Saenz de Santamaria Presidentetzako eta Lurralde Administrazioetako ministro eta presidenteordeak. Herenegun, biak bildu ziren Gasteizen, Javier de Andres Madrilen EAEko ordezkari berriaren kargu-hartze ekitaldia baliatuz.

Tokiko Erakundeen Legeak 37 eskumen propio onartu dizkie udalei. EAEko udalen %80 EAJk eta EH Bilduk ordezkatzen dituzte. PSE-EEk, PPk eta UPDk legearen kontra bozkatu zuten.

Eusko Jaurlaritzak gogoratu du Adikzio Legean, Polizia biktimenean eta herri ekinaldi legegilean ere Madrilekin akordioa lortzea espero duela. Adikzio Legeaz Konstituzionalean helegitea aurkezteko epea etzi amaituko da.
 

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea