Albistea entzun

Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa. Juantxo Iturria. Ahal Dugu-ren Gipuzkoako foru zerrendaburua

«Unean uneko akordioen bidez eragin nahi dugu, itunik egin gabe»

Ahal Dugu-k ez dauka ahaldungai nagusirik, EAEko herrialdeetako zerrendaburuak baizik. Gipuzkoakoa Iturria da. Haren ustez, legealdi osoko itunek gehiegi lotzen dute.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Esnaola -

2015eko maiatzak 19 - Donostia

Baliabide «gutxirekin» ari da Gipuzkoako Ahal Dugu foru kanpaina egiten. «Hogei bat mila euro ditugu», dio haren zerrendaburu Juantxo Iturriak (Donostia, 1981). Horren lekuko da Donostiako Gros auzoan duten egoitza: obratan dagoela dirudi.

Ahal Dugu gisa foru bozetara baino ez zarete aurkeztu. Zer aurreikuspen duzue?

Batzar Nagusietan talde propioa izatea da gure helburua. Hiru batzarkide beharko ditugu horretarako. Inkesta batzuek zazpi-zortzi ematen dizkigute, baina guk ez dugu burua horretan.

Zer sumatzen ari zarete gizartean?

Ilusioa. Batik bat, gazteen artean.

Jende gazte horrek lehen zer bozkatzen zuen?

Askok lehen aldia dute. Besteen joera zein zen ez dakigu, ez baitugu azterketarik egin, baina denetik bozkatzen zutela uste dut.

Ahal Dugu-k dio «eraldaketa» nahi duela. Nola lortu?

Unean uneko akordioak egin nahi ditugu Batzar Nagusietako taldeekin. Legealdi osoko itun batek gehiegi lotzen zaitu. Gobernuak gehiengo osorik ez badu, oposizioko taldeek garrantzi handia izaten dute. Uste dugu hori dela modua arau eta proiektuetan eragiteko, itunik egin gabe.

Oraingoz, arlo batzuetako egitasmoak garbi ez dituzuen seinale ere ba al da hori?

Programa bat badugu. Dena dela, aitortzen dugu ez dugula informazio guztia zenbait gaitan, eta gauzak ez ditugula zehatz-mehatz argi. Alderdi berria gara. Pentsa, EAEko idazkari nagusia otsailetik daukagu. Beraz, hasi gara bidea egiten, eta espazio bat lortu nahi dugu.

Inbestidura saiorako erabakia zeinek hartuko du, Espainiako Podemosek ala EAEkoak?

Madrildik ez dugu irizpide jakinik jaso, baina badakigu hemengo zenbait mugimendu kaltegarriak izan daitezkeela Espainiako Podemosen estrategiarako. Gipuzkoan edo Nafarroan zer egingo dugun zain daude estatuko zenbait sektore, aitzakia hori erabiltzeko Podemosen aurka jotzeko.

EAEko zuzendaritzak ala tokiko batzarrak erabakiko ditu herrialdeko gai garrantzitsu-ak?

Oraindik ez dago erabakita. Ahal Dugu-n izena emanda daudenei galdetu behar zaie. Baina, gehiegitan galdetuz gero, galdetzearen eraginak indarra gal dezake. Oreka topatu behar da.

Inbestidura saiokoa erabakitzeko, Gipuzkoako batzarrera deituko al duzue?

Hala egingo dugula uste dut.

Eta zer usaintzen duzu?

Pluraltasun handia dago gure alderdian. Batzuk oso gertu daude ezker abertzalearen posizioetatik, eta beste batzuk ez, ez direlako hain identitarioak.

Zuk zer bozkatuko zenuke inbestidura saioan?

Nire proposamena da geure buruari ematea botoa. Hori bai, batzuen eta besteen presioak jasoko ditugula aurreikusten dugu.

EAJk, PSEk eta PPk diote Bilduren gobernua aldatu egin behar dela. Zuentzat berdin al da gobernuan EAJ-PSE ala EH Bildu egotea?

Ez, EAJ guztiz eskuineko alderdia delako eta EH Bildu ezkerrekoa. Argi dago gu ezker abertzaletik gertuago gaudela. Hala ere, gu eguneroko martxan saiatuko gara baten edo bestearen politikak baldintzatzen.

Zeintzuk dira zuen bi-hiru ardatz nagusiak?

Erakunde publikoetako ateak eta leihoak ireki egin behar dira, gardenak izan daitezen. Herritarrek jakin behar dute diru publikoa zertan gastatzen den. Ustelkeria kasuetan —eta Gipuzkoan kasu batzuk irekita daude—, erantzukizun judizialez gain, politikoak ere hartu behar dira. Bestetik, politika egiteko modua aldatzea nahi dugu, herritarrak protagonista izan daitezen erabakietan. Bestetik, aberri kontuak ezin dira ukatu, baina garrantzitsuena herrialdea kudeatzea da. Gipuzkoan blokeak daude, eta guk akordioaren kultura indartu nahi dugu.

Zerga sisteman, zer proposamen dauzkazue?

Bildurekin nahiko ados egon gaitezke. Zerga sistema progresibo baten aldekoak gara; diru sarrera handiena dutenek gehiago ordaindu behar dute. Legealdi honetan, pausoak eman dira. Gai sozialetan ere bai. Legealdi interesgarria izan da Gipuzkoakoa; ondo aritu da diputazioa.

AHTaz zer diozue? Edo Pasaiako kanpoko portuaz?

Horrelako azpiegituren proiektuak aurkeztu izan dituztenean, beti hitz egin digute errentagarritasun ekonomikoaz. Guk errentagarritasun sozialari ere begiratzen diogu. AHTaren egitasmoa, adibidez, txarra da. Erresuma Batuan ez dute AHTrik; betiko trena hobetu dute han, eta hemen ere hori egin behar zen. Gainera, abiadura handiko trenarekin bidaiaren denbora ez da asko laburtuko, eta ez du Ipar Euskal Herriarekin loturarik izango. Pasaiako kanpoko portuaren alde ere ez gaude, herritarrentzat ez delako errentagarria.

Hondakinak?

Lehen aipatutako blokeak daude. Izan ere, Gipuzkoan zera planteatzen dizute: zer zaude, errauste plantaren alde ala atez atekoaren alde? Irtenbidea ez da zuria ala beltza. Inork ez du erantzun integralik planteatu eta, gainera, egitasmo desberdinak daude herrietan. Seguruenik, zerbait mistoa egin beharko da. Aztertu egin behar da, beraz. Eta ez gaude hasieratik derrigortzearen alde; aurretik, beste neurri batzuk garatu behar dira, erabakiak adostasunez hartuta.

EAEko hiru diputazioen funtzioak aztertzearen alde agertu zarete. Zertaz ari zarete?

Arlo garrantzitsuetan, hiru herrialdeetan proiektu eta neurri desberdinak daude, eta hori kaltegarria da erkidegoko herritarrontzat. Harmonia handiagoa behar da; batik bat, fiskalitatean.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Eba Blanco (erdian), azaroko biltzarrean, idazkari nagusi izendatua izan ondoren. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

EAren primarioak errepikatzeko aginduaren aurkako helegiteak aztertuko dituzte

Xabier Martin

Espainiako Auzitegi Gorenak EAren eskaera tramitera onartu du, eta alderdiaren primarioak errepikatzea agindu zuen probintzia auzitegiaren epaia balekoa den ala ez erabakiko du.

Donostiako Renferen geltokia. ©GORKA RUBIO / FOKU

Beste geltoki bat aldiriko trenen transferentziaren lokarria askatzeko

Xabier Martin

Laster egingo dute Gasteizek eta Madrilek aldiriko trenen eskuduntza gerturatuko lukeen bilera

Senpereko herriko etxeko oposizioak ere dimititu egin du

Senpereko herriko etxeko oposizioak ere dimititu egin du

Arantxa Iraola

Urrian hautetsi hainbatek utzi zuten kargua, auzapezaren kudeaketa ereduarekin kritiko

Beatriz Artolazabal eta Ramiro Gonzalez, gaur, Gasteizen ©L. Rico / Efe

Gasteizerako proiektu «kontinuista eta berritzailea» gidatuko duela esan du Artolazabalek

Edurne Begiristain

EAJren Arabako Lurralde Batzarrak Arabako hiru barrutietarako hautagaiak berretsi ditu gaur. EH Bilduk oniritzia eman die Arabako zortzi udalerrietako zerrendaburuei, eta Ahal Dugu-k hiriburuetako hautagaiak aurkeztu ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.