Zorra

Nerea Azurmendi
2015eko abenduaren 6a
00:00
Entzun
PASARTEREN batzuk lehen pertsonan kontatu daitezke soilik. Ez narratzailea orojakilea delako eta bere kontakizunak gainerakoena ordezkatzen edo islatzen duelako, justu kontrakoa gertatzen zaiolako baizik. Horixe gertatzen zait niri EUSKALDUNON EGUNKARIAren 25. urteurrena gogoratzerakoan, orain dela 25-26 urte bizitakoak biziberritzerakoan. Askoren ustez erabateko zentzugabekeria zen proiektu hari eman nion apurraren truke asko jaso nuen, hori daukat batez ere gogoan. Inoiz egin dudan inbertsiorik onenetakoa izan zela esan dezaket, alegia, nahiz eta hori ez izan lorpen handia nire inbertitzaile profila kontuan hartuta.

«Zuk hor ze pintatzen duzu?». «Kontuz non sartuko zaren». «Pentsatu al duzu ondo zer egin behar duzun?». «Lana eskaintzen badizute, ez zaizu ba okurrituko baietz esatea?». Estilo horretako galdera eta gomendioekin ere akordatzen naiz. Ez neukan denentzako erantzunik, eta igualtsu jarraitzen dut, baina ez zait inporta. Orduan ez asko, are gutxiago gaur egun. Egia esan behar bada, galdera batek izan zuen, bai, erantzuna. Lanik ez zidatenez eskaini, okurritu ere ez zitzaidan egin baietz esatea.

Dena den, ikuspegi egoistatik negozio borobila egin nuen. Artean hogeita hamar urte bete gabe, gaztelania nagusi zen erakunde batean lanean ari zen kazetari gazte batentzat, ba al dakizue zer zen ia astero, mahai baten bueltan, Martin Ugalde, Joxemi Zumalabe, Joseba Jaka, Joan Mari Torrealdai, Luis Goya edota Txema Auzmendi, besteak beste, lanean ikustea? Horrek ez dauka preziorik. Hori ez da ahazten. Han ikasitakoak ere ez. Ezin dira ahaztu, eta ez daukate preziorik.

Ez naiz beste inoren izenean hitz egitera ausartuko, honetan eta gainerakoetan bakoitzak duelako bere esperientzia, baina batzuetan iruditzen zait, gaiari buruzko artikulurik idatzi behar ez dudan egun korrienteetan, pluraleko lehen pertsonan ere idatz daitekeela honen antzeko zutabe bat. EUSKALDUNON EGUNKARIA gustatu ala ez gustatu, haren ondorengo BERRIA gustatu edo ez gustatu, hor egon zen bata eta hor dago bestea. Hor daude orain dela 25 urte ale bakan samarrak ziren kazetari euskaldunak, orduko zenbaiti —niri bai, behintzat— mila buelta ematen dizkigutenak. Eta ez dakit, EGUNKARIA gustatu edo ez gustatu, BERRIA gustatu edo ez gustatu, euskaldun askok ba ote dakiten hori zein garrantzitsua den. Ni zorretan nago, argi daukat, eta uste dut ez naizela bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.