Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola «Xekeak jarriko du dirua, baina egitura sendoa dago atzean»

Publizitatea

Kirola

Ion Izagirre. Movistarreko txirrindularia

«Xekeak jarriko du dirua, baina egitura sendoa dago atzean»

Ormaiztegiarrak hiru urte zoragarri egin ditu Movistarren, laugarrena ere lotuta zeukan, baina Bahrainen eskaintza onartzea erabaki du. Erronka ez du aldatu: astebeteko itzulietan estutzea.
Argazkia: IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

2016-10-21 / Unai Zubeldia

«Ezin nuen ezetz esan». Eta horregatik heldu dio erronkari. Movistarren txirrindulari puska dela erakutsita, Bahrainen berritasunari baiezkoa eman dio Ion Izagirrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1989). Vincenzo Nibali ondoan duela, «lasaitasunez» kudeatu nahi du astebeteko itzulietan izango duen presioa. Pena bakarra dauka: Gorka anaia ondoan eraman ezina.

Igandean berotan urtu beharrean amaitu zuten denboraldia txirrindulari askok, baina samurragoa izan da zure amaiera, alaba eskuetan hartuta.

Bai, bai. Borrokan ibili nintzen Munduko Txapelketara ez joateko, nagusiek kasu egin zidaten azkenean, eta Lombardian amaitu nuen denboraldia. Txikia etorri zaigu orain, eta oso pozik gaude. Kirol denboraldia ona izan da, eta arlo pertsonalean ere beste opari zoragarri bat iritsi zaigu etxera.

Ondo gogoan edukiko duzu denboraldi hau, ezta?

Aurreko denboraldian egindakoa hobetu nahi izaten dugu beti, baina ez dakit aurtengoa nola hobetuko dudan!

Bost garaipen, Tourreko etapa tartean, eta jokoetan diploma. Non dago Ion Izagirreren muga?

Ez dakit. Errepideak esango du hori. Pausoak aurrera ematea da helburua, nahiz eta urteren batean ezinezkoa izango den. Valentzian hasi eta Eneco Tourreraino, aurreko postuetan ibili naiz urte osoan, eta ea gai naizen berriz ere World Tourreko astebeteko itzuliren bat irabazteko.

Bahrain-Merida taldeko txirrindularia izango zara hurrengo bi denboraldietan. Zein gorputzaldirekin zaude?

Oso gogotsu nago. Batzuek galdetzen didate ea beldurrik ez ote didan ematen, ea zalantzarik ez ote daukadan, eta bai, beti izaten da zalantza txiki bat. Baina badakit talde serioa dela, eta jende serioa dagoela atzean; txirrindularitza munduan urte asko daraman jendea. Xekeak jarriko du dirua, baina egitura sendoa dago atzean.

Eskaintza ona izan dela aipatzen duzunean ez zara ari hizketan arlo ekonomikoaz bakarrik, ezta? Zergatik Bahrain?

Beste urtebeterako kontratua neukan Movistarrekin, eta lasai geunden. Baina talde berria da Bahrain, puntuak behar ditu World Tourrean sartzeko, eta horregatik egin zidaten eskaintza. Gustatu egin zaie nire erregulartasuna. Konfiantzazko pertsonak eramateko aukera eman zidaten, gainera, eta haiek ere gogotsu zeudela nabaritu nuen.

Eusebio Unzuek, Movistarreko managerrak, negoziatzeko borondatea izan du une oro.

Eta eskertzekoa da. Movistarren proiektuaren parte nintzen, eta hala nabaritzen nuen. Galera handia zela esan zidan Eusebiok, nire falta nabarituko zutela, baina ulertzen zuela niretzat aukera garrantzitsua zela. Bidea libre utzi didate, eta asko eskertzen diet hori, inondik inora ez nuelako gaizki amaitu nahi haiekin.

Bahrain non dagoen galdetuz gero?

Mapan begira ibili nintzen, ez pentsa [barrez]! Qatarren ondoan dagoela uste dut, ezta?

Bizitzera Bahrainera joango zarela pentsatuko dute batzuek.

Askok egiten dizkidate horrelako galderak, baina, ez, ez, etxe inguruan ibiliko gara. Futbolean batera eta bestera ibiltzen dira jokalariak, baina txirrindularitzan ez da gertatzen halakorik.

Nolako egitura dauka taldeak?

Italiakoa da egitura. Italiarrak dira langile gehienak: masajistak, mekanikariak, medikuak, administrariak... eta baita txirrindulariak ere. Lampre eta IAMtik hartu dituzte langile gehienak.

Nibali, Visconti, Siutsu, Colbrelli, Haussler, Gasparotto, Bonifazio, Agnoli, Navardauskas... [Atzo jakin zen Joaquim Rodriguez ere fitxatu duela] Itxura ona dauka Bahrainek.

Oso ona. Txirrindulari gazte asko fitxatu dituzte, hain ezagunak ez direnak, agian, baina oso onak. Colbrellik berak azkenaldian erakutsi du azkarra dela. Klasikoetarako txirrindulari biziak daude, langile finak ere bai, Nibali bera... Talde polita osatu dute.

Hizkuntza berria, kultura berria, taldekide berriak... Zerk kezkatzen zaitu gehien?

Integratzeak. Beti kostatu izan zait, izatez ez naizelako harremana erraz egiten duten pertsona hiztun horietakoa. Hasieran, kosta egiten zait inguru berrietara egokitzea, lotsatia bainaiz. Baina horregatik daramat lehengusua nirekin [Jon Ander Insausti]. Motor ona du, eta ea behingoz lehertzen den. Anaia eraman nahi nuen, baina ezinezkoa izan da. Oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta babes handia ematen dit, baina ulertzekoa da taldearen jarrera ere.

Bi urterako kontratua sinatu duzu zuk, eta Gorka anaiari 2017an amaituko zaio kontratua Movistarrekin. Ekuazioa ez da zailegia. 2018an, berriz ere, elkarrekin?

Tira... Ikusi egin beharko da zer-nolako urtea egiten duen, eta zenbat eskaintza iristen zaizkion. Nahia hori da, baina auskalo.

Beste eskaerarik egin duzu?

Konfiantzazko masajista bat nahi nuen, eta Altsasuko bat joango da nirekin, Caja Ruralen egon dena: Ibai Jimenez.

Urriaren 25etik 28ra daukazue lehen kontzentrazioa, Porecen, Kroazian. Tentsio pixka bat badaukazu orduan?

Eskolako lehen egunaren parekoa izaten da hori. Jende ezezagun asko elkartuko gara, baina ezagun batzuk ere bai: Giovanni Visconti, Javi Moreno... Tira, pasatuko da lehen egun hori ere.

Itzuli handietan Quintana edo Valverderen alde egindako lanaren gisakoa egin beharko duzu Nibaliren alde, ezta?

Bai, bai. Hasieratik argi utzi zidaten ez zituztela aldatu nahi nire helburuak. Astebeteko itzulietan erakutsi dut maila ona eman dezakedala, eta ez naiz lehiatuko hiru asteko itzulietako sailkapen nagusiengatik; ez dut izango halako presiorik. Etapa garaipenak, mendiko sailkapena... horrelako erronkak izango ditugu.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea