Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Ugaztunon azalean

Publizitatea

Iritzia

HEMEROTEKA

Ugaztunon azalean

 

2017-04-20 / Ana Mendia - Argia

Erabakimenaren eta inposizioaren arteko distantzia ez omen da dirudien bezain handia. Nahasteraino gerturatzen dira, zenbaitetan. Emakume baten besape iletsuak tarteko direnean, adibidez: «Barkatu baina ez dut depilatzeko astirik izan. Larrialdietara etorri naiz denborarik galdu gabe, eta neska, ezin beti arreglatuta egon». Saihetsen artean azken elektrodoa jarri eta ohatilako neskaren aurpegi lotsatuaren bila goratu dut begirada. «Egon lasai. Ugaztun izatearen kontuak dira, badakizu» erantzun diot. Segidan ohatilako neskak lasaitua hartu eta irribarre egin du; umore apur bati esker jaitsi dira monitoreko pultsazioak. Trukean barregarri izatetik urrun, urrunegi dagoenari irri egin diogu, beste behin.

Aise epaitzen dugu ustezko perfekzioaren bila ez dabilen emakumea matxuratuta dagoen emakumea dela; arreglatzeko beharrean dagoen emakumea dela. Emakume tristea, arduragabea, nagia. Itxura denez, emakume izate hutsak kanonizatutako edertasunaren erantzule sozial egiten gaitu.

Uneoro lirain eta zoriontsu egon behar omen dugu, eta ezin ei da bata lortu bestea gabe. Inolako ardurarik gabe iragartzen da emakumeon zoriontasunak ezpainetako gorri baten itxura duela, baina bistako iruzurraren aurrean ez dugu erreboltarik antolatzen. Gure arteko irribarre konplize batera mugatzen dugu salaketa; ez gara eskandalizatzen. Histeriko hutsak izatearen izu, beharbada. Babesgabe sentitzearen ondorioz, agian. Etsipen ikasiak eraginda, antza.

Gaurkoan, ordea, baretasun faltsuaren atzean sumindura gehiegi ezkutatzen dugun usteak bultzatuta idazten dut, nahiz baten batek hipokrita hutsa naizela esango duen ohartarazpena jaso dudan. Izan ere, barru-barrutik irteten zaizkidan hitz hauek nahi dudan bakoitzean gorriz margotzen ditudan ezpainetatik egiten dute ihes. Eta horrek, nonbait, kritikarako eskubidea kentzen dit; inposizio estetikoen konplize egiten nau, derrigor.

Itotzeraino estutzen dugu gure burua: tratamendu estetikoen alde edo kontra; depilazioaren alde edo kontra. Bada, zenbaiten aburuz arriskutsua den mugen arteko aniztasunean sinesten dut nik; ezpainetakoari gaur bai eta bihar ez esateko emakumeon aukeran. Jarduna, ordea, ez da dirudien bezain erraza; eta hala nabil, aspaldi honetan lausotu den erabakimenaren eta inposizioaren arteko muga argitu nahian. Izan ere, depilatu gabe egoteagatik barkamena eskatzerainoko lotsa sentitzea ez da zilegi; are gutxiago barkazioari umorez erantzutea.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak