Donostiako Nazioarteko 63. Zinemaldia. FANTASIEN GATIBU

Biziaren absurdoa

Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga, <em>Pikadero</em> filmaren irudi batean.
Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga, Pikadero filmaren irudi batean. BERRIA

Beñat Eizagirre Indo -

2015eko irailak 19
Ben Sharrocken Pikadero Zuzendari Berriak sailean lehiatuko da. Berezia da ezbairik gabe, izaera handikoa, giza existentziaren absurdoa umore handiz jorratzen duen ekoizpen xume eta aldi berean ausarta. Pozgarria da azken urteotan euskarazko zinemagintzaren erakusleihoan proposamen desberdinak ageri direla ikustea; izan ere, nortasunak aniztasuna dakar ezinbestean. Jakina denez, berezitasuna aldarrikatzeko ez dago norberaren estiloa defendatzea baino modu eraginkorragorik, baina lengoaia propioak ez du deus balio publikoari interesgarria gerta dakiokeen istoriorik kontatu ezean. Gorputza ez baita ezer arimarik gabe, eta alderantziz. Lengoaia zinematografikoak ez du ikuslearengan arrastorik uzten pantailan biziaren miraria ageri ez bada eta ikuskizunak unean uneko apetei erantzuten die. Zinemak bizia islatzea lortzen du; fabrikatik irtendako filmek, aldiz, iraungitze data dute. Izan ere, lengoaiak aldatu egin daitezke merkatuaren logikaren presioaren eraginez, baina Pikadero-ren gisako istorio txiki eta bitxiek xarma berezia dute, eta hori da horrelako lanen bertute nagusia. Horrenbestez, Pikadero-ren egileak helburua primeran betetzen du, egunerokotasuneko egoerak absurdora eramanez film atsegina eta maitagarria doitzea lortu baitu. Gainera, gogora dezagun duela bi urte Benedikt Erlingsson islandiarraren Of Horses and Men bitxia suertatu zela garaile.

Gazteen lan etorkizun beltza eta maitasunaren moduko gai potoloak soiltasunez eta maisutasunez lantzen ditu, eta Lander Otaolaren antzezpenak aipamen berezia merezi du, haren presentzia hutsak pantaila betetzen baitu. Asiako zinemagile handiek bezalaxe, hitzik gabe transmititzen ditu egileak emozio eta sentimendu sakonenak, eta etorkizun beltza antzematen den arren, irribarrea eragiteko gauza da. Goenaga eta Usabiaga ere zoragarri daude, zalantzarik gabe. Bestalde, maitasuna lantzeko modu berezia du Sharrockek; Hollywoodek erakarpena eta maitemina baliatzen ditu maitasunaren abantailak defendatzearren, baina, kasu honetan, maitasunaren ikuspegi errealista helarazten digu; euskaldun zozo hauek badakite zer den maitasuna —bien bitartean, erromantizismoak itsututa dauzka geure gazteak—. Twilight-eko maitaleak dirudite, edo agian egokiagoa litzateke Amour-eko bikotearekin alderatzea.

Atzoko bigarren proposamenak Canneseko zigiluaren distira eduki arren, ez du ikuslea harrapatzerik lortzen. Cannesen zuzendari onenaren saria eskuratu zuen Hou Hsiao-Hsien taiwandarraren Nie Yinniang/The Assassin azken lanak, baina, wu xia generoko filma dirudien arren, europar tradizioaren kutsua du; hortaz, borroka arteen zinemaren zaleei ez nieke gomendatuko. Taiwandarraren estiloa aspergarria da oso; Wenders, Bresson edota Antonioni bezalaxe, dramaren baliabideari uko egiten dio, baina hori berez ez da gauza txarra. Kasu honetan ez estetikoki, ezta istorioari dagokienez ere, ez du ezer berezirik eskaintzen. Ulergarria den moduan, ez du hunkitzen, ez baita hori egilearen asmoa, baina maila intelektualean ere ez du ekarpenik egiten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna