Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Guretik eta guretzat

Publizitatea

Iritzia

GAUR GERO

Guretik eta guretzat

 
Ez dakit biziraupen sena den edo bizioa. Atzera adina begiratzen dugu aurrera, etorkizunean ainguratzea ez da ezinezkoa. Ondorengoek oinordetzan jasoko dutenari itxura eman nahian dabiltza batzuk, gainera datorkigunaz kezkatuta besteak, eta eskerrak unean unekoak lantzen jarraitzen duen zenbaitek. Ortzi-mugan labar ugari ditugu begiztatzeko.

Norbere kezka sakonenak kostata partekatzen ditugu. Eta ohartzen gara akaso ez dela gure kontua. Egunero kafetegian gurutzatzen dugunak arazo bera duela. Unibertsitatean zoriontsua zirudien lagunak ere baduela betikotz etxera itzultzeko bertigoa. Fase berri bati ekiteko izua. Baina kexak konponbiderik ez dakarrenean, zer egin?

Hasteko, alferrikakoa da arazo komunak indibidualizatzea. Esan nahi baita, afera ezinbestean jorratuko dugu indibidualki eta ziur batzuetan pertsonara mugatzea beharrezkoa dela. Baina problematikak adin-tarte oso bat zipriztintzen badu, zergatik ez elkartu? Zergatik ez batu zure antzera gurasoen etxera itzuli nahi ez, emantzipatu eta bizi proiektu propioak eraiki nahi dituztenekin? Alokairua edo hipoteka, beste aukerarik ez dela dirudi. Eta lan mundu prekarioan dabilen edo hau ikasketekin uztartu behar duen pertsona batentzat urrun daude halakoak.

Eredu hauei aurre egiteko bada nahikoa espazio. Bada amaitu gabe geratu den edo saldu ezinda prezio altuetan mantentzen den eraikin andana. Badira administrazioarenak diren etxe hutsak, erabiltzen ez diren kostaldeko bigarren apartamentuak edota gero eta ugariagoak diren baserri deslaiak. Eta horien eskuragarritasuna eta birgaitze prozesuak aldarrikatu badira ere, okupazioa zigortzeko joeraz landa, udal gehienen jarrera falta agerikoa izan da.

Hala ere, abiatu dira proiektu aitzindari batzuk. Horien artean ezagun da Marea Gora, Errenteriako gazteei zuzendutako etxebizitza komunitarioaren inguruko plana. Gutxi batzuei etxebizitza bat erraztu ordez, herriko gazteen artean eredu berri bat landu dute. Honela, 2018an zabalduko den izen-ematearen ostean, udal eraikin batean biziko dira 26 gazte, lan komunitarioak egin eta alokairu soziala ordaintzearen truke.

Baina halako fruituak tokian tokiko babesari esker loratzen dira. Eta Los 40 Summer Live-ren gisako jaialdi arrotzak itsuki babesten diren eta atzoko eran SKAPA jai herrikoiak zapaltzen diren herri batean nekez lortuko da halakorik.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak