Ana Jaka
BIDAIA TXIKIA

Kalbariorantz

2014ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Gai handia aukeratu dut asteartea bezalako egun txiki baterako (ospe txarrekoa, gainera, halakoez aritzeko): maitasuna. Baina, tira, udako asteartea da, eta udako egun guztiek dute igande izateko bokazioa; opari diezaiogun, beraz, astearte honi igande bateko handitasuna. Gaiari garrantzi pixka bat kenduko diogu horrela. Holaxe egiten dugu baita gure artean ere: garrantzia kendu. Gutxitan hitz egiten dugu maitasunaz, lotsa dago edo, agian, ziurtasun falta, ez dakigulako oso ongi zertaz ari garen, zer den, hain zuzen ere, maitasuna.

Aurrekoan idazle bati entzun nion honako gogoeta hau: gizakiak istorioak behar dituela mendez mende ikasitakoa gordetzeko, belaunaldi bakoitzak zerotik hasteko beharra ez izateko. Gai nagusiak gutxi zirela, istorio guztien osagai. Horietako bat, noski, maitasuna. Eta harira ekarri dut kontua, ze atzo, lagunarteko berriketan, filmez hasi ginen hizketan, galdera hau aitzakia hartuta: zein da zure maitasunezko filmik gustukoena? Maitasunaz hitz egiteko modu erraza, zeharkakoa. Filmek, beste narrazio motek baino gehiago gaur egun, gai handiez hitz egiteko balio dute. Maitasuna zer den esaten digute. Erantzuna? Balizko aukera guztien artean, maitasuna sakrifizioarekin lotzen dutenak dira arrakastatsuenak. Romeo eta Julieta-tik Noahren Egunerokoraino, maitasunagatik jasandako neke guztiek merezi dutela diotenak ateratzen dira irabazle. Horiek dira a, ze polita..! bat eta bi malko ateratzen dizkigutenak. Gure artean onartuko ez genituzkeen ahalegin eta estutasunek liluratu egiten gaituzte pantaila handiko protagonisten haragian.

Ederra deritzogu baldintzarik gabeko entregari. Baina benetan al da baldintzarik gabekoa? Halako istorioek bi bukaera posible besterik ez dute: saria, amaierako elkarrenganako maitasuna, edo heriotza. Beste irtenbiderik ez dago. Dena ematen duen maitaleak, dena galduko luke helburua lortuko ez balu. Eta irrigarri gelditu ere bai, eskainitako bizitza errefusatuko balu maitatuak. Ezin burutik kendu taberna baten barruan bere buruaz beste egin duen gizasemea. Guztiz sinetsita omen zegoen tipoa taberna hartzeko diruz lagundu zuen emakumeak maitasunaz itzuliko ziola inbertsioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.