lander garro
UDA BETIKO BALITZ

Erretratuak

2016ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Erretratuak dauzkagu etxeetan, mesanotxean, armairuetako apaletan. Erretratuak dira manera bat denboraren botere ahalguztiduna desafiatzeko, logika kronologikoari iseka ironiko bat egiteko. Erretratuak dira gauza bat berez antinaturala, eta, era berean, gauza bat kasik premiazkoa, laguntzen digutelako egiaztatzen ez garela beti izan gaur garena, inoiz izan ginela gazteago, inoiz izan ginela zinez zoriontsu paisaia urrutiko batean.

Nork bere erretratuen arkitektura dauka, batzuk paratzen ditugu sare-sozialetan eta beste batzuk marko batekin apaindu eta ohe ondoan jartzen ditugu, nahi ditugulako etengabe ikusi, edo nahi ditugulako aldarrikatu, demagun kanpoko jendea etxera datorrenean, harro esateko koadroan dagoen hura dela geuretzat garrantzitsuena, esate baterako geure amona Maria Luisa, edo geure arbasoen baserria, edo osaba Migeltxoren barkua, edo zakurra, edo seme-alabak. Nork bere literatura eransten dio argazkiari, eta nork bere atxikimendu emozionala dauka. Kontu intimoak dira horiek.

Badira beste batzuk, ordea, aitortza herrikoiak direnak, herriak egiten dituenak, nola izate diren presoen argazkiak, paratzen direnak gauaren babesean, oker eta baldar, ziztuan, antsiaz, arduraz, ikaraz eta hunkiduraz. Debekatu zituelako autoritateak. Lehenago bortxaz eraman zituen autoritate horrek berak, geurean dena autoritate kolonizatzaile bat, eraman izan duena jendea galeretara kasik gaua gaua denez geroztik.

Presoak eraman zituzten, eta argazki batek ez du hori konpontzen. Baina ezein erretratuk denboraren logikari desafiatzen dion bezala, presoaren argazkiak gatibutatzen logika desafiatzen du: eraman zenituzten, baina hemen daude oraindik, geure kaleetan, pasatzen den ororen ikusgarri.

Herriak oroitzeko daukan zilegitasuna autoritateak zalantzen jartzea, noski, ez da harritzekoa. Zer ez den erakargarri, izan ere, haiek hezur eta haragi eraman zituzten bezala, haien akordua ere eramatea. Ankerragoa da, ordea, haren akordua, nork ere herriak berak kendu nahi izatea. Zeren eta gaur izango baita niri edo zuri gustatzen ez zaigun horren erretratua, eta bihar izango da beste edonor. Kontua da lehena kentzea, ze, behin hasita, gero etorri daitezke beste asko, eta, oharkabean, etsaiaren lana egiten amaitzen duzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.