Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Garrantzia

2017ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Rosariotik dator notizia, Argentinatik. Messi, mundu mailako futbol izarra, ezkondu egin da. Bertakoa da sortzez, eta bertan ezkondu da. Hemengo telebistetan ere agertu dira irudiak. Zer esanik ez bihotzeko aldizkarietan: gonbidatuak, trajeak, soinekoak, ezkonberriak, bidaia, jatetxea... inora ez daramaten hainbat elkarrizketa daude sareetan. Zerbitzariek esan dute naturalak eta kopla gutxikoak direla protagonistak aberatsak izan arren; lagunek esan dute bikotea betidanik ezagutzen dutela eta betidanik maite dutela elkar; Rosarioko herritarrek euren poza agertu dute galdetu dietenean. Azkenean, baina, beste askok egin duten moduan, paper bat sinatzea izan da kontua. Rosarioko erregistroan erregistratu dute Messi eta Racuzzo ezkondu direla, eta hara abiatu da kazetaria. Galdetzea edonork egin dezakeen zerbait delakoan edo, baieztatu egin dizkio zenbait gauza bertako zuzendariari: «Hauxe izango da inoiz ospatu duzun ezkontzarik garrantzitsuena». Mundua gelditu arren, lanean jarraitzea tokatu zaionaren tonuarekin erantzun du funtzionarioak: «Ez, bada: nik hemen bizi izan dudan ezkontzarik garrantzitsuena nire lagun minak ezkondu zirenekoa da. Bederatzi urtetik gara lagunak, izan ere». Nahiko da erantzun hori txistu garratza irentsi eta amore emateko, baina kazetariak Rosarioko historia aztoratzeko moduko gertaera baten berri eman nahi du: «Bueno, baina seguruenez, hauxe izango da erregistro honetan dagoen aktarik garrantzitsuena». Esango duenak merezi duen segurtasunez jarraitu dio erregistroko zuzendariak: «Ez, inondik inora ere ez, Rosarioko Erregistroko aktarik garrantzitsuena Che Guevararen jaiotza agiria da». Hori da hori zelofanaren azpian anekdota puztua antzemateko gaitasuna, eta garrantzitsuak diren gauzak zer diren argi izatea.Luzaroan egon naiz bakarrik barreka, eta gero pentsatu dut eskerrak oraindik ere badagoen aztoramenaren erdian perspektiba galtzen ez duen jendea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.