Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Turista, zoaz etxera

Publizitatea

Iritzia

LARREPETIT

Turista, zoaz etxera

 

2017-04-20 / Manex Agirre

Oporra, dedikazioren bat duenak, dedikazio horretatik libratzeko aldia da (Orotarikotik lapurtua: gaur be oporra izan dou taillerrian, arginddarrik etzeuan da); baina, hara non, aurtengo aste santuan, etxean ez dugun kanpora joateko hauturik egin, eta, ondorioz, gure umea dabilen arraro samar, eskolara joan beharrik ez, baina etxetik kanpora joan ere ez, eta ea zer opor-modu diren horiek. Eta, helduok ere, «non etxean baino hobeto / benetako deskantsua, hauxe, etxetik mugitu gabe» diskurtsoa errepikatu arren gure buruei, ez gara sentitzen oso edo guztiz oporretan, hain dugu muinetan iltzatua oporra berdin desplazamendua/deskonexioa egitate hori (ikus Angel Erroren atzoko Jira). Ihesa gain baloratuta dago, benetako beharrik ez duen orok (hau da, herrialde garatuetako klase ertainetik gorakook) ihes egin nahi duenetik. Hori bai, ihesa, aldi baterakoa, segurua, eta egiaztatua.

Beraz, opor zaleoi, noizean behin bidaiatzeko aukera dugunoi, kanpora goazenean, gure bisitari-kondizioa onartzea dagokigu, gutxienez. Zeren eta, ihesa gain baloratua badago, kontrakoa gertatzen da turista kontzeptuarekin. Nolakoak garen: turistak baino ezer gorrotagarriagorik badago, turista izaten saiatzen ez diren turistak dira. Joera nahiko hedatua, batez ere, hainbat bidaiari-talde gaztetan. Ezkerguaismoa eta alternatibolaritza praktikan jarri nahi baduzu, badaude modu ez hain kolonizatzaileak. Atzerrira bazoaz, onartu zure atzerritar izaera, bi edo hiru astetako integrazio-prozesurik ez baita esistitzen. Ezin zara munduan zehar markarik utzi gabe ibili.

Turismoaren masifikazioa gero eta sarriago aipatzen den egunotan, Donostian orain ez asko azaldutako Refugees welcome, tourist go home zioen pankartarekin oroitu naiz sarri; mezuaren intentzioa uler dezakedan arren, zaila egiten baitzait onartzea mezu hori idatzi zuena inoiz turista izan ez denik.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak