Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Nicaragüita

2017ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Erraza da eguna akordura ekartzeko. Beti dator militar afrikanisten altxamenduaren hurrengo egunean sandinistena. Nikaraguakoa, 38 urte bete dira aurten, mundutik jausitako ametsa izan zen gure belaunaldiko askorentzat, ilusioaren mamitzea, gaztetasun aldarri bat Che bizirik elastikoetan baino ezagutu ez genuenontzat. Esperanzari leiho bat, eta egiaren aitortzeko, gure euskaltasunetik ere itzulpenik behar ez zuena.

Esperantzari leiho bat Videla, Pinochet, Bordaberry, Strossnereta abarren harrizko gau luzean. Aldeak, nabarmenak inondik ere. Hego Konoko diktaduretatik zetozkigun ikonoak derrotarenak ziren, galtzaileen epika zekarkiguten, eta inportantea oso, ez zen lan handirik behar europar kulturan homologatzeko. Nikaraguatik heltzen zitzaizkigun erreferenteak, aldiz, arras bestelakoak ziren. Irakurri genituen Omar Cabezasen eleberriak, Ernesto Cardenalen poemak, baina nola arraio izan zitekeen sandinismoaren soinu bandaren egile nagusia son tus ferjumenes mujer, los que me sulibeyan harena?

Gezurrik gabe: errazago laketzen ginen aipatu galtzaileen mundu erreferentzialean, ez ziren konparagarriak ere. Baina bizitza bizitzeko dagoelako trumilka abiatu zen jendea Nikaragua sandinistari laguntzera, osasun arloan-eta, baina batez ere alfabetazio kanpainetan. Denborarekin, itzalak agertu ziren, miskitoen komunitateekin zeuden arazoak, ustelkeria kasuak… hauteskundeen porrota heldu zen arte.

Uztail sasoi honetan, lagunek Nikaraguatik ekarritako istorioak biziberritzen zaizkit tarteka. Ez dakit ikasi genuen ezer politikaz, baina gerora El Salvadorrekoarekin bezala (zein hunkigarri kontatzen duen kontzientzia pizte honena Miren Odriozolak Laura esaten zioten liburuan), zalantza barik uste dut bizitza gertuago sentitu genuela, noiz eta, bata zela edo bestea zela, heriotza hain ondoan izan genuen urte haietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.