maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Beldurra

2017ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Altsasura joan nintzen larunbatean gazte mugimenduen bilera batera, eta ez dakit topikoak ala estatistikak berresteko, hortxe zegoen, herri sarrerako biribilgunean, Guardia Zibilaren kontrola. Patrola izan beharrean kotxe zuria zen, trafikoko horietakoa, eta bi gizon baino ez zeuden autoaren eta inguruko ibilgailuen zaindari. Topiko batzuk betez, horiek ere, alfer tripontzi, eta ez sobera beldurgarriak, itxuraz.

Sabelean korapiloa egin zitzaidan halere. «Geldituko ote naute?», «Zer galdeginen didate?», eta «Nik zer erantzunen diet?» bezalako galdera automatikoak buruan bueltaka. Eta, aspaldian egokitu ez zaidan bezala, «Alto!», gelditzeko agindua. Ez ninduten batere nardatu, egia erran. Gidabaimena eskatu, ez nondik eta ez nora nindoan, eta segitzeko aurrera, «Que tenga un buen día».

Kotxea azeleratu eta handik minutu batzuk urrundu arte segitzen zuen sabeleko presioak, ordea. Eta hala izaten dut Santiago zubian ikusten ditudan hamaika aldietan ere. Zer erranik ez autoa ez denean zuria, baizik eta berde ilun-iluna, eta alde batera okertutako txapelak, metraileta luzeak eta gurpilak zulatzeko arantzak daramatzatenean soinean. Aldean ezer bitxirik ez eraman arren, gerta dakizukeen okerrena beti gogoan: duela bospasei urtetik tortura kasurik egon ez den arren, eta ilegalizazio garaia bukatu den arren. Ez dut erranen «bakea» lortu dugun arren, hauek kontrakoa erakusten digutenez.

Eta gogoan, noski, Altsasukoak. Jada ia urte erdia daramatenak espetxean, oharkabean. Pentsatu dut, orduan, agian ez dela hain harritzekoa sabeleko korapiloa. Ez naizela agian beldurtia, segur aski bertze anitzi ere pasatzen zaiela. Kontua da nola bilakatzen dugun beldur hori haiek Euskal Herritik alde egin dezatela lortzeko moduko oihu. Mugimendu feministak matxismoaren aurka erabilitako leloa mailegutzat hartuta, alda dezagun beldurra bandoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.