Alberto Zerain. Alpinista

«Oiartzabalek proiektua utziko balu ere, badut zerbait pentsatua»

Juanito Oiartzabalen osasun arazoek planak aldarazi zizkioten Zeraini, eta Manaslu igo du, Mariano Galvan argentinarrarekin. Egunotan argituko da zer gertatuko den Oiartzabalekin abiatu zuen proiektuarekin.
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Unai Ugartemendia -

2016ko azaroak 8
Hilabete pasatu da Manasluko (8.136 metro) tontorrera igo zenetik, Mariano Galvan argentinarrarekin batera. Hala ere, oraindik nabari du bertan ez zirela denbora-pasa egon. Aurpegiko zimurrek agerian uzten dute nolako pasada hartu duen. 2009tik zortzimilakorik igo gabe baldin bazegoen ere, sei hilabetean bi zortzimilako kateatu ditu. Hasteko, martxoan Dhaulagiri (8.167 metro) igo zuen, eta, orain, berriz, Manaslu. Juanito Oiartzabalekin batera zuen proiektuak —Oiartzabalek berriro ere hamalau zortzimilakoak errepikatzea— etenaldi bat izan berri du gaixotasun bat dela medio. Zerainek, ordea, ez du geldirik egoteko asmorik. Erronka berriak buruan ditu.

Egun gutxi dira itzuli zarela. Nola zaude?

Oso ondo, egia esan. Horrelako espedizioetatik ekartzen den nekea kontuan hartuta, eta oraindik ere egun gutxi igaro direla aintzat hartuta, esan dezaket oso ondo nagoela.

Sei urte zortzimilakorik ukitu gabe, eta, orain, berriz, sei hilabetean bi.

Horrela izaten dira gauzak. Hala ere, aurtengo genuen asmoa zen biak egitea. Juanitoren [Oiartzabal] arazoak Dhaulagirin geundela hasi ziren, eta, behin han nengoela, tontorrera igotzeko zortea izan nuen. Manaslukoa, berriz, gerora etorri den proiektu bat izan da, eta, zorionez, hori ere igo dut.

Has gaitezen Dhaulagirikoaz hitz egiten. Nola joan zen martxoko espedizioa?

Aurretik trekking bat egiteko aukera izan genuen, Khumbuko haranean. Bertan geundela, oinarrizko kanpalekura helikopteroan igotzeko aukera eskaini ziguten. Bagenekien ez zigula aukera askorik emango eguraldiak. Egun osoan eguraldia oso aldakorra zen, baina, hala ere, lehen kanpalekura eta bigarrenera joaten saiatzen ginen. Ondo egokitu ginen, eta tontorrera igotzeko eguna iristea bakarrik falta genuen.

Eta eguna iritsi zen.

Bai. Hasi orduko, Juanitok atzera egitea erabaki zuen. Ez zuen bere burua ondo ikusten; nik, berriz, aurrera jo nuen. Bigarren kanpalekura iritsi nintzen. Lo egin nuen han, eta hirugarrengora, 7.200 metrora. Han bi egun egin nituen, eguraldi txarragatik. Bertan geunden guztiok berdin egin genuen. Goizaldeko ordu batean ekin genion Mariano [Galvan] eta biok gailurra igotzeari. Hirugarren kanpalekuan igarotako egunean erabaki genuen batera igotzea. Batera igo ginen tontorrera, eta biok pozez zoratzen geunden. Bera gailurretik zuzenean oinarrizko kanpalekura jaitsi zen; nik, berriz, erabaki nuen bigarren kanpalekuan lo egitea eta hurrengo egunean jaistea.

Orain, berriz, Manaslu igo duzue. Noiz erabaki zenuten berriro ere espedizio berean aritzea?

Lehenengo asmoa, Dhaulagiriko gailurra igo eta gero, Juanitorekin Broad Peakera joatea zen. Oiartzabalen arazoak direla medio, babesleekin batera erabaki genuen Broad Peakera ez joatea. Une batean, proiektua bertan behera ez gelditzeko, Manaslura joatea eskaini zidaten. Marianok ere mezu batean esan zidan hara joateko asmoa zuela, eta, asko pentsatu gabe, hara joatea erabaki genuen.

Ez zenuen oso ondo hasi espedizioa, hala ere.

Ez. Samagonera iritsi, eta ohean pasatu nituen lehen hiru egunak. Atzerapenarekin hasi nuen espedizioa. Samagonen nengoen bitartean, Galvanek jada 7.000 metrora igotzea lortu zuen.

Biak oso mendizale bakartiak zarete, nola konpondu zineten lehen egunetako prestaketetan?

Oso ondo konpondu ginen. Biok argi genuen zerbait berria egin nahi genuela, ez genuela betiko bidetik egin nahi. Haren filosofia ere halakoa da: gauza berriak probatzea. Behin mendian sartu ginenean, betiko bideari begiratu ere ez genion egiten. Lan handia egitea tokatu zitzaigun, eta, horman sartu ginen lehen egunean, 5.500 metrora iristea lortu genuen. Hurrengo irteeran, bi bibak egin genituen: bat 5.800 metrora eta bestea 6.300 metrora. Astebetean, bigarren kanpalekua jartzea lortu genuen. Bide berriak lilura sortzen zigun bioi.

Nolakoa izan zen gailurrerako lehen saialdi hura?

Irailaren 27an ekin genion gailurrari. Ikaragarrizko lana egin genuen. Elur handia zegoen pilatuta. Gainera, guk uste genuen lekuan ez zegoen kanpadendarik. Orduan, bertan behera geratu zen talde lana. Marianok gailurrerako bideari ekin zion; nik, ordea, beherantz jo nuen.

Ez zegoela zuek prestatutako dendarik?

Ez, ez zegoen. Guk bigarren kanpalekuan prestatua genuen kanpadenda ez zegoen guk utzi genuen lekuan. Hasieran pentsatu genuen tapatu egin zuela elurrak, baina ez. Orduan konturatu ginen baten batek amildegiren batetik behera botako zuela. Susmoa badugu nor izan zitekeen, eta eskua sutan jarriko nuke korearren espedizio komertziala izan zela.

Nola da posible 2016. urtean oraindik horrelako gauzak gertatzea?

Espedizio komertzialek askotan horrelako presioak izaten dituzte. Korearrak hamabost bat lagun ziren gutxi gorabehera, eta haientzat tontorrera igotzea oso garrantzitsua zen.

Baina Galvanek mendian lau egun igaro eta gero, ez zuen igotzea lortu. Zuk nola ekin zenion hurrengo ahaleginari?

Lehen ahalegina egin eta gero, bi egun igaro ondoren, bizkar zorroa prestatu, eta Marianoren zain gelditu nintzen. Ez zetorrela ikusirik, gailurrerantz jo nuen. Uste nuen bidean elkartuko nintzela Marianorekin, baina ez zen horrela izan. Hirugarren kanpalekuan kanpadenda batean sartu nintzen, edateko eta atseden hartzeko. Handik, berriro ere, oinarrizko kanpalekura jaistea erabaki nuen. Iruditzen zitzaidan ez zela egokiena. Gainera, ez nekien Galvan non zegoen ere. Lasai jaitsi nintzen. Oinarrizko kanpalekuan, nire harrigarri, berriro elkartu nintzen Galvanekin, eta nik hurrengo egunean ekin nion igoerari, berriro ere.

Bakarrik? Garai zaharretan bezala?

Bai. Sukalde txiki batekin eta kanpadenda batekin abiatu nintzen hirugarren kanpalekura. Banekien igo egingo nuela. Han erabaki nuen gauez saiatzea. Egun osoa atseden hartzen pasatu nuen. Ateratzear nengoenean, elurrak ez zuen aukerarik eskaintzen, eta pixka bat itxarotea erabaki nuen.

Bitartean, Galvanek igoerari ekin zion, gelditzeko asmorik gabe.

Bai. Ni atseden hartzen nengoen bitartean, nire kanpadendaren ondotik pasatu zen. Ez nuen ikusi ere egin. Gailurrerantz abiatu nintzenean, urrutira ikusi nuen, nire aurretik 400 metrora edo. Ez nekien zein zen, baina segituan pentsatu nuen bera izan zitekeela. Laugarren kanpalekuan haren bizkar zorroa ikusi nuen. Han utzia zuen, gailurrera azkarrago igotzeko asmoz. Aurretik lau egun igaro zituen mendian galduta, eta, hala ere, gailurrera igo zen, ia atsedenik hartu gabe eta ia geldialdirik egin gabe.

Nola gogoratzen duzu Manasluren gailurra?

Une oso polita izan zen. Argazki batzuk ateratzeko eta bideo bat grabatzeko aukera izan nuen. Haizetsu zegoen arren, gozatzeko aukera izan nuen.

Lagun handia egin duzu Mariano Galvan (Trelew, Argentina, 1980). Nolakoa da?

Oso tipo berezia da. Ez zaio inon arrastoa uztea gustatzen. Buruz oso indartsua da. Jendeari nekea eta ezinegona iristen zaionean, Galvanek biak batu egiten ditu eta indar berezi bat sortzen du haiekin. Ohitua dago zama handiarekin ibiltzen, mendiko gidari gisa ere lan egiten duelako. Sei zortzimilako eginak zituen, eta, beraz, banekien ez nindoala hasiberri batekin. Bakarrik ibiltzea gustatzen zaion horietakoa da, nire tankerakoa.

2017ra begira. Nola jarraitzen du 2x14x8000ko proiektuak?

Datorren astean batzar bat egiteko asmoa dugu, eta orduan argituko da egoera. Oraindik ez dakigu Oiartzabal nola osatuko den, eta horren zain gaude.

Oiartzabalek jarraitzen ez badu, zer egingo du proiektuaren babesle nagusi Saunier Duvalek?

Nik uste dut nire aldeko apustuarekin jarraituko dutela. Erakutsi didate begirune handia dutela mendiarekiko, eta ez dut uste proiektua bertan behera geldituko denik.

Eta zuk, zer egingo zenuke?

Ezin dut askorik hitz egin. Zerbait pentsatua badut Juanitok proiektua bertan behera utziko balu ere, baina oraindik goiz da ezer esateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna