Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina. IRITZIA

Erabakiaren aroan, urratsak elkarrekin

Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas - Gure Esku Dago-ko kideak

2016ko irailak 18
Gure Esku Dago-k Ficoban (2013) ibilbidea abiatu zuenean, ohartu ginen Europan tren bat bazebilela martxan etorkizuna libreki erabaki nahi duten herritarrek gidatuta; eta euskal herritarrok tren horretara igotzeko beharra sumatu genuen. Hiru urtera, pozik esan dezakegu erabakitzeko eskubidearen trena Euskal Herriko geltokira iritsi denean milaka herritar igo garela.

Erabakiaren aroa zabalik dugu Europan, eta erabakitzeko eskubidea da prozesu demokratizatzaileak bideratzeko tresna. Eskozian, Katalunian...; baina baita Erresuma Batuan eta Europako Batasunaren baitan ere; eta, nola ez, Espainiako krisi politikoari irtenbidea emateko gakoetako bat da, dudarik gabe.

Erabakiaren aroa pasatzen ez uzteko, ordea, Kirmen Uribek maisuki adierazi zuenez (2014), XXI. mendean hiru hitz utzi behar ditugu idatzita euskal herritarrok: etorkizun, elkarrekin eta erabaki.

Oinez ikasten da bidea egiten, eta herritarrok konturatu gara zein garrantzitsuak garen erabakitzeko prozesuetan, protagonista izateraino. Erabakitzen nekatzen ez garen herritarrak izanik, erabaki nahi dugun herritarrak gara, eta, hori dela eta, erabakitzeko behar diren baldintzak eta giroa sortzea gure esku hartu nahi dugu. Gure arteko konplizitateak eta konfiantzak sortuz eratuko dugu erabakitzeko orubea, eta gure gain hartu nahi dugu, halaber, lortzen diren aurrerapausoetan atzera ez egiteko ardura eta bermea.

Herritarrok, horrela, gure bide orria martxan jarri dugu: «Ehundu-adostu-erabaki». Borondateak josi, erabakitzeko sarea ehundu; erabakitzeko eskubidea gauzatzeak eskatzen dituen jarrerak eta balioak landu; eta erabakitzeko eskubidearen ariketak egin: hots, galdeketak. Bide orriari esker, ohartu gara horrelako prozesu batek zer-nolako zailtasunak dituen, baina, era berean, jabetu gara zein ariketa aberasgarriak diren, gure arteko bizikidetza sendotzen laguntzen dutelako eta, boza ematearekin batera, denok sentitzen garelako herri honetako kide —heldu eta gazte, emakume zein gizon, hemengo eta hango...— eta etorkizunaren parte.

Era berean, ikasi dugu erabakitzeko eskubideak nola eta zer galderei erantzun behar diela ezinbestean. Nola erabaki galderari erantzuteko bide orri bat behar dugula eta, Zer galderari erantzuteko, berriz, erabakitzeko eskubideak zenbait korapilo askatzea eskatzen duela. Alegia, gaiaren inguruan dauden beldurrez hitz egin behar dugu, eta egon dauden zalantzak argitu, askotxo baitira. Bestalde, «herri libre batean jende zoriontsua» izateko zer-nolako herrian bizi nahi dugun irudikatzeko aukera eskaini behar du erabakitzeko prozesuak.

Ikaspen horiekin guztiekin ilusioz eta itxaropentsu helduko diogu EAEko legealdi berriari (2016-2020); izan ere, aukera paregabeak ikusten ditugu Euskal Herriko erabakitzeko prozesuan urrats berriak egiteko. Erabakitzeko eskubidea agenda politikoaren lehen lerroan kokatu da, eta herritarrok gure esku dagoen ehundu-adostu-erabaki bide orrian sakontzen jarraitzeko borondatea ozen adieraziko dugu; uste baitugu aukera ezin hobeak daudela euskal bide orriaren adierazpen instituzionala lortzeko. Zailtasunak izango dira, inork ez baitu esan erraza izango denik, baina 2019ra bitartean Hego Euskal Herrian hauteskunderik gabeko oso tarte interesgarria zabalduko da erabakitzeko prozesu demokratikoak eskatzen dituen jarrerak eta elkarrekiko konfiantzak ehuntzeko eta askatu beharreko korapiloak askatzeko.

Gu, herritarrok, hortxe izango gara, auzoz auzo eta herriz herri, erne, lanean, elkarlanerako prest; bestela esanda, ahaldunduta, gure esku ditugun tresna guztiekin prozesuari ekarpena egiten eta behar den babesa eskaintzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna