Eusko Lebebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina. ANALISIA

Epe luzerako lana

Bego Zugadi - Feministaldeko kidea

2016ko irailak 15
Lau urte asko izan daitezke, eta aldi berean oso gutxi, egitekoa gizartea eraldatzea denean, baina nahikoa aldaketarako helburuak zehaztu eta oinarriak finkatzeko. Feminismotik patriarkala den gure gizarte hau hankaz gora jarri eta berria eraiki nahi dugu, gizon eta andreok eskubide berdinak izango ditugun gizarte berria, gizon zuri heterosexualen pribilegioak ezabatuko dituena, bizitza eta haren jasangarritasuna erdigunean izango dituena. Horrela ulertzen dugu guk berdintasuna.

Amaitzear dagoen legegintzaldiak, aurrekoek bezala, emakume eta gizonen berdintasuna lortzea izan du helburu; epe luzera, noski. Baina egin al dugu aurrera emakumeen eskubideetan eta ongizatean? Gutxiago al dira gizonen pribilegioak?

Parlamentuak berdintasunarekin «zerikusia» duten lege bakar batzuk onartu ditu. Emakume baserritarren estatutua, poztekoa; kontratuetan klausula sozialak sartzeko legea (ikusi beharko da emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko klausulak sartzen diren eta zein kontratutan), edota ezagunena: zaintza partekatuaren legea deiturikoa. Gurasoen banantze eta haustura kasuetako familia harremanak arautzen ditu, eta, harremanekin batera, etxebizitzaren erabilera eta beste interes batzuk ere bai. Beraz, berdintasunerako ekarpen gutxi. Ikusiko da, gainera, indarkeria matxista jasan baina salaketarik jarri gabe banatu edota salaketa jarrita ere frogatzeko zailtasunak dituzten emakumeengan (eta seme-alabengan) izan ditzakeen ondorioak.

Feministok zaintza partekatua jartzen dugu helburu, baina ez bakarrik umeen zaintza partekatzea haustura eta banantze kasuetan. Gu pertsona helduen edota ezgaitasunak dituzten pertsonen zaintza partekatzeaz ari gara, eta hausturarik egon aurretik ere umeen zaintza partekatzeaz (oraingo legegintzaldian, adibidez, langile publikoentzako iraupen bereko gurasotasun-baimenak planteatzean itxarotea erabaki dute). Gizonak zaintzaren ardura eta lan karga hartzera bultzatzeaz ari gara, eta zaintzarako zerbitzu publikoak sortzeaz. Zaintzaren kargak eta ardurek eragina dute emakumeen enpleguan, baita emakumeen pobrezian eta osasunean ere. Beraz, aurrera begira, badago zereginik.

Bestalde, gobernu honek indarkeria matxista amaitzeko ardura erakutsi du, zenbait ekimenen bidez: Beldur Barik programa, arreta-telefonoa, formakuntza profesionalentzat, emakumeen genitalen mutilazioaren aurrean jarduteko gida, zerbitzuen arteko koordinazioa... Baina ez dira nahikoak. Emakume erailak izan ditugu, sexu erasoak hainbat izan dira, euren gizona salatu duten emakumeak milaka, eta askoz gehiago oraindik ezkutuan dagoen indarkeria matxista. Mugimendu feminista indarkeria matxistaren aurka tinko eta indartsu azaldu da, horren adibide izan da Feministok Prest! manifestazioa Gasteizen, eta horrela azaltzen jarraituko du, egoerak horixe eskatzen baitu.

Bada garaia gauzak argi esan eta arazoari kolpetik heltzeko. Gizarte heteropatriarkal eta matxista batean bizi gara; programak eta kanpainak baino gehiago behar da egoera honi buelta emateko. Lau urtean ezin daiteke berdintasuna lortu, ezta hamabi urtean ere. Izan ere, inoiz ez da berdintasuna lortuko politikariek adabakiak jartzen jarraitu eta honetan sinesten ez duten bitartean. Aurrekontuetan benetan inbertitzen ez den artean, eta helburua eraldaketa soziala ez den bitartean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna