Kataluniako erreferenduma. Elkarrizketa. Mireia Vehi. CUPeko diputatua

«Madril independentistak modu estratosferikoan sortzen ari da»

Herrialde Katalanen eraikuntzari atea zabaltzen dion erreferenduma dela uste du Vehik. Botoa eman, baiezkoak irabazi eta prozesu konstituzionala burututa ere ez baita haien borroka bukatu. Bideoa elkarrizketaren amaieran.

ORIOL CLAVERA Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Mujika Tolaretxipi -

2017ko irailak 16

Valentzian Anna Gabriel diputatuarekin batera eskuin muturrarekin eta Espainiako Poliziarekin edukitako liskarren ostean izan da BERRIArekin Mireia Vehi (Girona, 1985). Pintaketak egin zituzten Gabrielen kontra, diana baten erdian jarriz; furgoneta miatu zieten, eta identifikarazi. «Baina zer da herri honetan daukagun onena? Gure jendea. Ehun bat pertsona zeuden. Babestuta sentitu ginen», zehaztu du.

Herrialde Katalanetako lau hiriburuetan egin duzue kanpainaren aurkezpena. Zein da CUPen estrategia Katalunia ez beste herrialde guztiak berreskuratzeko?

Autodeterminazio prozesua ez da gure herrialde osorako ekinbidea, ez dio erantzuten Herrialde Katalanen errealitateari, baina guk analisi bat egin dugu: estatuaren eta erregimenaren inpugnazioa ez da subiranotasunetik soilik igarotzen, baizik eta lurraldetasunetik ere bai. Logika horretatik abiatuta, pentsatzen dugu gure lurraldearen parte txiki honetako erreferenduma ona dela, eta atea zabaltzen diola ezker independentistak duen proiektu politikoari, Herrialde Katalanen eraikuntzari.

Erreferendumari eutsiz, Madrilek urratsak egin ditu asteotan. Zer gehiago egin dezake?

Denetarik. Askotan erakutsi du denetarako gai dela 78 erregimenaren oinarriei eusteko. Estatu honetan, Euskal Herrian dakizue inon baino gehiago zertaraino den gai. Guretzat garrantzitsua da guk zer egin dezakegun, herriak nola erantzuten duen.

Zer egingo dute mossoek?

Ez dakigu. Espero dut herritarren alde egotea. CUPek ohartarazi zuen legegintzaldi hasieran Barne Kontseilaritzan erreferendumaren kontrako jendea zegoela; Carles Puigdemontek egin zituen aldaketak, eta orain ikusteko dago aldaketok eraginkorrak diren. Ikusi beharko da udaltzainekin ere zer gertatzen den.

Legebiltzarrean osoko bilkurarik ez egitea erabaki duzue erreferenduma igaro arte. Zergatik?

Erreferendumaren kanpainaren hasieran gaudela, eta judikaturaren sekulako errepresioa jasanez, egingo ez duguna da ordezkapen politikoaren ganbera garrantzitsuenaren jarduera normala aurrera eraman. Legebiltzarrak jendearekin egon behar du, ez jendearen bizkar. Absurdoa litzateke.

Diputatu gisa, CUPekoek nolako elkarbizitza duzue Junts Pel Sirekin?

Gure kezka beti izan da nola izan iniziatiba politikoa, nola ez apendize bat izan, eta hori egitea asko kostatu zaigu, botere zentro guztietatik beti dagoelako uniformizatzeko tentazioa.

Legegintzaldi guztian saiatu gara ekintza politikoa egiten, baina ez da gure jokalekua. Gurekin zerikusirik ez duen instituzioa da, gure kultura politikatik kanpo dago, nahiz eta gogor defendatzen dugun. Hemen, ordezkaritza politikoa maskulinoa da, non eztabaida politiko sakonekoak ez dauden, non erabakiak minutu eta erdian hartzen diren. Guk mantsoago hartzen ditugu erabakiak, batzarrean, eta saiatzen gara ahalik eta justuenak izaten. Gu ez gara etorri hona lagunak egitera.

Esan berri duzue gehiengo parlamentarioa duzuela, baina gehiengo sozialaren bila joan behar dela. Nola?

Herritarren legitimotasuna nahi dugu. Kalea eta gorteak ez datoz askotan bat. Adibidez, 2015eko irailaren 27ko bozetan ez genuela irabazi esatera atera ginen. PDECatek esan zuen plebiszitua irabazi genuela, baina, guretzat, ez zen horrela izan. Esan genuen herrialde honek prozesu kolektibo bat behar zuela, egiten ari garenera iristeko. Nola eraikitzen da legitimotasuna? Auzoz auzo, ateneoz ateneo, eta txokoz txoko. Ezker independentistak, antikapitalistak, denbora asko daramate hori egiten.

Bestea da Espainiako estatua modu estratosferikoan sortzen ari dela independentistak. Iritsi da une bat non gure analisiaren gainetik dagoen egoera: jada ez du subiranotasunarekin zerikusia soilik; duintasunarekin du, erabakitzeko eskubidearekin, eta pentsatzearekin Espainiako estatuak ez duela erabakiko guk izan nahi duguna, independente izan nahi, edo ez.

Joan den astean erreferendum eta trantsiziorako legeak onartu genituenean konturatu ginen gure lana legebiltzarrean amaitu dela, eta, orain, kalera joan behar dugula. Jendeak hasi duen prozesua jendeak amaitu behar du, eta gure instituzioetako bidea anekdota baten moduan ikusiko dugu hemendik urte batzuetara.

Kalean printzipio ezkertiar eta feministekin gertuago senti daitezkeen Podemosen aldekoek, berriz, zehaztugabetasun bat erakutsi dute. Zer deritzozu?

Irailaren 11n Pablo Iglesiasek, Xavi Domenechek eta Ada Colauk egin zuten ekitaldia haien jendeak ere ez zuen ulertu. Absurdoa da esatea hau ez dela erreferendum bat, mobilizazio bat dela, gobernu bat daukazunean hauteskunde prozesu bat prestatzen, estatu bat errepresioaren palankari ematen. Hauteskundeak irabazi beharrari begira daude, kongresuko indarrak aldatu nahiari, ikusi duten arren horrek oso luze joko duela, bi herenak unionistak direlako.

Ez dauka zentzurik Kataluniako herriaren ondoan ez jartzeak. Kalkulu elektoralak egiten ari dira, hau ongi ateratzen ez bada, baina orain ez da horretarako unea. Baina egongo dira erreferendumean, ezin dute besterik egin. Oinarria egongo da, mugimendu sozialetatik datorren jendea egongo da. PSCko jende asko bezala.

Non jarriko zenioke legitimotasuna erreferendumaren parte hartzeari?

Arazo bat daukagu, eta da estatu bat kontra daukagula. Hau ez da erreferendum bat eskoziar erara. Hor daukagun erreferentzia azaroaren 9a da, eta gutxienez ez bada parte hartze hori gauzatzen, hau ezingo da defendatu, kalean defendatu beharko baita prozesua; alkateak deklaratzera joaten direnean jendeak defendatu beharko baititu kalean. Estatuari enbatea baita.

Bi jokaleku ditugu: ongi ateratzea edo gaizki ateratzea.

Gaizki ateratzen bada, errepresioagatik izango da, eta desobedientziari nola eusten diogun ikusi beharko da, eta gaizki atera daiteke ere logistika egokia ez duelako izan, edota gobernuak ez duelako behar adina egin. Hori arazo politiko larria litzateke. Eta statu quo-a mantendu nahi duenak zapuztu nahi badu, arazo bat daukagu, klase gatazka bat.

Ondo ateratzen bada, ikusiko dugu nola egiten den, eta nola lortzen dugun prozesu konstituziogilea egitea. Ondoren, borroka egingo dugu.

Zein ildo defendatuko dituzue?

Sozialismoa, feminismoa eta independentzia. Subiranotasun guztiak berreskuratu nahi ditugu. Zerbitzu publikoen alde eta feminismoan oso gogorrak izan beharko dugu. Zortea dugu herri honetan mugimendu feminista gogor dagoela, eta espero dezagun oinarrietaraino joatea. Lurraldetasunaz ere ari gara, aberastasun banaketaz, zorraz, Europako Batasunaz, immigrazioaz, energiaz, turismo ereduaz... Klase borroka latza izango da.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Muriel MacSwiney ekintzailea, New Yorken, senar Terenceren heriotza salatzeko protesta batean. ©BERRIA

Matxinada baten adar guztiak

Niall Cullen

Gaur ehun urte bete dira Terence MacSwiney irlandar errepublikanoa hil zela, 74 egunez gose greba egin eta gero. Berehala bilakatu zen nazioarteko erreferentzia antiinperialistentzat eta nazionalistentzat.

Frontex agentziako agente batzuk, Portugalgo kostan, artxiboko irudi batean. ©EFE

Frontex migratzaileen legez kanpoko itzuleren «konplize» dela salatu dute

Ander Perez Zala

EBren agentzia «hein bateraino» dago «inplikatuta» jardun horretan, ikerketa baten arabera

Lopez, iaz emandako elkarrizketa batean. ©M. G. / EFE

Leopoldo Lopez Venezuelatik atera da

Ander Perez Zala

Oposizioko buruzagia Espainiaren enbaxadan zegoen 2019an Maduro boteretik botatzen saiatu zirenetik; «bide klandestino bat» erabili du herrialdetik irteteko. Bere aitaren arabera, Espainiara joango da «laster».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna