Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Epaileak zer esango zain

Publizitatea

Kirola

Epaileak zer esango zain

Kaiarriba Donostiarrak TKEri eskatu dio Ur Kirolak bere itunpeko talde gisa onar dezala, kanporaketa jokatu ahal izateko. Erantzunaren zain dago
Donostiarra taldeko arraunlariak, sasoi honetan Portugaleten irabazitako bandera ospatzen.
Donostiarra taldeko arraunlariak, sasoi honetan Portugaleten irabazitako bandera ospatzen. OSKAR MATXIN EDESA / ARGAZKI PRESS

2017-08-12 / Aitor Manterola

Traineruen Kluben Elkarteko hamabi taldeen eskariz, ligaren arautegiko 25. artikulua gehiago zehaztu zen iragan udaberrian. Erabaki haren ondoren, talde bat bi klub edo gehiago elkartuta osatzen denean, taldeetako bat izendatu behar da egitasmoaren sustrai edo enbor. Ez da txikikeria; izan ere, talde horretako arraunlariak izango dira harrobikoak TKEko araudiaren arabera, eta ez egitasmoko beste taldeetakoak.

Klub batzuen kezka, gero legea gehiago zehaztea eragin zuena, TKE ligara igotzeko iazko kanporaketan sortu zen. Kaiarriba Donostiarraren kasua ikusita, 25. arauaren lehengo izaera nahasgarri samarra zela iruditu zitzaien, eta horregatik eskatu zuten hura berrikustea. Kaiarriba Donostiarrak, berriz, arautegi horretara egokituko zela esan zuen udaberrian. Ildo horretatik, uda hasieran eskaera hau egin zion TKEri: Ur Kirolak taldea izatea Kaiarribaren itunpeko kluba. TKEko epailea isilik dago ordutik, eta hari dagokio eskaera onartzea ala ez. KAE liga bukatu ez den arren, Donostiarra dagoeneko matematikoki sailkatua dago Eusko Label ligara igotzeko kanporaketarako, eta ezinbestean bete behar du TKEko araudia orain.

Bien bitartean, traineru ligako hainbat klubek zalantza dute Ur Kirolak Kaiarribaren itunpeko izan daitekeen ala ez. Horren aurrean, eta, batez ere, beste klubei Kaiarribaren eskaeraren berri emateko, ezohiko batzarra egingo du gaur TKEk, Oiartzunen. Gaurko bileran, elkarteko zuzendaritzak kluben iritzia jaso nahi du gaiaren inguruan. Batzarra ez da izango erabakiren bat hartzeko, hori epailearen ardura baita bakarrik. Kluben elkarteak esandakoaren arabera, datorren astean jakinarazi dezake ebazpena ligako epaileak.

Elkarteko hainbat klub kezkatuta daude, epailearen erabakia berandu iritsiko delako. Klub horien arabera, abendutik dago eskaera egina gai hau behar bezala lotzeko, eta udaberriko legearen berrikusketak erdia baino ez omen zuen argitu. Klub horien ustez, talde bateratua sortu ahal izateko, klub batek nagusia izan behar du, eta, gaia aztertu den bakoitzean, arraunaren historian izandako hainbat adibide eman dituzte: San Pedrok Kalparra sortu zuen, San Juanek Yola, eta Castrok Castreña. Traineruen Kluben Elkarteko kide horien ustez, hori ez da Kaiarraba Donostiarrak Ur Kirolak taldearekin duen harremana, ezta Arraun Lagunakekin ere, egitasmoko kide den beste taldearekin.

Kanporaketa hilabete eta astebete barru jokatuko da; klubek diote lehenagotik eman behar zuela erantzuna epaileak, eta orain emateak, lehia bizi-bizi denean, eztabaida areagotzeko arriskua dakarrela. Epaileak onartzen duena onartzen duela, erabaki horrekin aurrera egingo dute, eta errespetatu ere bai. Gaurko batzarrean, ez dira jarrera edota iritzi bateratuarekin azalduko, klub guztiek ez baitute uste bera gaiaren inguruan. Beste gai korapilatsu batzuetan aurrez elkartu eta adostu izan badira ere batzarrera joan aurreko kontuak, oraingoan ez da halakorik izan. Donostiarra ez da bileran egongo, ez baita TKEko kide, baina Igor Makazaga entrenatzaileak «lasai daudela» adierazi zuen atzo, dokumentazio guztia behar bezala aurkeztu dutelako.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak