Albistea entzun

'Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014)'

Kronika poetikoa minari

Alex Gurrutxaga -

2015eko apirilak 19

Egilea: Joan Mari Irigoien. Argitaletxea: Elkar.

Joan Mari Irigoienek gure letretan toki esanguratsua dauka nobelagile gisa, hala kalitatez nola dimentsioz. Azken hamar urtean helduentzako poema libururik argitaratu gabea zen; nobelak bai, jakina denez, baina poesia da oraingoan kaleratu duena. Eta, batez ere nobelagile izanik ere, gogoan hartzekoa da poesia izan zela Irigoienek argitaratu zuen estreinako liburua —Hutsetik esperantzara, 1975ean—, eta honakoa zortzigarren liburua duela genero horretan. Tartean, Denborak ez zuen nora (1991) edo Hautsa eta maitemina (1998) liburuak argitaratu zituen.

Koldo Izagirrek «Arestiondoko poesia existentzial-errealista» hitzak baliatu zituen Irigoienen hasierako poesiari buruz, eta terminoak egokia izaten jarraitzen du ondorengo poesiaz mintzatzeko ere, hala nola Biziminaren sonetoak (2004) liburuaz, eta baita azken lan honetaz ere: errealismoa eta gure izateari buruzko gogoeta —fedearen kezka eta erlijioaren estetika barne— uztartzen ditu Irigoienek, eta giza existentzia eta denboraren galera gai nagusietakoak dira haren poesian. Bi urtetako kronika fakultatiboa-n, existentzialismoa —egin dakizkiokeen ñabardura guztiekin— gordin ageri zaigu, norbere gaixotasuna, kasu honetan batez ere depresioa, erdigunean jartzeak dakarren kutsu tragikoarekin.

Orrialde eta hitz gutxiko liburua da, eta irakurleari laburregi geratzeko arriskua dauka. Komeni da, gauza bakoitzak bere neurria baitauka, poema liburu petotzat baino gehiago, poesia gisa emandako kronikatzat —kronika fakultatibotzat— hartzea: irakurleoi egindako aitorpen liburua da, eta «esklerosiak edo depresioak jota daudenei» eskainia.

Metrika libreko poesiara jo du Irigoienek. Orain arte metrika askea zein lotua baliatu ditu —besteak beste, lirak eta sonetoak—, baina oraingoan kadentzia narratibo agerikoa daukan poemategia ondu du. Erritmoari lotuta, ugariak dira errepikapenak edo anaforak bezalako baliabideak, eta errimak, berriz, libreki egin ditu, hoskidetasunari eutsiz.

Bestalde, egilea ez da bere buruarekiko errukian edo konplazentzian erortzen, eta poemategiaren tonuak gutxitan jario du solemnitatea edo goiarnasa. Hari batetik zintzilik poemaren amaiera da pasarte loratuenetako bat: «haize hori,/ zeinaren gainean etor bailekizuke/ azken orduko maitale errukitsua:/ dama ezin eskuzabalago hori,/ zure askatasunaren lurraldean bizi dena,/ eta, eskutik helduta,/ ezin amoroskiago eramango zaituena betiko bakera...». Oro har, baina, tonu hanpatutik urrundu eta soiltasunera jotzen du Irigoienek. Badaude, hasieran batez ere, umore ukitu nahiko mikatzak ere, eta hortxe dago, hain zuzen, liburuaren ahulgunea: hitz joko errazegi zenbaitek arinkeria itxura ematen du.

Gaurik minenak ere argi azken poema da, seguru asko, eder eta delikatuena. Bilobaren jostaketari, zaldi bat ikusitako bakoitzean tukuta-tukuta eginez, bizia dario. Paradisuan sentitzen da haurra, eta baita aitona ere hari begira, baina baikortasun bien artean zauri bat dago: inozentziaren eta onarpenaren arteko jauzia. Poema fina da, egokia liburua ixteko.

Gaixotasunaren ondotik argia ikusi ondoren sortu du Irigoienek poemategia —begira liburuaren azalari—, bere eta besteen gaitzaren bideratzaile: bere txikian, minari eskainitako kronika poetiko hunkigarria da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iñaki Uriarte arkitektoa. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

HANDITZEA TXIKIZIOA DELAKOAN

Iñigo Astiz

EAEko Ingurumen eta Hirigintza fiskalak tramiterako onartu du Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektua geldiarazteko eskaria. Iñaki Uriarte arkitektoa buru, herri mugimendu batek salatu du ustezko irregulartasun eta lege hauste «multzo bat» egon dela Norman Fosterren proposamenean eta hura onartzeko prozesuan.
Aldoux Huxley, 1930ean. ©DOROTHY WILDING / LONDRESKO NATIONAL PORTRAIT GALLERY

Hilketa politikoa: teorian eta praktikan

Gorka Arrese

Aldous Huxleyren 'Bai mundu berria' euskaraz argitaratu zela 50 urte dira. Beste bat da, ordea, idazle ingelesaren nobelarik konplexuena eta anbizio handikoena: 'Point Counter Point', intriga paraleloekin eta argumentuen kontrapuntuaz.

Gerlaren gizalegea

Irati Majuelo

Idazlea: Slavenka Drakulic. Itzultzailea: Amaia Apalauza. Argitaletxea: Txalaparta.

Ezohiko atsegina

Imanol Mercero

Idazlea eta ilustratzailea: Adrien Albert. Itzultzailea: Bego Montorio. Argitaletxea: Astiberri.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.