Noiz sortua: 2015-12-20 00:30:00

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Finala

Adarren ordez, txapela

Beñat Gaztelumendik jantzi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapela. Alaia Martinekin buruz burukoa jokatu eta gero.

Lehen zatiko kartzelan atera dio aldea Gaztelumendik Martini
<b>OIhana Iguaran, Unai Agirre eta Beñat Gaztelumendi txapelduna, finala bukatu berritan.</b>
OIhana Iguaran, Unai Agirre eta Beñat Gaztelumendi txapelduna, finala bukatu berritan. JON URBE

Beñat Zamalloa Akizu -

2015eko abenduak 20
Ez zela duela zortziko txahal hura kantatu zuen hasierako agurrean. Azken txapelketatan igarri izan zaio aldaketa, eta birritan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapeldunorde izan ondoren, hirugarrenean lortu du txapela. Atzo, Donostiako Illunben jokatu zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean, txapela jantzi zuen Beñat Gaztelumendik.

Saria banatzeko orduan, bere garaian plaza ukatu zioten Inaxi Etxabek jantzi zion txapela. «Nik opa dizut horrei begira / ta horrekin gozatzea», kantatu zion Etxabek. Gaztelumendik honela kantatu zuen txapeldunaren agurra.

Txapeldunaren agurra:

Milesker Iker Alustizari

Esoain ta Sukiari;

Eizagirretar bixkiei eta

Hernaniko kuadrillari;

ume beldurti hau jartzearren

erratz batetik kantari.

Zuek bezela bertso-eskoletan

ari da jende ugari.

Konpromisoa eta jolasa

hitza direnez gauza bi

bertso-eskolaz bertso-eskola

belaunaldiz belaunaldi

hau zuentzat da zeratelako

ahots ematen ari

isilik egon behar zuela

esaten ziotenari.

Gaztelumendi eta Martinen ondotik hurrenez hurren, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Unai Agirre, Oihana Iguaran, Jon Maia eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa sailkatu ziren. Hasieratik nabari zitzaien lehen bi sailkatuei distira berezi bat bertsotarako orduan: oso zertzelada finez aritu ziren biak ala biak, eta Martin bereziki bertsoaldiak deitalez deitale osatzen. Hasieratik nabari ziren aurretik Alaia Martin eta txapeldun izango zena, eta lehen zatiko kartzelan atera zion aldea lehenak bigarrenari. Laburuk ere ofizoetan lan ona egin zuen, gorabeheratsu jardun arren, eta ordura arte bera zen Gaztelumendirekin batera buruz burukorako sailkatua. Gainontzekoek plazari begira utzi zituzten barrerako zirelako ala sakontasunarengatik 7.200 entzuleen erantzun beroa lortu zuten bertsoaldirik. Dena den, ez zuten euren txapelketetako egunik bikainena izan.

Lehen zatiko kartzelan nabaritu zen lehen bi sailkatuen eta gainontzekoen arteko aldea argien. «Kalean pasatzen ikusi duzu eskuetan opari bat daramala. Irribarrez doa», jarri zien gaia Saroi Jauregi aurkezleak lehen zatiko kartzelan zortziek kanta zezaten. «Paper gorritan kaja haundi bat / hartuta zoaz galako. / Garai batean, neri eginak / zera hamaika halako. / Oparitako papera zer da? / Edertasun baten marko. /Beste espaloian nago begira / ta hala segi beharko. / Irribarretsu ikusten zaitut / badezu asmo on franko / gabon garaian maite direnak / hartzen direnez aintzako. / Nere ondotik jausiko ziren / emoziozko bi malko / baina tamalez ondotxo dakit / hori ez dela neretzako». Martinen lehen bertsoa ideiatan nahiko paretsua izan zen harrigarriki. Opariaren eta harremanaren metafora egin zuen bigarren bertsoan Gaztelumendik: «Ustekabean elkartu ginen / ta bikote bat eratu / baina papera kendu genion / ta ez zen ezer geratu».

Martinek ariketa berean honela osatuko zuen bigarren bertsoa: «Kaxa gorri txiki bat da / lazo urdinez galako / galdetu gabe badakit / hori ez dela niretzako. / Ea nork ken diezadaken / bizkar erditik labana / pentsatu dut: 'Ai, ikusi / ote nau berak, ai ama!' / Joan ta geratu zait / jaso gabearen zama / lantokirantz noa, baina / hau liseritzen dut lana. / Garai batean, guztia / izan gendun erdibana / ta orain nirea ez den / oparitxo bat darama». Buruz buruko kartzelako gaia ez zen hain egokia izan saioaren tonurako.

Labururen ofizioetan ekarritako umorearen erakusgarri izan zen zortziko txikian Maiarekin egin zuen ofizioa: «Bikotea zarete. Laburuk bart hotza pasatu duela eta poltsa beroarekin eta galtzerdi lodiak jantzita sartu da ohean Maiaren alboan». Era honetara bukatu zuen ariketa Laburuk:

Agin Laburu:

Nahiz errita egiten

beti zeran maisu

zugan pentsatuz ere

ibili natzaizu.

Kantzontzilo berriyak

erosita, aizu

artilezkuak dira

kajoian dauzkazu.

Tolosan eginiko saioaren ondotik, faborito zen Agirrek laugarren egin zuen, eta Laburuk bezala, ohi bezala, ofiziotan ekarri zuen bere onena, nahiz eta Tolosako argitasunez ez jardun. Zortziko txikian hau izan zuten gaia Gaztelumendi eta Agirrek: «Mendi lasterkariak zarete. Zu, Unai, afizioz; eta zu, Beñat, ofizioz. Azkenaldian Unai Beñatek baino emaitza hobeak lortzen dituzu». Agirrek hala hasi zuen ofizioa:

Unai Agirre:

Mendiyan hartzen degu

eundoko tratua

dana irabazteko

Beñat tematua.

Beti nik sartzen dizut

ordia, tantua.

Beñat zu zaude gaizki

alimentatua.

«Plakua nago, baina / ni aurpegi alaiz / hornitua Isostar / eta elikagaiz. / Nahiz ta nere aurretik / egiten dezun maiz /animatu zaitezen /propiyo ari naiz, erantzun zion txapeldun izango zen Gaztelumendik ariketa horretan Agirreri.

Albiste gehiago

Apirilaren 2an eguneratua, 13:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 10.022 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 555 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 2.459 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Gizon bat, Zagreben. ©ANTONIO BAT / EFE

Sakelakoen kokapena jasoko du Madrilek

Berria

Telefonica, Orange eta Vodafone konpainiek euren sareak erabiltzen dituzten sakelakoak non dauden kontrolatuko dute, eta informazioa Madrilgo Gobernuari emango diote. Koronabirusaren aurkako borrokan, populazioaren inguruko mugimenduei buruzko datuak biltzea da asmoa, Madrilen arabera, eta gaineratu duenez, ikerketak ez ditu “gizabanakoen mugimenduak atzemango”, baizik eta datu “anonimoak eta multzoka”.

Donostiako ospitaleko langile batzuk, mobilizazio batean ©Jon Urbe (Foku)

Osasuna bermatzen ez duten enpresak, fiskaltzara

Jokin Sagarzazu

LABek langileen kexak igorriko dizkio, zigor instrukzioko prozesuak ireki ditzan eskatzeko. Ohartarazi du oinarrizko zerbitzu batzuetan «kolapso egoeran» daudela. Materiala bermatzeko eskatu dio ELAk EAEko Auzitegi Nagusiari.

Murga, Urkullu eta Beltran de Heredia, diputazio iraunkorrean telematikoki azalpenak ematen. ©/ Irekia

Urkulluk esan du «neurri zorrotzak» hartu dituztela; oposizioak, berriz, «gardentasun falta» salatu du

Irati Urdalleta Lete

Iñigo Urkullu lehendakariak azalpenak eman ditu Eusko Legebiltzarreko diputazio iraunkorreko bilkuran, EH Bilduk hala eskatuta

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna