Besteak, berea kontatzeko

Saul Bellow idazlearen jaiotzaren mendeurrena da gaur. Philip Rothen ustez, XX. mendeko AEBetako literaturaren bizkarrezurra izan zen, William Faulknerrekin batera.
Saul Bellow, 1984an Caprin (Italia). Europara bidaiatzea maite zuen.
Saul Bellow, 1984an Caprin (Italia). Europara bidaiatzea maite zuen. MARISA RASTELLINI

Igor Susaeta -

2015eko ekainak 10

Nobela berri bat kaleratzen zuen bakoitzean, Saul Bellowk (1915-2005) bizi zen tokitik urrun alde egiteko tentazioa izaten zuen. Bazekien-eta emazte eta amorante ohiek, lagunek eta baita ezagun hutsek ere idatziko ziotela kontu eske, haien bizitzak fikzioan disimulurik gabe birsortzeagatik. Emazte ohi batek dirua ere eskatu zion behin, eleberri arrakastatsuenetako emakumezko pertsonaiak harengan inspiratuta zeudela iruditzen zitzaiolako.

Izan ere, Bellowk bere obretako protagonista bilakatzen zituen inguruan zituenak; ia beti, gainera, zorrak kitatzeko intentzioarekin egiten zuen. Besteak, bere bizitza kontatzeko; antiheroi saldo bat nobelaz nobela, beraz, bere bizipenen narrazioa biltzeko. Haren jaiotzaren mendeurrena beteko da gaur.

Philip Roth idazle laudatuaren iritziz, XX. mendeko AEBetako literaturaren bizkarrezurra osatu zuten William Faulkenerrek eta Bellowk berak. Edonoren esku ez dauden hainbat sari jaso zituen, behintzat: Nobel saria 1976an, Pulitzerra urte berean, eta National Book Award (AEBetako sari nazionala) hirutan irabazi duen egile bakarra da, gainera.

Aitorpen entzutetsu horiek jaso arte ibili behar izan zuen bidean, traba asko saihestu zituen. Aurrenekoa, familiak berak jarritakoa. Errusiako immigrante judu batzuen semea izanik, bederatzi urte zituenean lekualdatu ziren Montrealdik (Kanada) Chicagora. Amak desiratzen zuena Saul errabino bihurtzea zen edo, bestela, biolin jotzaile. Depresio Handiaren garaia zen, eta nerabe hark beste intentzio batzuk zeuzkan. Konpultsiboki irakurtzen zituen Miguel de Cervantes, Franz Kafka eta Joseph Conrad, esaterako, eta, sos batzuk poltsikoratzeko edozein jarduni heltzen zion bitartean, amets egiten zuen ghettoko giro «itogarritik» ateratzearekin, eta literaturatik bizitzearekin.

Baina orduko elite intelektualak ez zituen ezkutatzen jarrera antisemitak. Bellowk pentsatzen zuen —eta pentsatu zuen beti—, judua izanagatik —ez zen sinestuna— oztopo gehiago jarriko zizkiotela; gehitu horri nahiko mesfidatia zela berez. «Baina hizkuntza bat luxuzko etxe espiritual bat da, eta horretatik inork ezin gaitu kaleratu», idatzi zuen Bellowk, Bernard Malamud idazle lagun judua hil zenean, 1986an.

Ordurako idatzita zeuzkan bere best seller-ak: The Adventures of Augie March (1953), Heldu orainari (1956) —Juan Mari Mendizabalek 1992an plazaratu zuen itzulpena—, Henderson The Rain King (1959), Herzog (1964), Mr. Sammler's Planet (1970) Humboldt's Gift (1975)... Eta baita To Jerusalem and Back memoria liburua ere (1976). Hor irakur daitezke egileak bizitzari eta munduari buruz zeuzkan iritzi barnekoenak.

Liburu horietako protagonistak dira Bellowren obra zutarritu duten antiheroiak: Augie March Chicagoko judua, gizartean toki bat egin nahi duena; Moses E. Herzog neurotikoa, irakasle, idazle eta senar gisa huts egin duena; eta Eugene Henderson dirudun tristea —Bellowk aitortu zuen hark zuela, hain zuzen ere, bere antz handiena—.

Bellow izan zen Chicagon toki bat aurkitu ezinda zebilen judua; irakasle hainbat unibertsitatetan, aita eta senar neurotikoa —bost aldiz ezkondu zen, eta bere buruaz esaten zuen serial marrier bat zela—, eta baita, neurri batean ere, dirudun atsekabetua. Beraz, egungo munduak, bere zama eta eraso guztiekin, pertsona nola zokoratzen duen, baina, aldi berean, nola saiatzen den, kosta ahala kosta, bere duintasuna mantentzen, horixe izan zen Bellowren leitmotiv nagusia haren lanetan. Eta hori literaturako hainbat tradizio nahastuz adierazten zuen, umorea eta ironia baliatuz, eta are pikareskara joz, tarteka.

Gogaitzen zuten gaiak zituen hizpide liburuan, Chicagoko ghettoan bizi izan zenetik obsesio bilakatu zitzaizkionak —New York baino arruntagoa iruditzen zitzaion, baina pentsatzen zuen estatubatuarragoa zela, aproposagoa adierazi nahi zuen horretarako—, baina lagun, idazle, amorante, kritikari —oso gaizki hartzen zituen kontrako iruzkinak—, jarratzaile eta besterekin urte luzez trukatu zituen eskutitzetan ere astintzen zituen barrenak. «Ziur sendatuko nauena liburu bat idaztea da», idatzi zion bati 1960an; «Ofizioak mantentzen nau neure onenean, eskerrak horri», beste bati, 1969an; eta hauxe Roth lagunari, 1981ean: «Aspaldi ohartu nintzen ez dagoela pentsatzen dudana zehatz- mehatz esatea oztopatuko didan ezer». Horregatik, hain justu, bazeuzkan adikideak bezala etsai dezente ere. 2010ean kaleratu zituzten haren gutun argitaragabeak. 1998an, artean bizirik zela, James Atlasek idazlearen biografia osatu zuen. Eta biografia berri baten lehen liburukia kaleratu berri du Zachary Leaderrek: The Life of Saul Bellow: To Fame and Fortune. Orain ere besteek kontatu dute haren bizitza.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Iruñeko alde zaharreko terraza bat, hutsik. ©JESUS DIGES / EFE

Nafarroa itxi egin dute

Joxerra Senar

Bihar gauerditik ezingo da ez sartu eta ez irten, funtsezko arrazoiengatik ez bada. Ostalaritzak ateak itxiko ditu, eta jarduera oro 21:00etarako amaitu beharko da

PCR probak egiten, Ordizian, uztailaren hasieran izandako agerraldian. ©Juan Herrero / Efe

Jaurlaritzak ez du beharrezko ikusten herriak ixtea

Irati Urdalleta Lete

«Transmisio handia» dagoela aitortu du, baina ez du itxierarik egingo. Baheketak egingo dituzte Ordizian eta Durangon

Nafarroako erietxeko oheak garbitzen, iragan apirilean. ©Iñigo Uriz / Foku

«Berriz hura bada?»

Arantxa Iraola

Nafarroako Ospitale Guneko hiru solairu daude COVID-19a dutenez beteta. Langileek diote oraingoan lana «progresiboki» ugaritu dela

Jendea maskarak jantzita Alemanian. ©RONALD WITTEK / EFE

40 milioi lagunetik gora kutsatu ditu COVID-19ak munduan

Maria Ortega Zubiate

Mundu osoko kasuen erdiak baino gehiago AEBetan, Brasilen eta Indian zenbatu dira. Europan eta Amerikan izan du gorakadarik handiena pandemiaren bigarren olatuak

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna