Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Jonan Fernandez, izendapenaren faltan

Publizitatea

Politika

Jonan Fernandez, izendapenaren faltan

 

2017-01-11 / E. E.

Jaurlaritzak atzo ere jakinarazi zituen gobernuko sail batzuetako arduradunen izendapenak, baina Bake eta Bizikidetzakoa oraindik iragarri gabe dago. Dena dela, Jonan Fernandezek segituko du aurrerantzean ere sail horretako idazkari nagusi gisa. Izendapen ofiziala baino ez da falta.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak duela hilabete pasatxo Deia egunkariari emandako elkarrizketa batean aurreratu zuen taldean Fernandezekin jarraitzeko asmoa duela. «Konfiantza erabatekoa da», zioen. Hain zuzen, Lehendakaritzaren egituretako bat da Bake eta Bizikidetza. Urkulluk berak sortu zuen, duela lau urte, aurreko legealdiaren hasieran.

EAJren eta PSE-EEren 2016-2020ko gobernu itunean Elkarbitza eta Giza eskubideak ataleko konpromisoetako aurreneko puntuan ETAren «indarkeriaren amaiera ordenatua» ageri da. Jonan Fernandezen ohiko aldarrikapen bat da. PSEk EAEko hauteskunde programan ez zuen halako aipamenik egin; EAJk bai, eta garrantzia ematen dio PSEk akordiorako onartu izanari.

Nahiz eta oraindik ofizialki Bake eta Bizikidetza Saileko buru izendatzeke dagoen, Fernandez bihar Urkullurekin batera Erroman izango da, Jaurlaritzak Sant Egidioko komunitatearekin harremanak estutu eta horrek iheslariei dagokienez daukan proiektua ezagutzeko. Biktima eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando ere izango da Jaurlaritzako ordezkaritza taldean.

Alkorta, Euskara zuzendari

Jaurlaritzako gobernu kontseiluak erabaki du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean Euskara Sustatzeko zuzendaritzan Estibaliz Alkorta izendatzea arduradun, Jokin Azkueren partez, eta HABEn Azkue bera jartzea zuzendari, Joseba Erkiziaren ordez.

Beste bi izendapenen berri ere eman du. Etxebizitza arloko zuzendari, Pablo Garcia, Ignacio Basañezen partez; eta Osasuna sailean, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari, Miren Nekane Murga.
 

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea