Kataluniako erreferenduma

Herritarren laguntza eskatu du Artur Masek bermea ordaintzeko

5,2 milioi euroko isuna ordaintzeko, hamabost eguneko epea dauka Generalitateko presidente ohiak, A-9ko galdeketa antolatzeagatik

Amagoia Mujika Tolaretxipi - Berriemaile berezia

2017ko irailak 26
Madrilgo Kontu Auzitegian zegoen beste hitzordu garrantzitsu bat atzo: Artur Mas Generalitateko presidente ohiak hamabost eguneko epea du atzotik 5,2 milioi euroko fidantza aurkezteko, 2014ko erreferenduma antolatzeagatik, eta Francesc Homs presidentetzarako kontseilari ohiak, Irene Rigau Hezkuntza kontseilari ohiak, eta Joana Ortega presidenteorde ohiak «modu solidarioan eta zuzenean» erantzungo dute kontuetan egondako ustezko irregulartasunengatik. Diru hori eman ezean, ondasun pertsonalak bahituko dizkiote.

Kataluniako agintari ohiak ez ziren Madrilera joan. Beren abokatuek eta Kataluniako Gizarte Zibila erakundeko ordezkariek bideratu zuten prozedura. Masek gertatutakoari Bartzelonatik erantzun zion: «Zuzenbide estatuaren abusua» iruditzen zaio erabakia, eta, uste du urriaren 1era begira jendea beldurtzeko ekintza dela. «Abisua eman dute: gauzak egiten badira pertsonalki ordainduko dira». Batasuna eskatu du egoeraren aurrean. «Gutxi batzuek eman genuen aurpegia A-9an; hura gabe zaila izango zen une hau bizi ahal izatea. Agerikoa da ez daukaguna eskatzen digutela. Baina ziur nago jendeak bat egingo duela». Jende askoren ekintza proposatu du, askok ekarpen txikia egin dezaten. Uste du jendeak dirua jartzen badu, orain aurpegia ematen ari direnak babestuta sentituko direla.

Baina dagoeneko hainbat alderdik eta mugimenduk aurreratu dute ez dituztela bakarrik utziko. ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente Jordi Sanchezen ustez, Madrilek bultzatzen dituen ekintzak «oso larriak» dira. «A-9agatik ordaindu beharreko 5.251.948 euroko fiantzak nabarmen uzten du bizirik iraungo dugula irabazten badugu». Erresistentzia edota elkartasun kutxetarako kontu zenbakien berri ere eman du Sanchezek, isunak ordaintzen laguntzeko.

Besteak beste leporatu diote webgune instituzional bat erregistratzea, bozketarako materiala eta garraioa bideratzea, azaroaren 9rako ordenagailuak erostea, kanpaina diseinatzea eta boluntarioentzat aseguru bat kontratatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna