Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Giroa, kuadrillen esku

Publizitatea

Bizigiro

Festak Amurrion

Giroa, kuadrillen esku

Suziria lehertu ondoren, Iguarrakoaren jaitsierak iragarriko du gaur Amurrioko jaien hasiera. Kuadrillek goizean goizetik girotuko dituzte herriko kaleak, eta kalejiran igoko dira udaletxe parera. Etzi, berriz, kuadrillen eguna ospatuko dute
1990ean sortu zuten Iguarrakoa, eta, hala, Amurrioko jaietako maskota bilakatu zen. Hura jaistearekin batera hasiko dira jaiak.
1990ean sortu zuten Iguarrakoa, eta, hala, Amurrioko jaietako maskota bilakatu zen. Hura jaistearekin batera hasiko dira jaiak. RAUL BOGAJO / ARP

2017-08-12 / Julen Aperribai

Azken egunetako itxaronaldiari eta urduritasunei amaiera emango diete, gaur arratsaldean, Amurrion (Araba). 19:00etan izango da zehazki, txupinazoak jaien hasiera iragartzen duenean. Iragarpena modu berezian biziko dute, beste behin ere, herriko jaiei kolore berezia ematen dioten kuadrilletako kideek.

Sei izango dira aurten jaietan parte hartuko duten kuadrillak: Euskotarrak, Dantza lagunak, Trot-Art, El Boli, Herriarenak eta Txabolakoak. Horietako bakoitzak gainontzekoen aurrean aurkeztu beharko du bere burua, 12:30ean, Juan Urrutia plazan. Eguerdian motorrak berotu eta gero, 18:30ean Urrutia jauregiko landatik Juan Urrutia plazara elkarrekin igoko dira kuadrilla guztiak. Behin udaletxe parean direla, kuadrilletako ordezkarien aurkezpena egingo dute, eta, horrekin batera, bandak ere jantziko dizkiete.

Suziria zeruan lehertu eta gero hasiko da Iguarrakoaren jaitsiera. Aspaldidanik, Amurrioko jaietako maskota bihurtu da azal berdea eta mutur hori luzea dituen historiaurreko hegaztia. Trot-Art eta Euskotarrak kuadrilletako kideek egin zuten hegaztiaren hegaldiaren lehen irudikapena, 1990ean, eta, orduz geroztik, egitarauan mantendu dute. Iguarrakoa elkarrekin agurtuko dute kuadrilla guztiek, eta,horren ostean, kalejiran abiatuko dira. Kuadrilla bakoitzak bere zurrakapotea banatuko du, herriko leku desberdin batean. Horrela, zirkuitu moduko bat osatuko du kalejirak.

Ez da atzoko kontua kuadrillena; denboran atzera egin beharra dago, ohituraren jatorrira iristeko. 1966an Amurrioko kuadrillen arteko lehen lehiaketa antolatu zuen udalak, eta lau kuadrilla aurkeztu ziren. Adinagatik, urrun xamar geratu zaizkio garai horiek Gorka Berazari, baina, gaur egun, sorreran izan zen Euskotarrak kuadrillako kide da. Hasiera hartan, kuadrillekin bat egin zutenek buruan «jaiei buelta bat emateko asmoa» izango zutela uste du.

Kuadrillak, topagune

Jaien aitzakian elkartzen dira kuadrilletako kideak, salbuespenik ezean. Lagunarteko ohiko espazioak ez du zertan jaietako berbera izan, Berazak dioenez: «Kasu batzuk badira, zeinetan herriko kuadrilla oso batek parte hartzen duen jaietako kuadrilla batean, baina ez du zertan horrela izan; festetan elkartzen zaren jendea ez da beti zure inguru hurbilekoa izaten».

Hortaz, adin desberdintasunagatik edo inguru desberdinetan ibiltzeagatik, bestela elkar ezagutzea zaila izango luketenek horretarako modua topatzen dute, sarritan, kuadrilletan. Adin tarte askotako kideak izaten dituzte kuadrillek, Berazaren arabera, eta horrek errazten die ondorengoei lekukotza pasatzea. Haienean, behintzat, hala gertatu dela uste du: «Gure kuadrillan ari da erreleboa ematen, eta belaunaldi berriak hasiak dira parte hartzen». Kontziente da, hala ere, beste kuadrilla batzuetan errelebo aldaketa emateko zailtasunak izan badirela. «Herrian zabaldu da geroz eta parte hartzaile gutxiago ditugula kuadrillok, eta horrek ere badu egiatik. Hori ikusita, zerbait egin beharra dugu jendea animatu dadin. Jai hauek kuadrillarik gabe ez baitira benetako jaiak izango».

Dena den, hori gertatuko den arriskurik ez du ikusten etorkizun hurbilean. Besteak beste, kuadrilla berri bat sortu delako aurten: Txabolakoak. 50 kidetik gora ditu; horietako gehienak gazteak, eta aurrez inongo kuadrilletan ibili gabeak. Nabarituko da haien presentzia aurtengo jaietan, Berazaren arabera.

Segida, haurren eskutik

Indartsu ekingo diote jaiei gaur, baina bestondoa arintzeko tarte handirik ez dute izango, ekitaldiz beterikoak izango baitira hurrengo egunak ere. Haurrak izango dira bihar protagonista. Udal parkea haur parke bihurtuko dute. Giza futbolina, itsas ludoteka eta puzgarriak izango dira, besteak beste. Horrez gain, haurrek haurtzaroaren fase bati amaiera eman ahalko diote, beren txupeteak alboratuta. Udaletxeko ate nagusian jasoko dira txupeteak, ondoren, abuztuaren 17an, Iguarrakoak berekin eraman ditzan. Haurrek soilik ez; «atzoko gazteek» ere izango dute lekua biharko egitarauan. Gaztetasuna berreskuratzeko esperantzaz, udal pilotalekuan bazkaria egingo dute, 14:00etan.

Etzi, berriz, kuadrillen eguna egingo dute, gaurkoarekin batera, kuadrillentzako egunik garrantzitsuena dena, Berazaren hitzetan. 11:00etan elkartuko dira bateko eta besteko kuadrillakideak herriko kioskoan, eta jai giroan ibiliko dira kalerik kale, trikiti doinuek lagunduta. 15:00etan, bazkaria egingo dute Matias Landaburuko kiroldegian. Muturra eta sabela berotuta dituztela, jolasak egingo dituzte bazkalostean. Gaua hurbiltzearekin batera, bestelako ekitaldiak nagusituko dira. Kale ikuskizunak, kontzertuak eta DJ saioa izango dira, besteak beste.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak