Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Poliziak erreferendumean gehiegizko indarra erabili zuela salatu du HRWek

Publizitatea

Mundua

Katalunia

Poliziak erreferendumean gehiegizko indarra erabili zuela salatu du HRWek

Human Rights Watchek gomendatu du nazioarteko erakundeek ikertzea Katalunian hilaren 1ean gertatutakoa. ANCk Kataluniako Gobernuari eskatu dio altxatzeko deklarazioaren suspentsioa

2017-10-13 / Mikel Rodriguez

HRW Human Rights Watch AEBetako gobernuz kanpoko erakundeak txosten bat argitaratu zuen atzo, Kataluniako hilaren 1eko erreferendumean Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak herritarren aurka erabilitako indarkeriari buruz. Ondorio argia atera du: «Poliziak gehiegizko indarra erabili zuen Katalunian». HRWek Girona hirian eta Aiguaviva eta Fonollosa herrietan egin du ikerketa, eta berretsi du «mehatxagarriak ez ziren manifestariak» kolpatu zituztela, eta «lesio anitz» eragin zituztela. Gobernuz kanpoko erakundeak Espainiako Gobernuari oroitarazi dio herritarren salaketak ikertzeko betebeharra duela, baina gomendatu dio ikerketa hori «nazioarteko erakunde independenteren baten» esku uztea, «agintari zentralek eta eskualdekoek duten jurisdikzio eztabaida konplexuarengatik».

HRWek urriaren 1ean bertan bidali zuen Kartik Raj ikerlaria Kataluniara. Rajek sare sozialetan jakinarazi zuen Poliziaren indarkeria pairatu zuten herritarren testigantzen bila ari zela. 29 biktima elkarrizketatu zituen, eta bertze 24 lekuko. Gironako, Fonollosako eta Bartzelonako udal agintariekin ere solas egin zuen. Espainiako Gobernuarekin harremanetan paratu zela dio txostenean, eta haren iritzia biltzen du paragrafo batean: polizia operazio «neurritsua, egokia eta proportzionala» izan zela, eta ez zela «herritarren edo haien ideien aurka» zuzendu.

Irudiak ere ikertu dituela erran du HRWek; bai sare sozialetan eta hedabideetan argitaratu zirenak, bai biktimek erakutsitakoak. Gobernuz kanpoko erakundeak dio irudi horiek «egiaztatu» egiten dutela biktimek eta lekukoek errandakoa. Elkarrizketatu dituen artean aipatu du poliziek Girona hiriko bozkaleku batean kolpatu zuten mosso bat —lanorduz kanpo zegoen—. HRWek dio «kasu batzuetan» poliziei indarrarekin «erantzun» zietela, baina zehaztu du «nagusiki» manifestari baketsuek aurre egin zietela. «Poliziak agian legea alde izanen du auzitegi baten agindua betetzeko, baina ez dio eskubidea ematen indarkeria erabiltzeko manifestari baketsuen aurka».

HRWek biktimei erran die «etxeko konponbideak ez badira egokiak edo emaitzak ez baditu gogobetetzen», Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo dezaketela. Gertakarien ikerketa bat egin dezaketen erakundeen artean aipatu ditu Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Goi Mandataria eta Europako Kontseilua. Nils Muiznieks Europako Kontseiluko giza eskubideetarako komisarioak duela lau egun eskatu zion Espainiari ikerketa bat hasteko.

Eztabaida Europan

Hain zuzen, Europako Kontseiluko Parlamentuko Batzarrak (PACE) Kataluniako egoerari buruzko eztabaida bat egin zuen atzo, Andrej Hunko Alemaniako ordezkariaren eskariz. 47 estatutako 239 ordezkari ditu PACEk, eta hamabi estatutako 24 ordezkarik hartu zuten hitza eztabaidan. Saioaren ondoren batzarrak ez zuen ez bozketarik, ez adierazpenik egin. Espainiako popularren eta sozialisten ordezkariek Kataluniako Gobernuari egotzi zioten krisiaren ardura. Manuel Tornare Suitzako sozialistaren arabera, «Madrilek ikuspegi erlijioso bat mantendu du konstituzioarekin, ia teologikoa». Turkiako, Serbiako eta Azerbaijango ordezkariek defendatu zuten «Espainiaren barne arazo bat» dela, eta ez dela beharrezkoa nazioarteko bitartekaritzarik.

Bitartekaritza horren esperantzan eta elkarrizketarako deia eginez eten zuen independentzia deklarazioa Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak. Espainiako Gobernuak astelehenera arteko ultimatuma emana dio argitzeko independentzia deklaratu ote zuen ala ez —autonomia bertan behera uzteko konstituzioko 155. artikuluaren lehenbizikoopausoa—. Alfonso Dastis Atzerri ministroak atzo ez zuen zalantzarik agertu. «Guretzat oraindik ez dute egin. Ez zuten parlamentuko osoko bilkuran egin, bertze areto batean egin zuten, eta batzuek bakarrik, oposizioari azaltzeko aukerarik eman gabe».

Atzo azken orduan Kataluniako hainbat hedabidek zabaldu zutenez, Espainiako Gobernuak emandako ezezkoaren ondotik, ANCko buru Jordi Sanchezek Kataluniako Gobernuari eskatu dio altxa dezala independentzia deklarazioaren suspentsioa.

Publizitatea

Sortu kontua
Mikel Rodriguez Mikel Rodriguez

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak